31 OCT. 2024 Olatz Salvador kantautoreak piztuko du Irisarri Landeko txondorra larunbatean Larunbat honetan, 18.00etan, piztuko dute txondorra Irisarri Landen, Olatz Salvador abeslariaren laguntzarekin, eta abenduaren 31ra arte bisitatu ahal izango da. Inguruko basoetako 18.000 kilo egur-ikatz erabili dituzte txondorra egiteko. Abenduaren 31ra arte bisitatu ahal izango den Irisarri Landeko txondorra, irudian. (Irisarri Land) GAUR8 Larunbat honetan piztuko dute txondorra Irisarri Landen. Hamaikagarren edizioa da aurtengoa, eta «pertsona edo erakunde bat omentzearen» tradizioa jarraituz, Olatz Salvador kantautore donostiarra izango da aurten «ikaztegiko enborrean arrastoa uzten». 18.00etan hasiko da ekitaldia. Iñaki Perurena, Xabier Euzkitze, Toti Martinez de Lezea edo Zaporeak GKEa izan dira, besteak beste, azken urteetan txondorra pizteaz arduratu direnak. Hitzorduan, gainera, Zubietako joaldunak izango dira, eta Sergio Muñoz bibolin jotzailea eta Gorka Zabaleta kantautorearen emanaldiak ere izango dira. Txondorra eraikitzeko, inguru basoetako 18.000 kilo egur-ikatz erabili direla zehaztu dute, «bereziki gaztainondo eta haritza». Behin piztu ondoren, boluntarioak arduratuko dira txondorraren zaintzaz, urte amaieran ikatza izateko. 5.000 kilo ikatz Gutxi gorabehera 5.000 kilo ikatz lortzea espero da, datorren denboraldian parrillan erabiltzeko baliatuko dituztenak. Azaroaren 2tik aurrera bisitatu ahal izango da txondorra, eta horrekin batera, bertan dagoen museoa, garai bateko ikazkinen bizimodua eta lanbidea erakusten duena. Gogoratu dutenez, «horretarako espresuki egina dagoen ibilbidea ere egin daiteke eta trenez ikusi guztia». Beste hitzordu seinalatu bat dago Irisarri Landeko txondorraren inguruan. Abenduaren 14an izango da, eta Olentzero eta Mari Domingiren parte hartzea izango du. Egun osoan egongo dira bertan neska-mutilen eskutitzak jasotzen.