25 AOûT 2024 Gaur X urte Gaur 12 urte hil zen Neil Armstrong, Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia Gaur 12 urte hil zen Neil Armstrong astronauta estatubatuarra Apollo 11 misioaren komandantea izan zen, eta 1969ko uztailaren 21ean «gizadiarentzat aurrerapauso» handitzat jo zuen ekintza lortu zuen: Ilargian pausu batzuk ematea. Neil Armstrong, Eagle ontzian, Ilargira egindako lehen bidaia bukatu ondoren. (NASA) GAUR8 Neil Armstrong astronauta estatubatuarra 2012ko abuztuaren 25ean hil zen, 82 urte zituela, bihotzeko ebakuntza baten ondorioz. 1969ko uztailaren 20an ilargira iritsi zen lehen gizakia bihurtu zen, Apolo 11 misioaren komandante gisa, eta esaldi ospetsua egin zuen: «Urrats txiki bat gizakiarentzat, baina jauzi handi bat gizateriarentzat». 1930eko abuztuaren 5ean jaio zen Ohion. 15 urterekin abiazio eskolak hasi zituen eta 16 urterekin pilotu lizentzia zuen. 1962an NASAn sartu zen. Ilargira heltzea helburu zuen Apollo 11 misioaren tripulazioa Neil Armstrong (38 urte), ilargiratze-moduluaren pilotu Edwin E. Aldrin Jr., Buzz ezizenez ezaguna (39 urte) eta aginte-moduluaren pilotu Michael Collinsek (39 urte) osatzen zuten. Ontzien izendapena komandantearen esku egon zen, Armstrongen esku alegia. Berak Eagle (arranoa) izendatu zuen ilargiratze-modulua eta Columbia deitu zion aginte-moduluari. 1969ko uztailaren 21ean, Mare Tranquillitatisen hegoaldean Neil Armstrong komandantea satelitearen gainazala zapaltzen zuen lehenengo gizakia bilakatu zen. Ilargiratzetik sei ordu eta erdira gizakiak lehenengo urratsa eman zuen satelitean. Lorpen historiko honen irudiak planeta osora igorri ziren Parkes Behalekuko (Australia) instalazioetatik.