GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Duela urtebete isildu zen Felix Ayoren biolina

Felix Ayo Sestaoko biolinista gaur urtebete zendu zen, Erromako Mentanan, 90 urte zituela. 1949an, 16 urterekin, jo zuen lehenengoz Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta 30 alditan baino gehiagotan aritu zen, 2008an azken kontzertua eskaini zuen arte.

Felix Ayo, 2008an BOSekin eman zuen agur kontzertuan. (BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA)

Felix Ayoren biolina orain dela urtebete isildu zen, Erromako Mentanan. Sestaoarra Bilboko Kontserbatorioan hasi zen musikari bezala prestatzen eta 14 urterekin titulazioa lortu zuen, Biolin eta Ganbera Musikako Karrera Amaierako Lehen Sari Berezia jasota. 16 urte zituela, Ibañez de Betolaza lehiaketa irabazi zuen Bilbon, ikasketak hobetzeko beka batekin batera. Horri esker, Parisera, Sienara eta Erromara joan zen.

Bere ibilbidean, biolin bakarlaria, zuzendaria eta Erromako Santa Cecilia Akademiako hobekuntza ikastaroetako irakaslea izan zen; horrez gain, Kanadan, Australian, Danimarkan, Ameriketako Estatu Batuetan, Estatu espainolean, Italian, Alemanian eta Japonian eskola magistralak eman zituen eta munduko biolin lehiaketa garrantzitsuenetako batzuen epaimahaikide izan zen.

Felix Ayo i Musici talde ospetsuaren sortzaileetako bat ere izan zen, eta talde horretako lehen biolin bakarlaria izan zen 16 urtean. 1970ean Quartetto Beethoven di Roma taldea sortu zuen, munduko piano laukoterik onenetakoa.

«Harrotasunez esan dezakegu berarekin agertokia partekatzeko zortea izan dugula bakarlari gisa», adierazi zuen Bilbao Orkestra Sinfonikoak bere heriotzaren berri eman zuenean. «Bere grabazioak eta ikasleekin hamarkada luzeetan partekatutako ezagutzak gordeko ditugun arren, huts handia eta betirako aztarna utziko du gure orkestran», nabarmendu zuen.