07 NOV. 2024 ‘Love is in the AID: Mugarik Gabeko Arkitekturaren 30 urte’ erakusketa ikusgai dago Donostian hilaren 28ra arte Formatu handiko 45 irudiren bitartez kontatu du Mugarik Gabeko Arkitektura GKEak 30 urteko ibilbidea. Sarrera librekoa, erakusketa ikusgai dago azaroaren 28ra arte Donostian, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Ignacio Mª Barriola zentroan. Irudian, lurren arteko tailerra Senegalen. (Mugarik Gabeko Arkitektura) GAUR8 Azaroaren 28ra arte, UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean ikusgai dago ‘Love is the AID: Mugarik Gabeko Arkitekturaren 30 urte’ erakusketa. COAM Fundazioaren laguntzarekin antolatuta, eta Mugarik Gabeko Arkitektura GKEaren 30. urteurrenaren testuinguruan, Afrikan, Latinoamerikan eta Estatu espainolean egindako lana erakusten du formatu handiko irudi bilduma baten bidez. «1992az geroztik, Mugarik Gabeko Arkitekturak espazio inklusiboak, bidezkoak, seguruak eta iraunkorrak eraikitzen ditu, aldaketak bultzatuz, komunitateei eta pertsonei beren eraldaketa-prozesuetan lagunduz, eta gizarte-justiziako eta eskubideak eraikitzeko gure zeregin nagusian balioak partekatzen ditugun aliantzak ehunduz», gogoratu du UPV/EHUk ohar batean. Ardatz horien inguruan egindako lanean, nabarmendu dituzte, besteak beste, «Nikaraguako gizarte eta hezkuntza hobekuntzen adibideak», irisgarritasunaren sustapena Mozambiken, Haitin baliabideak indartzeko ekimenak edota lurrerako eskubideen defentsan Guatemalan. Zehaztu dutenez, aipatutakoak Mugarik Gabeko Arkitekturak gidatutako partaidetza prozesuetako batzuk baino ez dira. Egindako lan horren atzean, eskubideen titularrei laguntzea, esku hartzeen izaera parte hartzailea eta komunitateen lan kolektibo eta eraldatzailearen indarrean sakontzea izan dira GKEaren jarduna gidatu duten printzipioak. Formatu handiko 45 irudik osatutako bildumak erakusten dute GKEaren azken 30 urteetako lana. Erakusketa astelehenetik ostiralera dago ikusgai Ignacio Mª Barriola zentroan, 8.30etik 20.30era. Sarrera librea da.