31 AOûT 2024 Bakardadeak Eskolak astearteetan zabalduko ditu ateak Laudion Bakardadeak Eskolaren programazioa aste honetan abiatuko da Laudion, eta asteartero hainbat saio eskainiko ditu abenduaren 17ra arte. Telefono mugikorren erabileraren inguruko tailerra da lehen proposamena, eta zaintzak eta emozioen kudeaketa dira jorratuko dituen beste gaietako bi. Ekimena nahi ez den bakardadean dauden herritarrei zuenduta dago. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 Bakardadeak Eskolaren programazioa aste honetan bertan abiatuko da Laudion, Lezeaga Aretoan. Gune horretan izango dira saioak asteartero, bihar bertan (hilak 3) hasita eta abenduaren 17ra arte. Saio guztiak arratsaldeko ordutegian egingo dira, 17.00etatik 19.00etara. Duela bi urte abiatu zen ekimena udalerri arabarrean, gogoratu du Udalak, programak duen helburua nabarmenduz: «nahi ez den bakardadean dauden pertsonei baliabideak eskaintzea». «Ekimen honen bitartez bilatzen dena da ezagutza partekatzeko gune bat sortzea, topaketa eta esperientzien bidez komunitate bat eratzeko, bakardadearen inguruko mito eta beldurrak desmuntatuz», azaldu du Aitor Fernandez de Pinedo GIzarte Kohesioko zinegotziak. Ikasturte berriko programazioa bigarren eskuko objektuak erosten eta saltzen ikasteko mugikorren tailer batekin abiatuko da. Irailaren 10etik urriaren 29ra, biodantza ikastaroa da proposamena, eta azaroaren 5ean, zaintzaileen autozainketari buruzko osasun tailerra eskainiko du Bakardadeak Eskolak. Azaroan, filma baten proiekzioa izango dute, emozioei buruzko izenforuma eta psikologia eta kudeaketa emozionalari buruzko ikastaro bat hasiko da. Programa abenduaren 17an itxiko da ebaluazioarekin eta erabiltzaileen agurrarekin. Parte hartzeko, 94 403 48 50 telefono zenbakira deitu behar dute.