21 MAI 2022 GARUNA ETA PORTAERAK Emozioetan eta harremanetan trebatu behar zen makina konplexuaren gakoak Giza portaerak eta emozioak garunaren atal zehatzekin lotu daitezke, baina ezer gutxi dakigu mekanismo horien funtzionamenduaz. Plano ebolutiboan, badakigu garuna gizartean bizitzeko espezializatu zela eta dena ez dela hain instintiboa, desioari deitu egin behar zaiola. Neurozientziei buruzko jardunaldietan landu zuten gaia. Garunaren garapena eta giza portaera aztertu zituzten Bilbon (GETTY IMAGES) Nerea Goti Giza portaeraren eboluzioa hizpide izan dute Bilbon, berriki izan diren Eboluzio eta Neurozientzien Jardunaldietan, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bizkaiko Osasun Mentalaren Sareak antolatuta. Gizakiaren jokabideak izan dira solasaldien protagonista nagusiak, baina horiekin zerikusia duten garunaren atal fisikoetan geldialdi ezberdinak izan dituen bidaia liluragarri bat oparitu dute hainbat arlotako adituek: emozioak, sexu atrakzioa, gorputz kognizioa, psikopaten portaeren arrazoiak... Handi egin zen garun horren instrukzioak non, nola eta zergatik aktibatzen diren azaldu dute ikuspegi ezberdinetatik biologoek, psikobiologoek, neuropsikologoek, psikiatrek, baita ingeniariek ere, burmuinak fabrikatzen dituen jokabideak eta horien historia ebolutiboa ulertarazteko. Funtsean, esan daiteke garunaren funtzionamenduan daudela portaerekin lotutako erantzun gehienak, eboluzioarekin gizakiaren garuna espezializatzen joan dela, oso izaki emozionalak eta sozialak garela; baina oraindik erantzun zehatzik ez duten galdera asko dago airean, eta horientzako, ikerketen emaitzen arabera formulatzen doazen hipotesiak daude. Edozein kasutan, nabarmendu zutenez, ikuspegi eboluzionista «funtsezkoa da garunaren, adimenaren eta jokabidearen ulermen sakon bat lortzeko». Giza garunaren mekanismoen puzzle konplexu hori osatu nahian ari dira neurozientziak, eta biologoak, psikiatrak, psikologoak... falta diren pieza horien azterketan murgilduta daude, edo horientzako azalpen zehatzak bilatzen, behintzat. Konplexutasun handiko gaia da, eta ezinezkoa izango litzateke orrialde hauetan aipatutako ikerketa, hipotesi eta eredu guztiak erreproduzitzea, baina saia gaitezen jardunaldi horien geltoki batzuetan adituei entzundako zenbait hausnarketatara hurbiltzen. Behin baino gehiagotan emozioen mundura iritsiko gara, baita buruko eritasunetara ere. Garun hiperkonplexua da gizakiena, batez ere emozio eta besteekiko interkonexio horietan trebatu dena, eta horrek gero eta irakurketa biologiko zehatzago bat dauka. Automatikoki egiten duen horretaz jabetzen ez bagara ere, estimulu eta erantzunen atzean milaka datu maneiatzen dituen mekanismo oso bat dago, eta horietako asko garunaren atal zehatzetan produzitzen dira. Garun azalaren eremu ezberdinen funtzionamendura hurbildu zen Manuel Martin Loeches Biopsikologian katedraduna. Nabarmendu zuenez, arlo soziala da giza garunak izan duen eboluzioaren eragile nagusietako bat. Gogorarazi zuen garun azalaren eremu horietako batzuek kanpoko espazioa ulertzen, ekintza konplexuak egiten... jarduten dutela, baina garunaren aurreko eremuak direla bereziki arrazoitzen espezializatuta daudenak. Ez gara espezie sozial bakarra (gizakiaren ahaide hurbilak diren primateak hor