GAUR8 - mila leiho zabalik

Negazionismoa izango dute hizpide, besteak beste, ‘Emakume zientzialarien argitan’ hitzaldi zikloan

Hiru saio iragarri ditu ‘Emakume zientzialarien argitan’ solasaldi zikloak urriaren 8tik aurrera. Laida Arbizu Agirre, Olatz Ortega Vidales eta Alaitz Etxaide Etxeberrria dira gonbidatuak, eta izenburuak berak biltzen ditu jorratuko dituzten gaiak: ‘Negazionismoa, herritar guztien zientzia eta ikerketaren ibilbideak’.

Emakume zientzialariei dedikatutako zikloa Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten ‘Emakume zientzialarien argitan’ solasaldi zikloak hiru saio eskainiko ditu Gipuzkoako hiriburuan, ‘Negazionismoa, herritar guztien zientzia eta ikerketaren ibilbideak’ izenburupean. Solasaldiak urriaren 8an, azaroaren 5ean eta abenduaren 10ean izango dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, egitasmoaren xedea da emakume zientzialariak ezagutzea, «zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu baitira, eta gaur egun ere nabarmena baita emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan».

Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da zikloan, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia komunikatzailearen eskutik: Laida Arbizu Agirre, Olatz Ortega Vidales eta Alaitz Etxabide Etxeberria.

Lehenengo saioa urriaren 8an izango da, eta Laida Arbizu Agirre filosofo ordiziarra izango da protagonista. Jarrera negazionistak aztertzen ari da bere doktoretzan, eta erabateko gaurkotasuna duen gai horretaz arituko da solasaldian: bizi ditugun garaiotan zer forma hartzen dituen, nola zabaltzen den eta hari nola aurre egin komentatzeko; alde batera utzi gabe gaur egun nagusitzen ari diren joera politikoetan ere islatzen direla negazionismoa eta konspirazionismoa.

Olatz Ortega Vidales biologo bilbotarra arituko da ondoren, azaroaren 5ean. Biologia ikasi ostean, Suediara joan zen LGTBIQ+ pertsonen eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen ahalduntzearen inguruan lan egitera, eta gerora, EHUko Ekotoxikologiako Erasmus Mundus masterra egin zuen.

Egun, lanean ari da zientzia demokratikoagoa eta inklusiboa izatea lortzeko, eta, besteak beste, Plentziako Itsas Estazioko ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ herritarren zientziako proiektu inklusiboaren ikertzaile taldeko kidea da.

Material berriztagarriak

Zikloaren hirugarren protagonista Alaitz Etxaide Etxeberria material berriztagarrien ingeniaritzako doktore lesakarra izango da, abenduaren 10ean. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan Industria Kimikaren Ingeniaritza Gradua eta Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra egin zituen, eta material berriztagarrien ingeniaritzako doktorea da.

Oso gaztea bada ere, ibilbide aberatsa izan du: nazioarteko hainbat unibertsitatetan izan ondoren, orain enpresa batean dihardu ikerketan. Hala, ondo ezagutzen ditu zer berdintasun eta zer diferentzia dauden unibertsitatean ikertzearen eta industrian ikertzearen artean. Bere ikuspegia emateaz gain, material berriztagarriek eskaintzen dituzten aukerak eta dituzten mugak ere azalduko ditu.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19.00etan, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcast-etan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira. Gainera, zientzia.eus-ek ‘Emakume-zientzaialarien-argitan’ podcast atal berria sortu du, eta han ere izango da aukera zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko.