GAUR8 - mila leiho zabalik

Telebista berrirudikatuz


Ikus-entzunezkoen munduan lanean daramatzadan ia bi hamarkadetan une gogoangarri ugari pasatu ditut: berrikuntzak ikuslearen joerak nola aldatu dituen presentziatu dut; lidergo miresgarridun jendearekin ekimen interesgarrien erdian egon naiz eta telebistak gure bizitzetan duen papera definitzen ibiltzeko zortea izan dut.

2001. urtean zuzeneko edukiak pausatzeko aukera bideratu zen lehenengo aldiz Erresuma Batuan. Nire ibilbidearen hasiera zen, eta berrikuntza eraldagarria izan zen nolanahi ere: zuzenekoaren balioa eta telebistarekin ikusleak zuen harremana aldatzen hasi zen, ikuslea kontrola hartzen hasi zen. Nire ondorengo belaunaldiak ez du kontzebitzen gustuko telesail baten erdian telefono dei bat jasotzeak sortzen zuen eragozpena; edo afaltzeko ordu erdia hartu eta berriro ere filma ikusten jarraitzearen kontzeptua erabat normalizatuta dago.

BBCn lanean nenbilen, azken zazpi egunetako eduki guztiak gidan atzera eginez aurkitu nitzakeen berrikuntza bideratu zenean. “Bizi dugun momentuaren” esanahia diluitzen hasi zen. Astebeteko leihoa eskaini zitzaigun, guk nahi genuen moduan edukiak erabiltzeko. Asteazken batean, igande arratsaldeko filma ikusi nahi banuen, hiru egun atzera egin eta hantxe neukan eskuragarri. Bezperan ikusten hasi nintzen telesaila hurrengo egunean bukatuko nuen.

Edozein lekutan nengoela, edukiak nire telefono edo tabletan ikusteko aukera BBC iPlayer bezalako aplikazioekin bideratu zenean, streamingaren gerra famatuaren fase enbrionikoa baino ez zen. Inork ez genuen irudikatzen, hamar urteren ostean daukagun Netflix, Amazon Prime, Disney+ eta beste ehunka plataformen arteko konpetentzia eta edukien masifikazioa.

Ahots bidezko kontrolak azken bizpahiru urteetan edukien aurkikuntza prozesua sinplifikatu eta beste maila batera eraman du. Nire alabak ikusi nahi dituen marrazki bizidunen izenburua esan eta zuzenean hasten da telebistan; edo Netflix esan, eta aplikazioa irekitzen du. Atzean gelditu dira idaztea ezinezkoa zen bilaketa teklatu haiek.

Berrikuntza hauen guztien erdian hainbat ondorio ez-optimorekin topo egin dugu: ikusi nahi ditugun edukiak bilatzen, haiek ikusten baino denbora gehiago pasatzen dugu askotan; esperientzia fragmentatuak dauzkagu, hainbat aplikazio –streaming plataforma ezberdin guztiak, jokoak, albisteak– telebistaren pantailan inongo ordena koherenterik gabe sakabanatuta. Horretan lanean gabiltzanok bilatzen ditugun helburuak garbiak dira: sinplifikazioa. Kontrola. Telebistaren aurrean esertzen garen une horren garrantzia kapitalizatzea.

Aspektu horiei erantzuna emanez, azken asteetan beste berrikuntza eraldakor bat ikusteko pribilegioa izan dut. Sky etxeak munduan lehenengo streaming telebista atera du. Kablerik gabeko telebista, wifi bidez konektatzen dena; eta, esperientzia da proposamenaren gakoa. Skyren eduki guztiak, Netflix, Apple, BBC eta beste hainbaten edukiak, denak leku batean, modu pertsonalizatuan, algoritmo sofistikatuekin ikusle bakoitzari esperientzia indibiduala eskainiz (gomendio pertsonalizatuekin, bilaketa azkarrak eta edukiak ordenatzeko modu aitzindarian oinarrituz). Eta, etxeko telebista pantaila guztietan esperientzia berbera errepikatzeko aukera.

Telebista berrirudikatu duela esaten dugu. Disrupzio bat izango da. Askotan, abarrotsa sortzea, epe motzean nahikoa izan daiteke. Konpetentziarako osasungarria da baita ere. Baina azkenean ikusleak erabakiko du arrakasta zein izango den. •