21 NOV. 2024 Gaur X urte Santiago Salvador exekutatu zuten Bartzelonan duela 130 urte Duela 130 urte, 1894ko azaroaren 21eko goizeko 8etan, Santiago Salvador preso anarkista urkatu zuten Bartzelonan. Urtebete lehenago Liceu-ko atentatu odoltsuaren egilea izan zen Salvador. Hil aurretik ‘Gora iraultza soziala!’ eta ‘Gora anarkia! Erlijio guztiak hil daitezela!’ oihukatu zuen. Santiago Salvadorren argazkia. (WIKIPEDIA) Amaia Ereñaga Goizeko zortziak baino pixka bat lehenago, azaroko goiz hotz hartan, Santiago Salvador inolako laguntzarik gabe igo zen urkamendira. Orduko ‘La Vanguardia’ egunkariko kronikariak idatzi zuenaren arabera: «Gora iritsi zenean, oihu egin zuen: ‘Gora iraultza soziala!’. Orduan kondenatuak begirada altxatu eta ondoko etxeetako balkoi eta galerietan begira zegoen jendeari erreparatu zion. Indarrak hartu eta berriro oihu egin zuen: ‘Gora anarkia! Erlijio guztiak hil daitezela!’. Eta ereserki iraultzaile bat kantatzen hasi zen». 1894ko azaroaren 21ean garrotea eman zioten Santiago Salvadorri Bartzelonako enparantzan, Nicomedes Mendezen eskutik. 32 urte besterik ez zituen eta bi alabaren aita zen. Istorio hau 1893ko azaroaren 7ko gauean hasi zen, Bartzelonako Liceu-ko denboraldia hasi berritan. Burgesiak bere jantzi dotoreenak jantzi zituen, Rossiniren ‘Gillen Tell’ operaz gozatzeko prest. Bigarren atala hastear zegoenean, 22:15ean, Salvadorrek bonba bat bota zuen bosgarren solairutik. Denborarik galdu gabe, bigarren lehergailu bat jaurti zuen besaulki-patiora, baina lehen leherketaren ondorioz hildako emakume baten magalera erori zenean, gailua lehertzea eragotzi zuen. Izuak berehala hartu zuen Liceu. Emaitza: 22 hildako eta 35 zauritu eragin zituen. Nahaste-borraste hartan, Salvador Franchek antzokitik ihes egitea lortu zuen. Lagun baten etxean, Zaragozan, atxilotu zuten handik egun batzuetara. Castelserasen jaiotakoa zen, Alcañizetik gertu dagoen herri batean eta 30 bat urte zituen. Gurasoak nekazari aberatsak zituen eta 16 urte besterik ez zituen Bartzelonara joateko erabakia hartu zuenean. Gaztetatik izan zuen talde anarkistekiko lotura eta ekintza iraultzailetan hartu zuen parte. Atxilotu zuten unean bere buruaz beste egiten saiatu zen, baina tiroak arinki zauritu zion. Ekintza anarkista desberdinez markatutako testuinguru batean kokatu daiteke atentatua. Errusiako Alexandro II.a tsarraren, Espainiako Alfontso XII.aren, Alemaniako Gilen I.aren eta Italiako Hunbertoren aurkako atentatuak gertatu ziren garai hartan Europan.