31 AOûT 2024 Gaur X urte Gaur 32 urte hil zen Kasilda Hernaez anarkista zizurkildarra Gaur 32 urte hil zen Kasilda Hernaez anarkista zizurkildarra, 1992ko abuztuaren 31an, Biarritzen. CNT sindikatuan sartuz geroztik, borroka anarkistara eman zuen bere bizia, baita 1936ko gerran ere. Kasilda Hernaez, miliziano anarkista. (WIKIMEDIA) GAUR8 Maria de la Soledad Casilda Hernaez Vargas, militante anarkofeminista eta antifaxista 1914ko apirilaren 9an jaio zen, Zizurkilgo Fraisoro umezurztegian, eta 78 urte beranduago hil zen, Biarritzen, 1992ko abuztuaren 31. Zehazki, gaur 32 urte. Miliziano ezizenez ezaguna zen, baina berak nahiago zuen bere burua konbatiente bezala aurkeztu. Ez zen familia izan politikan sartu zuena, berezko zuen sentimendu internazionalista baizik. Horrela, bere esanetan, «asko pentsatu gabe» sartu zen CNT sindikatu anarkistara, ezkutuan, emakumeek debekatuta baitzuten sindikatuetan parte hartzea. Bertan, Mujeres Libres taldea sortu zuten andrazko sindikalistek, besteak beste, abortuaren eta dibortzioaren alde borrokatzeko. Bere militantzia sindikalistaren baitan, birritan atxilotu zuten Kasilda. Lehenengo, kortxo fabrika bateko emakumeen greban. Eta, beranduago, 1934ko greban, Donostian, lehergailuekin atzeman zutenean. Saski batean eramaten zituen, eta grebalariei banatu. Horregatik, «saskiaren neska» izenez ezagutzen zuten Donostiako hiriburuan. Guadalupeko gotorlekuan preso egon zen, eta handik Alcala de Henaresa eraman zuten, harik eta 1936ko otsaileko hauteskundeen osteko amnistiarekin askatu zuten arte. 1936ko gerran aktiboki parte hartu zuen; batzuetan sukaldean, bestetan borrokan, armak hartuta, berak esaten zuen modura. San Martzialgo gotorlekutik eraso egin zien faxistei, baina hauek gotorlekua hartu zutenean, Aiako Harrietatik egin zuen ihes. Catalunyara joan zen eta, beranduago, Aragoiko frontetik segitu zion faxistei aurre egiten. Ez zen ihesalditik Euskal Herrira itzuli 1943ra arte. Biarritzen hartu zuen aterpe orduan, eta bertan hil zen, 1992ko abuztuaren 31an.