daude), baina gizakien kasuan, nabarmenagoa da arlo hori. Tamainari erreparatuta, garun handi bat daukagu, eta eboluzioaren ikuspuntutik planteatzen den galderetako bat da zergatik egin den hain handi: «Arrazoitzeko? Teknologia garatzeko?». Bistan da konplexutasun horren barruan gauza bitxiak gertatzen direla, baita paradoxikoak izan daitezkeen ekintzak ere. Horren adibide gisa, detaile bat aipatu zuen eboluzioa eta giza portaerak aztertzen dituen adituak. Esan zuenez, berrikuntza teknologiko oso konplexuak diseinatzeko gai garen bitartean garatutako hegazkin hipersofistikatu horietan askotan ez da eserlekuen 13. ilara agertzen, edo ez gara konturatzen 14. ilara gisa agertzen den hori finean 13. ilara dela. «Hain burmuin azal handia duen espezieak, hain ondo arrazoitzen duenak, XXI. mendean 13. ilara alde batera uzten jarraitzen du», mahaigaineratu zuen. 21 urte heldutasunera iristeko Garunaren haziera hori bultzatu duena, zehaztu zuenez, ez da izan asmakizun teknologiko horiek sortzearen beharra, baizik eta «garun soziala» deitzen dena, edo beste era batera planteatuta: «gizartean bizitzeko gaitasuna» ematen duen mekanismoa, «batere erraza ez den arlo bat», gaineratu zuen ikertzaileak. Hausnarketarekin lotuta, datu pare bat utzi zuen: gizartean bizi ahal izateko 21 urte behar ditu giza garunak heldutasunera iristeko. Heldutasun horretara heltzeko prozesuaren azken urratsak autorregulazio sozialarekin zerikusia duten eremuetan izaten dira. Egiaztatu da, bestalde, garunaren konplexutasuna konplexutasun sozialaren hazkundearen neurrikoa izaten dela. «Neokortexaren tamaina handiagoa da taldea zenbat eta konplexuagoa izan», esan zuen. Beste era batera azalduta, «badirudi garun azala hazi egin dela, hein handi batean, talde sozial konplexuen eskaerei erantzun ahal izateko». Zer dago eboluzio biologiko horren atzean? Azalpen argi bat eman zuen: «100-150 kideko taldea bagara eta bakoitzaren izena, nola pentsatzen duen, zer intentzio izan ditzakeen, bere iragana zein den... jakin behar badugu, ondo datorkigu garun handi bat izatea, zeren hori guztia jakiteko gai ez banaiz seme-alaba gutxiago izango ditut, baliabideak eskuratzeko aukera gutxiago...». Azpimarratu zuenez, eredu berriagoek hipotesia baieztatzen dute: giza garuna hain handia izatea ez da hegazkinak egiteko edo jendea Martera bidaltzeko beharragatik, gizartean bizitzeko trebea izateko beharragatik baizik. Gizakien patroi bitxia Garun soziala deritzon horretan, gainera, bada gizakietan soilik azaltzen den patroi bitxi bat: «sare lehenetsia» (gaztelaniaz, red por defecto) delakoa. Adituaren azalpenen arabera, «ezer egiten ez dugunean martxan jartzen diren garunaren zatiak dira; gizabanakoa bere gauzetan dago, aurre hartze edo iragarpen diren horietan, bizipenetan, birbizipenetan». Kontatu zuen sare hori erresonantzia funtzionalen esperimentuetan deskubritu zutela. Ikertzaileei deigarri egin zitzaien gizabanakoari «ez egin ezer» esaten ziotenean, adimenak gune batzuk aktibatzen zituela sistematikoki. Sare hori garun sozialaren barruan dago, eta hausnartzeko dispositiboekin lotuta. «Akats handiak baditu ere, gure garuna nahiko ondo eginda dago, beste pertsona horrek zer intentzio duen, zer egingo duen, zelan erreakzionatuko duen, zer nahi duen edo