04 DéC. 2024 Gaur X urte Gaurko egunez jaio zen Jesus Elosegi, 1907an 1907ko abenduaren 4an jaio zen Jesus Elosegi gipuzkoar argazkilaria eta antropologoa. 1936ko gerragatik, Tolosako etxea utzi behar izan zuen eta erbestean Eresoinka taldearen parte izan zen, Aranzadi Zientzia Elkartearen sortzaileetako bat izateaz gain. Jesus Elosegi eta Pilar Sansinenea emaztea Chateau Belloyen. (JESUS ELOSEGI IRAZUSTA | ARANZADI) GAUR8 Jesus Elosegi tolosarra zen, eta 1932an ingeniaritza ikasketak uztea erabaki zuen, argazkilaritzan profesionalki aritzeko. 1936ko gerran, Tolosan zuen etxea utzi behar izan zuen, frankistek eragindako errepresioaren ondorioz: bere estudioa suntsitu zuten. 1907ko abenduaren 4an jaio zen argazkilaria. Hasiera batean, Saran, Lapurdin, aurkitu zuen babesa familiarekin batera. Denbora horretan, Eresoinkaren parte izan zen eta Europako hainbat hiriburutan egindako birako irudiak hartu zituen. Jose Antonio Agirre lehendakariari argazkiak ateratzeko aukera ere izan zuen Le Belloyko egonaldian. 1937an, Euzko Jaurlaritzak Eresoinka taldea sortu zuen Saran, euskal musikaren eta dantzaren bidez, Euskal Herriaren aldeko propaganda egiteko Europa osoan zehar. Guztira, ehun eta hamar artista inguru bildu ziren. Eresoinka abesbatzako zuzendaria Gabriel Olaizola izan zen eta haren aginduetara aritu ziren kantuz geroago ospetsuak izan ziren musikari eta kantariak: Pepita Enbil –Placido Domingoren ama izan zena–, Jon Oñatibia, Jon Bilbao, Mariano Gonzalez, eta baita Jesus Elosegi ere. Hala ere, 1940an itzuli zenean, atxilotu eta Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparruan zegoen langile-batailoi batera bidali zuten, eta han, hamar hilabetez egon zen kartzelan. Bere argazkiek batez ere kulturaren mundua, kirola, natur zientziak, mendira egindako txangoak eta erbesteko une batzuk islatu zituzten. 1947an, Aranzadi Zientzia Elkartearen sortzaileetako bat izan zen.