GAUR8 - mila leiho zabalik

Sexu-heziketa egokiak autismoa duten pertsonengan duen garrantzia ondorioztatu du EHUren ikerlan batek

Vanesa Lancha EHUko ikertzaileak autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten pertsonen sexu-heziketa lantzearen garrantzia nabarmendu du. Uste faltsuak baztertzea, pertsona horien eskubideak defendatzea eta komunitatearen eta familien inplikazioa, nabarmendu dituen gakoetako batzuk dira.

Vanesa Lancha EHUko ikertzailea, irudian. (Jorge NAVARRO | UPV/EHU)

Estatu osoan autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten ikasleen errealitatea eta, bereziki, sexu-heziketari dagokion egoera aztertu duen Vanesa Lancha EHUko ikertzaileak funtsezkotzat jo du «hezkuntza komunitatearen, elkarteen eta familien inplikazioa», baita «hezkuntza araudia berrikustea» ere.

Sexualitatea garatzea AEN duten pertsonen erronketako bat izaten da, hainbat oztopo aurkitzen baitituzte. Lanchak azaldu duenez, ez dute sexu-heziketa egokirik jasotzen eta horrek ondorio kaltegarriak eragin ditzake «osasunean, ongizatean eta bizi-kalitatean».

Txikitatik sexu-heziketa osoa eta inklusiboa jasotzearen garrantzia azpimarratu du, eta planteatu du «desagerrarazi» egin behar ditugula «gizarte sineskeriak eta jarrerak». Dioenez, osasun edo jokabide arazo bat sortzen denean, prebentzioan oinarriturik heldu behar zaio gai horri, eta ez premiari erantzunez.

Ikertzaileak nabarmendu du «sexualitatea gizakiaren bizitzaren parte» dela, eta «haren garapena funtsezkoa» dela edozein pertsonarentzat, baina AEN duten lagunen kasuan, uste faltsuek ere eragina izaten dute.

Gabezia handiagoak DBHn

Horrekin lotuta, planteatu du Lanchak uste izan ohi dela «haurrak izaten jarraitzen dutela bizitza osoan, ez direla heldu bihurtzeko gai eta etengabe gainbegiratu behar direla haien ustezko kalteberatasunagatik; are gehiago, pentsatzen da ezin dutela eduki bikotekide egonkorrik eta ezin dutela izan familia bat seme-alabekin. Era berean, uste da sexu-heziketa goiz eskaintzeak sexu-desioak piztuko dizkietela, eta, beraz, hezkuntza hori ez dela beharrezkoa nerabezarora edo heldutasunera arte», zehaztu du.

Lancharen ikerlanak agerian utzi du zenbait gabezia eta arazo heziketari dagokionez, are nabarmenagoak direnak bigarren hezkuntzan «eta eragin-maila larriagoa duten pertsonengan».

EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko ikertzaileak hezkuntza araudia berrikustea eta aldatzea proposatu du AEN duten pertsonen «sexu eta ugalketa eskubideak eta sexu heziketa jasotzeko eskubidea defendatzeko, errespetatzeko eta babesteko».

Lancharen esanetan, protokolo argi bat ez izatea beste arazo handi bat da gai horietan esku hartzeko orduan. «Erreferentziak falta dira gai horiei heltzeko, profesionalek sexologian eta autismoaren espektroko nahasmenduan adituak izan behar baitute aldi berean», esan du adituak, «berariazko prestakuntza programak» diseinatzeko proposatuz, «ikasleen laguntzarekiko konfiantza areagotzeko, baita baliabide eguneratuak sortzeko ere, haien ezaugarrietara eta beharretara egokituta betiere».

«Sexualitatearekiko jarrera kaltegarriak desagerraraztea», hezkuntza komunitatean dagoen parte hartze urria aberastea eta erantzukizun partekaturik eza gainditzea kontuan hartu beharreko hiru gako dira Lancharen ustez.