13 AVR. 2019 IKUSMIRA BREXITA NOIZ IRITSIKO, ETXEKO SOTOA ARDOZ BETETZEN Dabid Lazkanoiturburu Martxoaren 29ko data gainditu ondoren, atzo bertan, apirilak 12, agortzen zen Britainia Handiak Europar Batasuna uzteko epe berria. Azkenean, beste atzerapen bat onartu dute Bruselako gailurrean, baina iragan aste osoan ohi baino ingeles gehiagok zeharkatu dute Mantxako kanala, Estatu frantseseko Calais portuan ardoa erosteko. Eta askoz edari gehiago eraman dute bidaian bueltan, akordiorik gabeko Brexitaren (“no deal”) beldur. Izan ere, hitzarmenik ezean, beharbada, tasa edo zerga handiagoak ordaindu beharko dituzte britainiarrek. Eta ez dira gutxi, iaz 1.300 milioi euro gastatu baitzuten Frantziako ardoak eta xanpainak erosten, soilik estatubatuarren atzetik. Hala ere, Calaiseko dendariak lasai daude, Britainia Handiak ardoa ekoizten ez duen bitartean –berotze globalarekin epe ertainera posible izango dela diote adituek–, erosi egin beharko baitute. Tom Youngek dioen bezala: «Britainiarrak gara; beraz, ez diogu edateari utziko».