15 DéC. 2024 Gaur X urte Gaur dela 81 urte jaio zen Txomin Perurena, euskal txirrindularirik onenetariko bat 1943ko abenduaren 15an jaio zen Oiartzunen Domingo "Txomin" Perurena Telletxea txirrindularia. 1963 eta 1979 artean 158 garaipen lortu zituen. Oraindik inork ez du bere zifra gainditu Euskal Herrian. Txomin Perurena txirrindularia. (WIKIPEDIA) GAUR8 Euskal txirrindularitzaren historian egon den kirolari onenetarikoa izan zen Perurena eta bere garaipen zerrenda begiratu baino ez dago horretaz ohartzeko: 158 garaipen lortu zituen bere ibilbide profesionalean, 1963tik 1979ra bitartean, Kas, Fagor eta Teka taldeetan. Oraindik inork ez du bere zifra gainditu Euskal Herrian. Espainiako Vueltan, Euskal Herriko Itzulian eta Italiako Giroan egin zituen lorpen esanguratsuenak. Hamabi eskuratu zituen Vueltan, 11 Itzulian, eta bi Giroan. Gainera, Espainiako errepideko txapeldun izan zen 1973 eta 1975ean, eta zilarra lortu zuen 1975ean eta brontzea 1971n. Hori bai, Txomin Perurena euskal txirrindularien prototipotik urrun zegoen. Mendian nabarmendu ordez, teknikoki lur orotako kirolari gisa definitzen zuten. Esprintetan bere abiadura erabiltzen bazuen ere, erdi mailako mendietan ere nahiko trebea zen. Vueltan, adibidez, hamabi garaipen erdiesteaz gain, puntuen maillotaren txapelduna izan zen 1972 eta 1974an. Gainera, 31 egunetan jantzi zuen maillot horia eta honek marka arraro bat ekarri zion: Vuelta irabazi gabe liderraren maillota egun gehienetan jantzi duen txirrindularia da. Erretiratu ostean, Orbean, Caja Ruralen eta Euskadi Fundazioan (Euskaltel Euskadi izan aurretik) zuzendari lanak egin zituen. Tartean, 1984ean, GALek bere anaia Bixente, “Peru”, hil zuen Hendaian Angel Gurmindo “Stein” errefuxiatuarekin batera. 2023ko ekainaren 9an hil zen.