zer emozio sentitzen duen jakiteko» balio du. «Erraza ematen du, garuna horretarako egina daukagulako, baina oso konputazio konplexuak dira», azpimarratu zuen ikertzaileak. Espezializazio horrekin lotuta, garunak zeri erreparatzen dion eta hortik zer informazio lortzen duen azaldu zuen biopsikologoak, eta bi elementu nabarmendu zituen: begiko niniak eta esklerotika, niniaren inguruko mintz zuria. Elementu horiek informazio handia duten eta garuna aktibatzen duten seinale ugari igortzen dituztela azaldu zuen. Begi niniek espezie berekoen artean baino ez dute funtzionatzen, zehaztu zuenez; eta esklerotikaren kasuan, haren bidez pertsona batek nora begiratzen duen jakin dezakegu, baina intentzioak eta emozioak ere adierazten dituela erantsi zuen. Beraz, garun sozialak mekanismo ezberdinei esker egiten duenetik asko besteen adimenak argitzea dela adierazi zuen Martinek. Zehaztu zuenez, neurri handi batean giza garunean arlo soziala eta emozionala gainjarri egiten dira, eta batez ere horrek handitu du garunaren tamaina, soziala eta emozionala den guztiak. Sexu desira, ez hain instintiboa Gure garunak ekoizten edo besteen seinaleen aurrean eragiten dituen emozioen joko zelaian sartuta, zer gertatzen da desio eta erakarpen sexualarekin? Erantzuna Laura Moran sexologoak eman zuen, sexu harremanek behar duten elikaduraren inguruko gomendioz jositako hitzaldi batean. Azaldu zuen kontsultan oso ohikoak direla sexu desiraren inguruko kezkak; «ez dut gogorik izaten, ez dut behar» bezalako adierazpenetan islatu ohi dira. «Sexuarekin obsesionatuta dago, denbora osoan nahi du» eta «ez dakit zer gertatzen zaion, ez dut erakartzen» bezalako esaldiak ere nahiko ohikoak omen dira, arazoa formulatzen duen aldearen arabera, erantsi zuenez. Desioaz hitz egitean askotan errepikatzen den beste esaldi bat jarri zuen mahai gainean: «ez zait pizten». «Uste dugu giza sexualitatearen inguruko guztia, desira barne, oso instintiboa dela, oso automatikoa, oso espontaneoa, ez dela gauza handirik egin behar, hori hor dagoela eta zuk desioa sentitzen duzula», esan zuen Moranek. Ez da egia, ordea, edo ez guztiz, argitu zuenez. Iraganera egin zuen jauzi duela 1.200 milioi urte ugalketa sexuala jaio zen unera arte joateko, ordura arte asexuala baitzen. Ugalketa sexuala «arrakasta ebolutibo» bat izan zela nabarmendu zuen, ordutik aurrera informazio truke bat behar zelako gizabanako ezberdinen arteko ugalketa hori gauzatzeko, eta ezberdinen arteko komunikazio horretan, gauza bera ez diren «desioa» eta «erakarpena» nahasten bukatu dugula ohartarazi zuen. Desioa eta erakarpena ezberdintzeko zenbait gako eskaini zuen psikologoak. Atrakzioa faktore automatiko bat da, instintiboa, hor dagoen zerbait da. Azalean pairatu dute homofobiaren aurrean sexu orientazioa aldatzen saiatu diren pertsonak, aipatu zuenez. «Atrakzioa daukazun zerbait da, ez da alda daitekeen zerbait». Desioa, aldiz, «ondo pasatzeko gogoa da, sexu plazera izateko gogoa», eta agertzen denean gerta daiteke norbaitekin egiteko gogoa izatea, baina ezinezkoa bada beste bide batzuk daude, besteak beste, masturbazioa bera, zehaztu zuenez. «Orduan, desioa alda dezakedan zerbait da». Moranen esanetan, sexologoen aurrean esertzen diren pertsona askok sexu desiraren ideia instintibo hori