GAUR8 - mila leiho zabalik

Mondragon Unibertsitateak ateak zabaldu ditu Huhezinema film laburren jaialdiaren 18. edizioan parte hartzeko

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Huhezinema film laburren jaialdiaren 18. edizioa jarri du abian. Euskal sortzaileen film laburrak eta bideoklipak bilatzen ditu deialdiak, eta hainbat sari aurreikusten ditu lau kategoriatan.

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko ikasleek antolatzen dute Huhezinema film laburren jaialdia. (Jon URBE | FOKU)

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak film laburren eta bideoklipen proposamenak aurkezteko izena emateko epea ireki du. Azaroaren 17ra arte egongo da zabalik, Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 18. edizioan parte hartzeko aukera emanez.

Jaialdia Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko ikasleek antolatu dute. Helburua da «Euskal Herriko sortzaileen film laburrak eta bideoklipak ikusaraztea eta lan onenak saritzea», euskal zinema bultzatuz.

Jaialdia 2025eko urtarrilaren 22tik 24ra egingo da Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Adituez osatutako epaimahai batek ebaluatuko dituen film laburren erakustaldiaz gain, zinemarekin lotutako hainbat jarduera antolatuko dira.

Parte hartzaileek lau sari-kategoria eskuratu ahal izango dituzte: sail ofiziala, ikasleen saila, bideoklipen atala eta Mundukide-Saria. Gainera, kategoria bakoitzaren barruan sari ezberdinak izango dira. Sail ofizialean, finalista bakoitzak 150 euro jasoko ditu parte hartzeagatik, eta bi sari egongo dira: Huhezinema saria (650 euro) eta publikoaren saria (100 euro).

Hausnarketa bultzatzen duten lanak

Ikasleen kategorian, film onenak 300 euroko saria jasoko du eta, gainera, MU saria (200 euro) eta ikusleen saria (100 euro) aukeratuko dituzte. Bestalde, bideoklipen kategorian, bideoklip onenari 300 euroko saria emango zaio, eta publikoaren saria ere 100 eurokoa izango da.

Aurkeztutako film laburren artean, 700 euroko saria emango da Giza Eskubideen eta Justizia Sozialaren arloan tratamendurik onena duen lanagatik edo «gaur egungo munduan dugun tokiari buruzko hausnarketara gonbidatzen duen lanagatik». Saria epaimahai ofizialak erabakiko du, hegoaldeko herrialdeetan garapen-proiektuak egiten dituen gobernuz kanpoko erakundeko (Mundukide) ordezkari batekin batera.