03 SEPT. 2024 Gaur X urte Andde Dubois laborari eta sindikalista duela hiru urte hil zen Gaur hiru urte bete dira Andde Dubois laborari eta sindikalista mendiondarra hil zenetik. 50 urte baino ez zituen eta euskal laborantzaren aldeko borrokara lotuta izateaz aparte, Ipar Euskal Herrian azkeneko hamarkadan izan diren herri ekimen anitzean parte hartu zuen. Andde Dubois eta Emile, artxiboko argazki batean. (NAIZ) Amaia Ereñaga 2021eko irailaren 3an zabaldu zen albisteak zirrara handia sortu zuen Ipar Euskal Herrian. Maite Ubiriari irakurri genionaren arabera, 50 urteko laborari eta sindikalistaren heriotzak samina eragin zuen baita garai hartan Arbonako lur sailean okupazioa burutu zuten laborariengan. Kolpe latza izan zen eta handik egun batzuetara ospatu behar zen Lurraren Besta beran behera uztea erabaki zuten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak. Emilie emaztearekin batera Mendionde-Lekornen gurasoen etxaldeari segida eman zion Andde Duboisek. Esneki ekoizlea laborarien borrokari lotu zen eta gazte sartu zen ELB sindikatuan. Esaterako, 2017an Arrangoitzen Danone enpresako buruak erosi zuen etxaldearen aurrean laborariek eginiko protestan parte hartu zuen. Horrez gain, prestutasun handia erakutsi zuen beste hainbat alorretan ere ekarpena egiteko orduan.Hala, Ipar Euskal Herrian azkeneko urteotan izan diren herri ekimen anitzera lotu zen. Batzuk soilik aipatzearren, ETAren armategia deuseztatzeko antolaturiko ekimenean parte hartu zuen 2017ko apirilaren 8an. Egun, bere alargunak eta Abenttin semeak jarraipena eman diote baserriari. Uhaldegaraia izeneko baserrian esnekiak ekoizten dituzte modu ekologikoan, Esnekiak izenpean. Hazparne eta inguruko hogei bat baserrik batzen duen Xixtroak taldearen partaideak dira era berean.