GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUk 2,3 milioi euro jaso ditu EBtik neurona-sareei buruzko proiektu bat koordinatzeko

UPV/EHUk Europar Batzordearen 2,3 milioi euro jaso ditu IN-DEEP Europako Doktoretza Sarea koordinatzeko, «matematikan funtsezkoak diren sare neuronaletara bideratuta». Sareak bederatzi doktoregai prestatuko ditu.

Irudian, Shima Baharlouei doktoregaia, David Pardo ikerlari nagusia, Kristopher Van der Zee ikerlari seniorra eta Javier del Ser ikerlari seniorra. (BCAM)

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 2,3 milioi euro jaso ditu Europar Batzordetik (EB) oinarri matematikoa duten neurona-sareetan Doktoretza Sare bat bultzatzeko. Nabarmendu dute proiektu horretan izen handiko Europako beste hamar erakundek hartuko dutela parte.

Turingo Politeknikoa (Italia), Estatu frantseseko Arte eta Lanbideen Goi Eskola Nazionala eta Siemens (Belgika) dira proiektu honetan inplikatuta dauden erakundeetako batzuk, eta osatzen duten sareak horbederatzi doktoregai prestatuko ditu, «oinarri matematiko sendoa duten sare neuronal sakonak diseinatzeko eta ezartzeko».

Datuen interpretazioa

Sare neuronalak geofisika, egiturazko monitorizazioa eta medikuntza bezalako arloetako datuen interpretazioari aplikatuak izango dira. Ikerbasqueko David Pardo ikertzaileak gidatzen du IN-DEEP proiektua. Egitasmoak duen garrantzia nabarmendu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroko ikertzailea ere badenak.

Azaldu duenez, urrats garrantzitsua da «bikaintasunezko ikerketa bultzatzeko, industria sektorean lankidetza estrategikoak ezartzeko eta AAri eta haren oinarri matematikoei buruzko mailarik altueneko prestakuntza eskaintzeko».   

Testuinguru horretan, ‘Adimen Artifizial Aplikatua eta bere Oinarri Matematikoak’ graduondo berri bat eskainiko du UPV/EHUk 2025eko martxotik ekainera. «Europako IN-DEEP Doktoretza Sareko doktoregaientzat eskuragarri egongo da ikastaroa, baita sortu berri den arlo horretan interesa duten ikasleentzat ere», azaldu dute. Gaineratu dutenez, Javier Del Serek, David Pardok eta Estatuan zein nazioartean ospea duten beste ikertzaile batzuek parte hartuko dute.

«Oinarri matematikoak dituen AAren gaineko ikerketarako eta prestakuntzarako gaitasuna indartzen dituzte IN-DEEP Doktoretza Sareak eta graduondoko berriak» eta «oso lagungarriak dira Euskadi erreferente gisa koka dadin AAren teknika azalgarrietan, eta eskualdea abangoardiako hezkuntza hub bat bihur dadin», adierazi du David Pardo ikertzaileak.