GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 88 urte, Juana Josefa Goñi eta bere sei seme-alaba Legarreako leizera jaurti zituzten

Gaur 88 urte, Juana Josefa Goñi eta bere sei seme-alaba hil zituzten Gaztelutik gertu, eta Legarreako leizera jaurti. 2017an aurkitu zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak familiako kideen gorpuzkiak.

Sagardia Goñi familiaren kontrako sarraskia oroitzeko harria, Legarreako leizearen sarreran. (WIKIMEDIA)

Gaztelutik (Donamaria) bi kilometrora gertatu zen, Legarreako leizean. Gerraren urtea zen, eta aztoratuta zegoen giroa. Ez da ziurra, baina, antza, Juana Josefa Goñiri lapurreta txikiak egitea eta gizartean ez moldatzea leporatu zioten, eta heriotza ekarriko zion horrek. Ez soilik berari, baita bere zazpi seme-alabetatik seiri ere (16, 12, 9, 6, 3 eta 2 urtekoak).

Batzarreak pobretutako familia hau kondenatu zuen. Goñiren gizona, Pedro Sagardia, basoan lanean aritzetik itzuli zen andrea ikusteko, baina herrira sartzea ekidin zioten eta Guardia Zibilak atxilotu zuen.

Sagardiak zortzi gau egin zituen kalabozoetan eta, bitartean, bere familia etxetik kanporatu zuten, eta Gaztelutik bi kilometrora zegoen txabola batean gorde zen, mendian. Pedro Sagardiak ahalegin ugari egin zituen bere familia aurkitzeko, baita Errekete sartu ere, baina ezin.

Igande batez, mendiko txabola hartan, Juana Josefa Goñi eta sei seme-alaba hil zituzten, ustez, tiroz. Itxuraz, gorpuak Legarreako leizera eraman zituzten, 50 metroko sakonera duen zulora jaurtitzeko.

Sarraskitik 80 urte pasatu zirenean, 2017ko irailean, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek zazpi gorpuak aurkitu zituzten leize horretan, eta Juana Josefa Goñi eta bere seme-alabenak zirela egiaztatu zuten. Hamarkada luzez iraun zuen mito bat ezetsi zuten, halaber: esan izan da Goñi zazpi hilabeteko haurdun zegoela leizera jaurti zutenean, baina ez zen horrela.