GAUR8 - mila leiho zabalik
11. ELKAR SKETCH

Iruñeko kaleak marrazkietan jasotzeko maratoia izango da urriaren 22an

Elkarrek urtez urte antolatzen duen marrazketa maratoiak hamaikagarrena beteko du aurten. Urriaren 22an dago hitzordua jarria Iruñean eta hiru kategoriatan banatuta –helduak, 10-15 urte bitartekoak eta haurrak– sortzaileek hiriaren erretratuak jaso beharko dituzte beren koadernoetan, kalean eta unean bertan.


Elkar Sketch marrazketa maratoiak hamaikagarrena beteko du aurten. 2020an derrigorrezko geldialdia izan zen eta iaz Gasteizen izan zen hitzordua. Aurtengo berritasuna kokalekua izango da, Iruñean jarria baitago marrazteko eguna datorren urriaren 22an. Antolatzaileen esanean, «marrazketa maratoi hau ezaguna da sketching-a gustuko dutenen artean. Aurten, berritasun gisa, Iruñean egingo dugu, bertan marrazketarekiko eta arte ederrekin zerikusia duen ilustrazioarekiko zaletasun handia dagoelako».

Hiri-marrazkia edo urban sketching-a zuzenean ikusten duguna zirriborro azkar batean eta esku hutsez irudikatzean datza. Eguneroko errealitatea paperarekin eta arkatzarekin kontatzean oinarritzen den mugimendu sortzailea da.

Esan bezala, marrazketa eguna urriaren 22an izango da eta izena emateko epea urriaren 20an itxiko da. Bi bide daude izena emateko: www.elkarsketch.eus ataria edo Iruñeko Elkar liburu dendak.

Urriaren 22ko plana

Urriaren 22an, larunbatean, goizeko 9.30 eta 11.00ak bitartean dago lehen hitzordua jarria Iruñeko Leire kaleko Elkar liburu dendan. Marrazki maratoian parte hartuko dutenek bertan jasoko dute materiala: koaderno konpultsatu bat, arkatz bat, Iruñeko mapa bat eta hamaiketarako txartela –12.00-12.30 artean Media Luna lorategian egina dago hitzordua taldeko argazkia atera eta hamaiketakoa egiteko–. Arratsaldeko 18.30ak arte izango dute lehiakideek marrazteko epea. Ordu hori baino lehen utzi beharko dute koadernoa bueltan hasierako liburu dendan.

Maratoian lau leku hauetako marrazkiak egin beharko dituzte: Zabalguneko merkatua, Media Luna parkea, Gazteluko plaza eta Goikoetxea jauregia. Horiez gain, hiriarekin lotutako nahi adina marrazki aurkeztu ditzakete koadernoan. Teknikari dagokionez, Elkarrek lehiakide bakoitzari Moleskine koaderno eta arkatz bana emango dio. Derrigorrezkoa izango da marrazkiak koaderno horretan egitea, baina marrazketa teknika guztiz librea da. Nahi diren margo eta materialak erabil daitezke, eta arkatza erabiltzea aukerakoa izango da.

Hiru kategoriatan banatuko da marrazki maratoia: 16 urtetik gorakoak, 10-15 urte bitarteko gaztetxoak eta 10 urtetik beherako haurrak. Helduen koaderno onenari 100 euroko Elkar txartela eta Moleskineren sari sorta emango zaio. Gaztetxoen lan onenari, 70 euroko Elkar txartela eta Moleskineren saria. Eta haurretan saria 50 euroko Elkar txartela eta Moleskineren sorta izango da.