10 OCT. 2024 Gaur X urte Malala Yousafzai eta Kailash Satyarthi ekintzaileek Bakearen Nobel Saria irabazi zuten duela 10 urte Malala Yousafzai pakistandarra, inoiz Nobel Saria jaso duen pertsona gazteena, emakumeen hezkuntzaren aldeko ekintzailea da, eta Kailash Satyarthi indiarra umeen eskubideen aldeko borrokan nabarmendu da. Malala Yousafzai ekintzaile pakistandarra. (JAPONIAKO GOBERNUA) GAUR8 Malala Yousafzai pakistandarra 1997ko uztailaren 12an jaio zen Mingora izeneko hirian. Emakumeen hezkuntzaren aldeko ekintzaile bat da, eta Nobel Saria jaso duen pertsona gazteena. Giza eskubideen defendatzaile ospetsua da; bereziki, Pakistan iparraldeko Khyber Pakhtunkhwa probintzian dagoen Swat haranean. Horixe da bere bera jaio zen lurraldea eta bertan emakumeek eta haurrek hezkuntza izatearen alde borrokan ibili da gaztetxoa zenetik. Izan ere, lurralde horretan, talibanek galarazi egin dute neskatoak eskolara joatea hainbat alditan. Yousafzaik BBCren webgunean blog bat idatzi zuen, 11–12 urte zituela, eta blog horretan azaldu zuen talibanek nola zapaltzen zuten bere herria. Borroka hori geldiarazteko asmoz, talibanak Yousafzai hiltzen saiatu ziren 2012an. Autobusean zihoala, gizon bat igo zen armatuta eta tiro egin zion. Malala hil edo bizi egon zen, Pakistanen ospitaleratuta. Urriaren 15ean, Ingalaterrako Birmingham hiriko Queen Elizabeth ospitalera lekualdatu zuten, tratamendua jarraitzeko eta azkenean 2013ko urtarrilaren 3an atera zen ospitaletik. Umeen eskubideen alde Indian Kailash Satyarthi 1954ko urtarrilaren 11n jaio zen Vidisha hirian, eta Indiako umeen eskubideen aldeko ekintzailea da. Umeen lana eta esklabotzaren kontra lan egin du eta berak gidatutako erakundeak, Bachpan Bachao Andolan erakundeak, 80.000 bat ume askatu ditu lan gogorretatik edo esklabotzatik. Ume horiei hezkuntza jasotzeko aukera eta gizarteratzeko aukera eskaintzen zaie. 2014. urtean Bakearen Nobel Saria eman zioten Malala Yousafzai ekintzailearekin partekaturik. Umeen alde egindako lana saritu zitzaion; umeen jazarpenaren kontra egindako lanagatik eta umeen hezkuntzarako eskubidea lortzen laguntzeagatik. Kailash Satyarthi indiarra. (Leandro UCHOAS)