20 NOV. 2024 Zaporeak, sendabelarrak eta menu bereziak astebururako Añanan, XIV. Jardunaldi Gastronomikoetan Eskualdeko sukaldaritza sektore profesionalen eta ekoizleen lana aitortzeko helburuz Jardunaldi gastronomikoen edizio berri bat egingo dute Añanan asteburuan. Menu eta pintxo bereziak izango dira, eta besteak beste, ‘zaporeen lorategia’ dastatu eta sendabelarren artea ikasteko aukera eskainiko du programazioak. Irudian, gatzaga Añanan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GAUR8 Añanako Kuadrillak XIV. Jardunaldi Gastronomikoak egingo ditu datorren asteburuan (azaroak 23 eta 24). Hitzorduak «eskualdeko sukaldaritzaren sektore profesionalaren eta ekoizleen lana» aitortu nahi du, baita hauek 0 kilometroko produktuen alde egiten duten apustuari balioa eman ere, «kalitatea eta ekoizpen-jarduerarekiko eta jatetxe-sektorearen lan egokiarekiko konpromisoaren» berme gisa. Kuadrillak antolatuta, Lakuako Gobernuaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du publiko guztiarentzat prestatutako programazioak. Horrela, asteburu osoan zehar, hitzordu gastronomiko hauetan parte hartzen duten eskualdeko jatetxeek prestatutako menuez gozatu ahal izango da, baita horretarako prestatutako pintxo bereziak dastatu ere. Jardunaldiak girotzeko jardueren artean, Sobrongo Uraren Museoak eskainiko duen ‘Zaporeen lorategia’ izango da larunbatean, 11.00etan. Belar aromatikoen tailer bat eskainiko dute, «non haurrak gure platerak hainbeste alaitzen dituzten gozagarrien mundu liluragarrian murgilduko diren». 7.000 urteko paisaia Bestalde, 12.30ean eta 13.00etan, Gatz Haranaren bisita eta gatz dastaketa izango dira protagonistak. Jardueraren inguruan gogoratu dute 7.000 urte baino gehiago dituen paisaia ikusgarri hau ezagutzeko parada eskainiko dela. Gainera, 17.00etan, Kuartangon, ‘Xarabe magikoak: sendabelarren artea’ tailerra izango da, eskualdeko belar sendagarriak ezagutzeko eta horiekin etxeko erremedioak egiten ikasteko. Igandean, 10.30ean, Pobesen, ‘Zerua deskubritzen: hegaztien begiztatzea’ jarduera antolatu da. Bertaratzen direnak naturan modu desberdinean murgilduko dira ‘Hideetatik’, basa-hegaztiak ikusteko ezkutatu, behatu eta argazkiak ateratzeko diseinatutako egituretatik. Berantevillak haurrentzako tailer bat hartuko du egun horretan bertan, 11.00etan, gustuko egutegi bat pertsonalizatzeko. Jardueretan parte hartzeko, izena eman behar da Añana Turismoko web orrian.