izaten dute, gogoak instintu baten modura funtzionatzen duela pentsatzen dute; eta desioa sentitzen ez duen horrek «serieko arazo bat» daukala uste izaten du, sexualitatea naturala den zerbait dela pentsatzen duelako. Sexu desira, oinarri biologiko, ebolutibo eta endokrinoetan oinarritu arren, nerbio sistemako beste faktore batzuek baldintzatzen dutela argitu zuen. Moranek desioaren izaera askotarikoa dela azpimarratu zuen. Desira mota asko daude, baina biren arteko bereizketan jarri zuen begirada: sexu desio espontaneoa eta erantzuneko sexu desioa. Lehenengoa ageriko arrazoirik gabe sortzen da; gogoa sortzen da, eta horretan gorabehera hormonalek izaten duten parte-hartzea aipatu zuen, baita enamoramendua eta horrek ekartzen duen «desio espontaneoko etengabeko egoera» ere. Desira espontaneoa ageriko kausarik gabe agertzen dena da; bigarrenean, aldiz, desira sortzen duen kausa bat dago, musuak, laztanak... edo «harrikoa egitea». Azken gomendio horrek, estereotipo heterosexualarekin jarraituz, harridura eragiten duela esan zuen Moranek, baina garunaren funtzionamendura itzulita, burmuinak egiten duen interpretazioa azaldu zuen. «Gure [emakumeen] burmuinak interpretatzen du gizarteak guri gehien egozten dizkigun zereginetan laguntzen ari zaretela [gizonezkoak], uste dugu gugan pentsatzen ari zaretela, gure zaintzan, guretzako denbora gehiago izan dezagun, eta horrek guztiak testuingurua errazten du sexu desioa ager dadin», argitu zuen. Desioa aktibatzea da gakoa Irakasle eta dibulgatzaileak azpimarratu zuenez, desioa hor dago beti, aktibatzea da gakoa, desioa izateko beste eragozpenik ez badago, behintzat, hau da, errua, beldurra, min fisikoa... edo estresa bera, desioaren etsai nagusietako bat, eta emakumeen artean ohikoagoa izaten dena, zehaztu zuenez. Estresa ere eboluziotik datorren zerbait dela argitu zuen. «Estresa alerta egoera bat da eta eboluzioak diseinatu gaitu borrokatzeko edo ihes egiteko prest egon behar izate horretan», azaldu zuen. «Garrantzitsua da ulertzea plazera desioarekin lotuta dagoela eta desioa ez dela berez datorkigun zerbait», azpimarratu zuen. «Plazera sentitzeko gure burua ezagutu behar dugu, zeren askotan norberaren gorputzarekiko arbuioa dago eta gorputza plazera sentitzeko erreminta da», jarraitu zuen. Adituaren esanetan, garrantzitsua da gure testuinguruan zer gertatzen den ikustea, arazo fisiko, sozial edo harremanetakoa den zerbait dagoen, «baina desioari tokia egin behar zaio». Beste gomendio bat eman zuen, sexuari tokia egitearen ildo horretan, «zeren sarritan aurkitzen dugun gauzetako bat da ‘gremliak’ oheratu ondoren, gauerdian, elkar aurkitzen saiatzen diren bikoteak daudela, eta baldintza horietan ezinezkoa da sexu olinpiada bat egitea». Azaldu zuenez, sexuari toki hori egitea garrantzitsua da, bai bikotean bai norberaren buruarekin, baina espazioa bilatu behar da «bikotekidearekin egoteko eta sexu plazeraz gozatzeko». Nabarmendu zuenez, «desioa agertzeko lan egin behar da, eta neurozientziaz ari garela desioa beti presente dagoela gogoratu behar da». PSIKOPATAK EZ DIRA GURE GIZARTEETATIK DESAGERTUKO Ingurune sozialetan hain espezializazio handia lortu duen garunaren historia ebolutiboan, neurozientzia argitzen saiatzen ari den galderetako batzuk dira buruko