11 SEPT. 2024 Gantzei buruzko gida argitaratu du EHUk, mantenugai horien garrantzia azpimarratuz Urtetan zehar obesitatearekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin lotu badira ere, gantz guztiak ez dira berdinak, batzuen kontsumoak onura argiak baititu. UPV/EHUk informazio eguneratua ematen duen gida argitaratu du. Ezkerretik eskuinera, Laura Arellano, Alfredo Fernandez-Quintela, Maria Puy Portillo, Barbara Nieva eta Encarnacion Goicoechea ikertzaileak, irudian. (Nuria GONZALEZ | UPV/EHU) GAUR8 ‘Grasas y aceites de la dieta. Guía sobre aspectos nutricionales y tecnológicos’ izenburuko gida argitaratu du UPV/EHUk, gantzen inguruko informazio zehatza eta eguneratua emateko. Gaiaren inguruko azalpenean gogoratu du proteinekin eta karbohidratoekin batera gantzak «gure elikadurako mantenugaiak» direla eta egunero kontsumitu behar direla. Planteatzen dutenez, urtetan zehar obesitatea eta gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arrisku handiagoarekin lotu da gantzen kontsumoa, baina gantz eta olio guztiak ez dira berdinak, eta ez dituzte ondorio berdinak osasunean. Arrain urdinean dauden omega-3 gantzak aipatu dituzte adibide gisa, osasun kardiobaskularrean duten eragin postiboagatik. Era berean, gogoratu dute olioek eta gantzek propietate sentsorial eta teknologiko paregabeak ematen dizkietela elikagaiei, «hala nola zaporea, testura eta asetasun sentsazioa». Erantsi dutenez, «elikagaietan modu naturalean dauden beste osagai batzuekin alderatuta, gantzak dira patabilitate handiena ematen dutenak; hau da, elikagaia zaporetsua edo desiragarria izatea ahalbidetzen dute», eta askotan elikagai batzuk prestatzeko erabiltzen dira, adibidez frijitzeko. «Hori dela eta, sinesmen eta mito ezagunez harago, gure dietan dauden askotariko olio eta gatzen ezaugarri nutrizionalen gaineko ikuspegi zabala eman nahi du gidak, haien kontsumoari buruzko informazioa, alderdi teknologikoak, sukaldean erabiltzeko gomendioak eta etxean gordetzeko gomendioak», azaldu dute EHUtik.