06 DéC. 2024 Gaur X urte ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren lehen alea argitaratu zen 1990an 1990ko abenduaren 6an ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren lehenengo alea argitaratu zen Durangoko Azokan. 1936ko gerraren amaieratik lehenengo euskarazko egunkaria izan zen, 2003an Juan del Olmo epaileak ixteko agindu zen arte. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren azken alea, itxi zuten egunean. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 Abenduaren 6 honetan 34 urte betetzen dira ‘Euskaldunon Egunkaria’ sortu zenetik, 1990. urtean. Durangoko Azokan kaleratu zen eta, hain zuzen, 25. edizioaren berria izan zen lehenengo azalaren protagonista. Donostiako Udalaren Euskal Txokoan 1990eko urtarrilaren 21ean egin zen bilerak eman zion bidea Egunkaria Sortzen ekimenari. 75 lagun batu ziren bilkura hartan, tartean zeuden Martin Ugalde edota Joxemi Zumalabe. Urte bereko abenduaren 6an kalean zen ‘Egunkaria’. «Jaio behar zuena, jaio zen, ordea. Udazkenean, udaberriko kanpainan agindu bezala. Nekez, sufrimenduz, indarrez. Txikia, ahula, ‘itsusia’ atera zitzaigun. Baina munduko ederrena zen gure begietarako. Poza, ilusioa eta adorea ziren nagusi gure artean», gogoratzen zuen Iñaki Uria ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren zuzendaritza batzordeko kideak hedabidearen sorreran 25. urtean. 2016ko abenduaren 6an estreinatu zen ‘Gaur irekiko ditu ateak’, Eriz Zapirainek zuzendutako ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren sorrerari buruzko dokumentala. 1936ko gerraren amaieratik lehenengo euskarazko egunkariaren sorrera dauka hizpide eta hainbat protagonistaren hitzak biltzen ditu. 2003ko otsailaren 19an, Juan del Olmo epaileak ‘Euskaldunon Egunkaria’ ixtea agindu zuen, ustez ETArekin lotura izateagatik. Andoaingo egoitza nagusian eta Bilbo, Iruñea eta Gasteizko ordezkaritzetan polizia-operazioak otsailaren 20ko goizeko lauretan hasi ziren, eta hamar atxiloketa egin zituzten. Bost egunez bakartuta egon ondoren, Otamendik tortura larriak salatu zituen. Operazio berean atxilotutako beste lankide batzuek ere, hala nola Iñaki Uriak, Xabier Alegriak eta Xabier Oleagak, Guardia Zibilaren eskuetan egon ziren bitartean torturatuak izan zirela jakinarazi zuten.