GAUR8 - mila leiho zabalik

‘IgeriBizi’ erronka egingo dute Getxon: «24 orduz igerian euskararen alde»

‘IgeriBizi’ ekimenaren bigarren edizioa egingo dute abenduaren lehen asteburuan, Swim Camp Getxo igeriketa elkarteak antolatuta. Korrikaren antzeko dinamika jarraituz, 24 orduz igeriketa erreleboak egingo dituzte, Fadura euskaraz bete eta Bizarra Lepoan Euskara Elkartearen aldeko dirua biltzeko.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Swin Camp Getxo igeriketa taldeak antolatzen duen ekimena da ‘IgeriBizi’, eta euskararen erabilera bultzatzeaz gain euskararen alde lan egiten duten eragileen alde dirua biltzea ere badu helburu.

Izan ere, aurten Bizarra Lepoan Euskara Elkartearentzat izango da bilduko duten dirua. «Neurri handi batean, eurei esker daukagu gure hizkuntzan bizitzeko aukera andana», nabarmendu dute.

Iaz jarri zuten abian lehen aldiz eta izandako harrera ona ikusita, aurten bigarrenez egingo dute euskararen alde 24 orduz igeri egitea proposatzen duen ekitaldi bera. Abenduaren 8an eta 9an egingo dute Fadurako igerilekuan, eta erronkaren ondoan beste hainbat proposamen antolatu dituzte.

Ohar batean azaldu dute antolatzaileek Euskararen Nazioarteko Egunaren ondorengo asteburuan egingo dutela proba, eta aurreratu dute «euskaraz eta jarduerez» inguratuta egongo dela.

Larunbat eguerdian hasiko da erronka eta igande eguerdian bukatu. Hogeita lau orduko tarte horretan, «txandaka eta parte hartzaileek nahi duten distantzia eginda» Fadura euskaltzalez beteko dela iragarri dute. Zehaztu dutenez, «adin guztietako lagunek gozatzeko moduko jarduerak egongo dira, tartean waterpolo topaketak».

Erdozainentzat lehen erreleboa

‘IgeriBizi’ bigarren edizio honetan, Mikel Erdozain kirolari paralinpikoa eta aurtengo Parisko jokoetako lehiakideak egingo du lehen erreleboa.

Funtzionamenduari dagokionez, iazko formatu bera jarraituko du probak: «enpresa, elkarte eta taldeek 50 euroren truke ordubete erosi ahal izango dute, eta erreleboak eginda eta nahi duten erritmoan» bete ahal izango dute ordu hori.

«Nahi beste kidek hartu ahal izango dute parte eta laguntzarik behar izatekotan, Stim Camp Getxoko igerilariek txandekin lagunduko dute», azaldu dute.

Kuadrillen eta norbanakoen kasuan, pertsonako bost euroko donazioa eskatuko dute, «eta nahi beste denbora egon ahal izango dute uretan». Zehaztu dute, halaber, ez dela beharrezkoa ordu osoa egitea, eta ez da gutxieneko luze kopururik eskatzen.

Erronkan parte hartu nahi duten familiei 10 euroko donazioa eskatzen zaie eta familia nuklear osoak parte ahal izango du. ‘Igeri Bizi’-ko txanoak ere egongo dira salgai, aurretiaz eta erronkaren egunean bertan.

Argitu dutenez, sorosleak, Swim Camp Getxoko igerilariak eta ‘IgeriBizi’-ko antolatzaileak Faduran egongo dira erronkak irauten dituen 24 orduetan, «segurtasuna, errespetua eta denek ongi pasatu ahal dutela ziurtatzeko».