GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Duela bi urte hil zen Angela Lansbury aktore eta abeslaria

Nazioarteko ospea "Murder, She Wrote" telesailarengatik iritsi zitzaion arren, 70 urtez zineman, telebistan eta antzerkian ibilbide oparoa izan zuen.

Angela Lansbury, 2013ko irudi batean. (WIKIPEDIA)

Angela Brigid Lansbury aktore eta abeslari britainiarra Londresen jaio zen 1925eko urriaren 16an. Angela Lansbury izenez ezaguna, 70 urtez zineman, telebistan eta antzerkian egin zituen lanek munduko aktore ospetsuenetako bat bihurtu zuten. Duela bi urte, 2022ko urriaren 11an Los Angelesen hil zenean, Hollywoodeko zinema klasikoan bizirik iraun zuten azken ordezkarien artean zegoen.

Klase ertain-altuko familia batean jaio zen, Regent 's Parken, eta 1940an Estatu Batuetara emigratu zuen, Bigarren Mundu Gerran naziek Londres bonbardatu zutelako. New Yorken interpretazioa ikasi zuen eta Hollywoodera MGMren bidez iritsi zen. Estudio horrekin "Gaslight" (1944an) eta "The Picture of Dorian Gray" (1945ean) filmak filmatu zituen, eta Oscar sarietarako bi izendapen eman zizkioten. 1952ra arte jarraitu zuen MGMn, bigarren mailako rolak eginez gehienbat, ondoren antzerkian karrera bat garatzeko. Garai horretan inoiz ez zen zinemako izartzat hartu, baina 1962ko "The Manchurian Candidate" zintan egindako interpretazioak kritikaren txaloa eman zion, eta haren interpretazio finenetako bat izan zen. 1966ko "Mame" musikalean izan zuen rol nagusiak ohiartzun nabarmena izan zuen.

Arazo pertsonal batzuen ondoren, Irlandara bidaiatu zuen 1970ean, eta antzerki-ibilbide arrakastatsua garatzen jarraitu zuen hamarkadatan zehar. Garai horretan egin zituen lan garrantzitsuenetako batzuk honako hauek izan ziren: "Gypsy", "Sweeney Todd" eta "The King and I", baita 1971ko "Bedknobs and Broomsticks" zinta animatua ere. 1984an, nazioarteko ospea lortu zuen "Murder, She Wrote" telesaileko protagonista izan baitzen 1996ra arte. Ekoizpen hori telebistaren historiako telesailik luzeenetako bat bihurtu zen, baita poliziaren generoan ezagunenetako bat ere.

Bere ibilbidean zehar entretenimenduaren industriako sari garrantzitsuenetako batzuk lortu zituen, horien artean: ohorezko Oscar bat, sei Urrezko Globo, bost Tony, Olivier bat eta Grammy bat, eta Primetime Emmy sarietarako hemezortzi izendapen. 2014an, Isabel II .a erreginak «dama» izendatu zuen, interpretazio-arteei egindako ekarpenagatik.