GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Duela 120 urte sortu zen Aviron Bayonnais kirol elkartea

Gaurko egunez, duela 120 urte, sortu zuten Aviron Bayonnais kirol taldea. Hasieran arraun taldea bazen ere, gaur egun kirol asko hartzen ditu eta bereziki ezaguna da errugbi taldea, Euskal Herriko nagusia baita.

Pottoka maskota Biarritz Olympique taldearen aurkako norgehiagoka batean. (Guillaume Fauveau)

Aviron Bayonnais kirol elkartea 120. urteurrena ospatzen ari da gaur. Lapurdiko kirol taldea 1904ko irailaren 14an sortu zuten eta arraun taldea zen hasieran, hortik datorkio egun mantentzen duen izena. Bereziki ezaguna da errugbi taldea Euskal Herriko nagusia baita, Biarritz Olympiquekin batera. Halaber, frantziar Estatuko txapeldun handien artean dago. Pottoka dute maskota eta ereserkiak ‘Peña Baiona’ du izena. Urdina dute kolorea eta urdin argia eta zuria da uniformea.

Taldeak jokatu zuen lehen finala 1913an izan zen eta Sporting club universitaire de France taldeari gailendu zitzaion. Beste arrakasta ugari lortu ostean, beherakada izan zuen errugbi taldeak eta bigarren mailara jaitsi zen 1996an. Hala ere, 2003-2004 denboraldian frantziar Estatuko errugbiaren maila gorenera itzultzea lortu zuen. Klubaren egitura guztiz berritua zelarik eta lehen mailara itzulita, pozez ospatu zuten mendeurrena.

Ordutik Aviron talde erabat profesionala bilakatu da, sutsu borrokatzen dena horrenbeste kostata eskuratutako lehen maila mantentzeko. 2009ko abuztuaren 21ean Avironek Frantziako Top 14ko partida bat Estatutik kanpo antolatu zuen lehen aldiz. Baionan aritu ordez, Donostiako Anoetako zelaian neurtu zen Stade Français taldearen aurka 38-24 irabaziz.