27 AOûT 2024 Gaur X urte Gaur 19 urte hil zen Belen Azpeitia korrikalari nekaezina Gaur 19 urte hil zen Belen Azpeitia Mendioroz, Donostiako urrezko korrikalaria. Belen Azpeitia, 101 zenbakidun dortsala jantzita. (ELGOIBARKO UDALA) GAUR8 Belen Azpeitia Mendioroz, krosean lau aldiz Estatu espainiarreko txapelduna, gaur duela 19 urte hil zen, 2005eko abuztuaren 27an, 52 urte zituela. Korrikalari donostiarrak mundu mailako sona hartu zuen, bai landan zehar, baita atletismoko pistan ere. Korrikalari gipuzkoar honek kroseko lau titulu irabazi zituen segidan 1972 eta 1975 artean: lehenengoa Bilbon, beste bi Donostian eta azkena Granollersen. 1971an Lasarte-Oriako Nazioen Krosean parte hartu zuen, eta hamabosgarren amaitu zuen lasterketa. Beranduago, Espainiako selekzioarekin hiru mundialetan parte hartu zuen, horietako lehena Waregem-en (Belgika), Carmen Valero, Pilar Sanmartin, Begoña Zuñiga, Montse Abello eta Consuelo Alonsorekin batera. 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuetan izan zuen. Hala ere, kirolaz kanpoko arrazoiek zapuztu zuten desio hori. Euskalduna eta emakumea zen eta, antza, Espainiako Atletismo Federazioari gustatu ez zitzaizkon zenbait gauza esan zituen elkarrizketa batean. Donostiako Nazioarteko Krosean oso emanaldi onak izan zituen, baina emaitzarik onenak Uliako Gimnastikako Krosean (Donostia) izan zituen, orotara sei garaipen lortuta. Pertsona maitatua zen Elgoibarren ere, bertako Mugertza Memorialean ere sei aldiz irabazi baitzuen. Gipuzkoako herri honetan Belen Azpeitia gogoratzeko totem bat jarri zuten maiatzean, korrikalaria 101 dortsala jantzita erakusten duen argazkiarekin.