22 SEPT. 2024 Gaur X urte Gaur 82 urte Rikardo Arregi kazetari andoaindarra jaio zen 1942ko irailaren 22an jaio zen Rikardo Arregi kazetari eta saiakeragilea Andoainen, gaurko egunez duela 82 urte. Besteak beste, Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan lagundu zuen eta Euskaltzaindiari euskaldunen alfabetatzea proposatu zion. Rikardo Arregi. (Aiurri | Wikimedia Commons) GAUR8 Rikardo Arregi kazetari eta saiakeragileak 82 urte beteko lituzke gaur. Filosofia ikasketak egin zituen eta, 26 urte zituela hil bazen ere, "Zeruko Argia" eta "Jakin" aldizkarietan idatzi zuen eta euskaldunen alfabetatzea proposatu zion Euskaltzaindiari. Andoainen jaioa, hamaika urterekin apaiztegira joan zen ikastera eta Donostiako eta Saturrarango seminarioetan egon zen. 1961ean argitaratu zuen bere lehen lanetako bat "Jakin" aldizkarian: ‘Balmes eta Kant, jakinduriaren hasieran’. Hurrengo urtean, 1962an, behinola Bilboko Unibertsitate Autonomoa zenera Ekonomia Zientziak ikastera joan zen, Sarrikon. Euskaltzale bezala egindakoaren artean, Joan Mari Torrealdairekin herriz herri joan zen alfabetatze hitzaldiak emateko. AEKren sorreraren aurrekariak izango ziren, 1965. urtean. 1964. urtean euskaltzain urgazle izendatua, 1966ko urtarrilean Euskaltzaindiari alfabetatze saila antola zezan proposatu zion. Euskaltzaindiak onartu eta hauxe izan zen aurrerantzean gorpuztu zen helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduaren hasiera. 1965an Europa izeneko antologia batean azaldu zen Arregiren "Politika estrukturak europar alkartasunean", eta urte horretan bertan irabazi zuen lehenengo aldiz eman zen "Lauaxeta" saria. 1969an hil zen, 27 urte bete aurretik, Euskaltzaindiak Bilbon deitutako bilera batera bidean auto istripu batean. Bere omenez eta euskarazko kazetaritza sustatzeko nahian, Andoaingo Udalak Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatzen ditu urtero 1988tik.