07 AOûT 2024 Hiru mila izen emate baino gehiago ditu bularreko minbiziaren aurkako Bilboko lasterketak Hiru mila lagunek baino gehiagok eman dute izena urriaren 6an Bilbon izango den bularreko minbiziaren aurkako lasterketan. Elkartasun ekimenean bilduko duten dirua Zamudioko CIC BioGUNE zentroan hasitako ikerketa proiektura bideratuko da. Azken hamar urtetan, 481.061 eurorekin babestu du aipatutako proiektua. Bularreko minbiziaren aurkako Bilboko lasterketaren azken edizioa. (Aritz LOIOLA) GAUR8 Hiru mila lagunek baino gehiagok eman dute izena urriaren 6an Bilbon egingo den Bularreko Minbiziaren aurkako elkartasun lasterketan. Guztira, 10.000 kamiseta jarri dira salgai hitzorduari begira.Urtero bezala, Bilbon olatu arrosa eragiten duen hitzordu hau Acambi Bizkaiko Ginekologiako eta Bularreko Minbiziaren Elkarteak eta Urtzi Gimnasioak antolatzen dute.Lasterketa urriaren 6an izango da, igandea, goizeko hamaiketatik aurrera, Bilboko Guggenheim Museoaren zabalgunean. Izen ematea bederatzi eurokoa da, eta parte hartzaileak kamiseta, dortsala, hornidura eta asegurua jasotzeko eskubidea jasoko du. Kamiseten salmentaren bidez Acambik bularreko minbiziaren aurkako borrokan laguntzen du eta, urtero bezala, lasterketan bildutako diru guztia Zamudioko CIC BioGUNE zentroan hasitako ikerketa proiektua babesten jarraitzeko izango da. 2014. urteaz geroztik, Acambik 481.061 eurorekin babestu du ikerlan hori.Lasterketan parte hartzeko, herritarrek izena eman dezakete www.acambi.es elkartearen webgunean, 667885494 telefonora deituz edo elkartearen egoitzara hurbilduz (General Egia 33, lehenengo C, Bilbo).