19 AOûT 2024 Zeladoreentzako gida argitaratu du Nafarroako Gobernuak, pazienteei arreta euskaraz emateko Osasunbidea Nafarroako Osasun zerbitzuak zeladoreei zuzendutako gida argitaratu berri du, arreta euskaraz ematen errazteko. Medikuntzarekin lotutako hiztegia eta oinarrizko esamoldeak biltzen ditu, eta mugikorrerako bertsioa ere badu. ‘Zeladoreak Euskaraz’ gida argitaratu du Osasunbideak. (Nafarroako Gobernua) GAUR8 Nafarroako Gobernuak ohiko esaldiak eta osasun hiztegia biltzen dituen gida argitaratu du, Osasunbideko zeladore lanak egiten dituzten profesionalei zuzenduta. Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuak Euskarabidearekin Euskararen Nafar Institutuarekin lankidetzan argitaratu du lana, Hizkuntza Planaren esparruan. Azaldutakoaren arabera, orientazio gida bat da, «Nafarroako herritarrei euskaraz zein gaztelaniaz ematen zaien arreta hobetzeko». Gidaliburuan, «pazienteen, senideen eta osasun langileen artean zentroetan gertatzen diren ohiko elkarreraginak jasotzen dira, hala nola ospitaleratu aurreko elkarrizketak, ospitaleratzean edo pazienteak mugitzerakoan» «Medikuntza eta osasun kontzeptuen hiztegi terminologiko oso bat ere badu. Gehienak euskarazko oinarrizko esamoldeak eta hiztegiak dira, eta, beraz, ez da beharrezkoa aldez aurretik hizkuntza hori jakitea erabili ahal izateko», azaldu dute ohar batean. Zehaztu dutenez, «gaur egun, euskaraz jakinda ere, askotan gaztelaniaz artatzen da paziente euskalduna». Horren atzean, egoera ezberdinak egon daitezkeela aipatu du Exekutiboak: osasun hiztegia ez ezagutzea, euskaraz hitz egiteko orduan segurtasunik ez izatea edo erratzeko beldurra izatea, ohiturarik eza edo lotsa izatea. Egoera horien aurrean, eskuliburuak «langileei laguntzeko tresna izan nahi du». Lehen mailako arretako profesionalentzako eta erizainentzako argitaratutako giden jarraipena da hau, eta mugikorrerako bertsioa ere badu, «erabilera errazteko».