GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Marilyn Monroe hil zela 62 urte dira

Gaurko egunarekin hil zen, 1962an, Marilyn Monroe zinemako izar, sexu eta pop ikonoa, 36 urterekin. 1926ko ekainaren 1ean Los Angelesen jaioa, modelo bezala hasi zen lanean 19 urte zituela. Handik Hollywoodera egin zuen salto. ‘Gentlemen Prefer Blondes’ (1953), ‘How to Marry a Millionaire’ (1953) eta ‘The Seven Year Itch’ (1955) filmetan parte hartu zuen, besteren artean.

Marilyn Monroe. (WIKIPEDIA)

Jaiotzean Norma Jeane Mortenson zen, bataioan Norma Jeane Baker, eta ibilbide artistikoan, Marilyn Monroe. Bere amak, Gladys Monroe, RKO estudioetarako egiten zuen lan eta osasun mentaleko arazoak zituen. Ez zuen aita ezagutu, eta adopzio etxeetan eta umezurztegietan pasatu zuen haurtzaroaren parte handi bat.

12 urterekin, amaren aldetik ahizpa nagusi bat zuela jakin zuen, Berenice, eta gutunak idazten hasi ziren egun batean harremanetan jarri ziren arte. Norma hil zen arte, ordurako Marilyn Monroe izar handia bihurtua, ahizpek harreman estua izan zuten.

1940ko hamarkadaren amaieratik paper txiki askotan aritu zen Hollywoodeko 20th Century Fox ekoiztetxearekin. Gutxika, 1950eko hamarkadako zinema izar handiena bilakatu zen, komediarako sen eta erakargarritasunari esker.

Bere lehen protagonista papera 1952ko ‘Don't Bother to Knock’ filmean izan zuen, eta hurrengo urtetik aurrera lortu zuen bere ibilbideko osperik handiena, besteak beste ‘Gentlemen Prefer Blondes’ (1953), ‘How to Marry a Millionaire’ (1953) eta ‘The Seven Year Itch’ (1955) filmeetan parte hartu zuelarik.

Bere heriotzak, konspirazio teoriak pizteaz gain, mito bihurtu zuen Marilyn Monroe. AEBko justiziak aztertutako lehen hipotesiak suizidioa izan zela zioen arren, ezin izan zen inoiz baieztatu.