gaixotasunen atzean zer dagoen, horiek zerk eragiten dituen edo garunaren zein atalekin lotuta dauden. Bilboko jardunaldietan paranoiaz edo haluzinazioez hitz egin zuten psikiatrek, baita psikopatiaz ere. «Zergatik jarraitzen dute psikopatek existitzen?», planteatu zuten. Erantzuna airean geratu zen, psikopata ospetsuenen azterketatik psikopata integratuetara, adituak ez dira ados jarri ezta jokabide horren sailkapen teknikoan ere. «Nahasmendua da, egokitzapen bat edo azpiproduktua?», galdetu zuten. Jose Miguel Martinezek bera neuropsikologoa baino gehiago primatologoa dela azaldu zuen. «Simio handien bizitza sozialean» aditua, hizkuntzaren, hautapen kulturalaren eta nerbio sistemen eboluzioa dira “Der Golem” blogaren egilearen ikerketa eremuak. «Arazoa da portaera ez dela fosilizatzen», komentatu zuen, baina duela 30 milioi urte baino gehiago garunaren bi atalen arteko truke kognitibo eta ebolutibo bat egon zen: amigdalan eta aurreko zinguluan. Aipatu zuen aldaketak izan zirela komunikatzeko eran, giro sozial eta bestelako giroekiko izan zen irekieran. Gogora ekarri zuen antzinako primateetatik gatozela, lobulu frontalen garapenarekin jokabidea antolatzen hasi ginela eta, gainera, hizkuntza heldu zela; horrek «kulturarekiko animalia hipersentikorrak egiten gaitu». Martinezek nabarmendu zuenez, psikopatiaren jatorria azaltzen saiatzen diren hipotesi ezberdinak daude. Deslotura emozionalean jartzen dute fokua aditu batzuek, enpatia defizitean... Esan daitekeena da, aipatu zuenez, psikopatak gizartean oso ondo moldatzen diren pertsonak direla, eta ezin direla inoiz asko izan, «ez die merezi». Datu bat eman zuen, populazioaren %1 badira 80 milioi psikopata baino ez daude munduan. Sakonean duten patroia besteez baliatzeko erraztasuna da, baita lidergoaz ere. Azaldu zuenez, hiri giroetan eta berdintasunezko gizarteetan oso ondo mugitzen diren profilak dira; ez, ordea, erregimen despotetan. Lotuago daude, bestalde, estatu-gizarte berrien sorrerarekin, «ez du zentzurik ehiztari biltzaileen gizarte batean psikopata integratuak ikustea, ez dago hainbeste jende». Psikopata jaio edo egiten den galderaren aurrean, Martinezen ustez, konplexua da baina baliteke giroak pisu gehiago izatea arlo biologikoak baino. «Ez da sinetsarazi diguten bezain hereditarioa», esan zuenez, eta erantsi zuen seguruenik «bizi duten giroarekin lotuta dauden estrategien multzo bat» dela. Hurrengo galdera bada psikopatak desagertuko diren, erantzuna ezezko zorrotza dela esan zuen. «Elkarrekin kolaboratzen duten pertsonak dauden gizatalde guztietan haietaz baliatzen saiatuko diren pertsonak egongo dira beti». Lortutako trebetasun horien inguruko bitxikeria bat: «Ohartzen ez bagara ere, besteen emozio adierazpenek gugan emozio bera eta intentsitate berean eragiten dute» Garunaren haziera gizartean bizitzeko behar diren gaitasunen garapenarekin lotuta dago, dimentsio sozialarekin, Manuel Martin psikobiologoak azaldu zuenez Laura Moranek azaldu zuen desiraren eta erakarpenaren historia ugalketa sexualarekin hasi zela, ezberdinen arteko komunikazioa agertu eta garatzen hasi zenean Ohartarazi zuen desira eta erakarpena nahastu egiten ditugula baina ez direla gauza bera. Bata aldatu edo moldatu daiteke beste bide batzuk bilatuz, baina bestea ez