13 AOûT 2024 Gaur X urte Duela 110 urte jaio zen Luis Mariano euskal tenorra 1914ko abuztuaren 13an jaio zen Luis Mariano Eusebio Gonzalez Garcia Irungo tenorea, gaur 110 urte. 1936tik frantziar Estatuan erbesteratua, Luis Marianok ez zuen inoiz ahaztu bere euskal jatorria. Luis Marianoren hilarria, Arrangoitzeko hilerrian. (Patxi BELTZAIZ) GAUR8 Luis Mariano Eusebio Gonzalez Garcia, Luis Mariano izenez ezaguna zen euskal tenorea jaio zen gaur 110 urte. Gerra nagusi zen aroan sortu zen Irunen, 1914ko abuztuaren 13an, hilabete bat lehenago Lehen Mundu Gerra hasia baitzen, eta bizitzan zehar, gerra horretaz gain, Hego Euskal Herria horren bortizki kolpatu zuen 1936ko gerra eta Bigarren Mundu Gerra ezagutu zituen. Ezagutu eta baita ondorio latzak pairatu ere. Irungo Aduana kalean sortu zen eta Irunen eman zuen bere bizitza lehen hogeita bi urteetan. Hamalau urterekin Irungo Atsegina abesbatzan hasi zen kantatzen; hemezortzirekin Donostiako Orfeoian hasi zen kantari. 1936ko abuztuaren 26an, faxistek Irun bonbardatu zuten eta Luis Marianoren familia Bidasoa gaineko zubiak zeharkatu eta Hendaiara pasatu ziren. Erbesteko lehen urteetan Gonzalez Garcia familia Baionan bizi izan zen. Eta bertan aritu zen Mariano gaztea, zenbait musikari errefuxiaturekin batera, jatetxe eta kafetegietan kantatzen zuen orkestra txiki batean. Baionatik Gonzalez familia Bordelera aldatu zen. Luis Mariano bertako eskola batean sartu zen kantu eta musikarekiko zaletasun handia erakutsiz. Hori dela eta, Bordeleko Kontserbatorioan onartu zuten. 1937an, Euzko Jaurlaritzak Eresoinka taldea sortu zuen Saran, euskal musikaren eta dantzaren bidez, Euskal Herriaren aldeko propaganda egiteko Europa osoan zehar. Luis Mariano hor ibili zen, beste euskaldunekin batera, abentura eder eta militante horretan. Eresoinka desegin zelarik, Bordelera itzuli zen. Hainbat operetatan aritu ondoren, lehen arrakasta handia 1945eko abenduaren 24an atzeman zuen, ‘La Bella de Cadiz’ izenekoarekin. 1946 eta 1958 urteren artean hamabost opereta musikal eta filmetan parte hartu zuen. Hirurogeiko hamarkadaren hasieran telebistara deitu zuten arrakasta handia erdietsi zuelarik. Luis Marianoren euskaltasuna Bizitzaren bideek Luis Mariano ospetsua egin zuten mundu osoan, espainolez eta frantsesez kantatzen, gehien bat; baina Luis Marianok inoiz ez zion bere euskalduntasunari uko egin. Berarengana laguntza eske jotzen zuten euskal errefuxiatuak lagundu zituen, bere konpainietan langile moduan sartuz, nahiz eta horretarako, frantses sindikatuekin borrokatu behar izan bazuen ere. 1968an disko bat plazaratu zuen, oso-osorik Euskal Herriari eskainia. Azalean, Arrangoitzeko bere etxea azaltzen zen, eta izenburua euskal ikurrinaren koloreez idatzirik zegoen. Diskoaren barneko orrietan eskaintza gogoragarria idatzi zuen: «Disko hau munduko euskaldun guztiei eskaintzen diet, eta bereziki, bizi naizen herriko auzapeza den euskal bihotz handiko Arrangoitzeko markesari. Herri horretan hartuko dut egun batean, betiko atsedena». Diskoan baziren bi kantu euskaraz: ‘Haurtxo txikia’ eta ‘Ezin ahaztuz’.