GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevue
ISMAEL MANTEROLA ISPIZUA
ARTE EDERREN FAKULTATEKO DEKANOA

«Batzuetan unibertsitateari ahaztu egiten zaio arte ederrak beste edozein jakintza arlo bezalakoak direla»

Irailean hartu zuen kargu berria, kudeaketa lanak, irakaskuntza eta ikerkuntza bezain gogoko ez baditu ere, denen ardura direla uste baitu.

Ismael Manterola, Arte Ederren Fakultatean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Arte Ederren Fakultateko dekano berria da Ismael Manterola Izpizua zumaiarra. Valentziako Unibertsitatean Arte Historia ikasketak egin ondoren, EHUn Arte Historiako doktoretza lortu zuen. Artearen Historia irakaslea da eta ikerketa ere ohiko jarduna du. Besteak beste, hainbat erakusketa antolatu ditu 2006. urtetik; arte kritika idatzi izan du “Egunkaria”, “Berria” eta GARA egunkarietan, eta duela bost urte nabarmendu beharreko saiakera bat argitaratu zuen euskal artearen munduaren inguruko hainbat kezka eta gogoeta plazaratuz: “Maite ditut maite”.

Honakoa Manterolaren ibilbidearen laburpen bat baino ez da; eskarmentu handia du, beraz, arte munduan, eta irakaskuntza eta ikerkuntza jardunik gogokoenak dituen arren, kudeaketa lana ere denen artean banatu beharreko ardura dela dio. Bere karguak dituen mugen jakitun, ez du aldaketa handirik eragitea espero eta euskal artearen inguruko kezkak ez zaizkio berehalakoan uxatuko, baina ez ditu baztertuko. Aurreko zuzendaritza taldearen ildotik, ikasleekiko harreman onari eutsiko dio.

Eskarmentua badaukazu bai irakaskuntzan, bai ikerkuntzan. Ez dakit kargu horretarako fakultatea ondo ezagutzea ezinbesteko baldintza den, baina zure kasuan hala da, ezta?

Bai, hala da, batez ere urte asko daramatzadalako hemen. Ondo ezagutzen dut, eta zuzendaritza taldean ere egon nintzen bere garaian; beraz, hau niretzat ez da zeharo berria. Ez da nire gustuko kontua, baina baten batek egin behar du lan hau.

Nahiko orokorra da zuzendaritza karguak, ahal izatera, saihestea, ezta?

Bai, ez da baloratzen den gauza bat eta, orduan, jendeak ez du nahi izaten horrelako gauzetan sartu. Normala da.

Irakaskuntza eta ikerkuntza nahiago dituzu, beraz, lan administratiboa baino.

Nik irakaskuntza nahiago dut, eskolak ematea gustatzen zait, eta ikerkuntza ere bai, baina egia da hau ere gure eginkizunen barruan dagoela, eta hori beharbada jendeari ahaztu egiten zaio, irakasle eta ikertzaile izateaz gain gestioa erraztu egin behar dugula. Ardurak banatu egin behar dira, zeren batzuetan, banatu beharrean, beti berberak daude gauza hauetan.

Zuzendaritza taldearen gaitasuna ez dut zalantzan jarriko, jakina, baina ez dakit norainoko ahalmena izango duzuen ez bakarrik iragarri dituzuen asmoak gauzatzeko, baizik eta beste kezka batzuei legozkiekeen irtenbideak ere bultzatzeko.

Askotan ez dago aukera handirik. Adibidez, momentu honetan gure fakultatean arazo pila daukagu irakasleen egonkortasunarekin. Hori ez dago gure esku, ezin gara horrelako gauzetan sartu; baina egia da leku askotan, unibertsitatean behintzat, badela arazo bat: jende berriari edo gazteei ez zaie gauza handirik eskaintzen denbora asko pasatu arte. Orduan, zaila da, jendeak ez du egonkortasunik bere lanpostuan oso berandu arte. Eta guretzat bada arazoa, baina ezin dugu ezer egin.

Talde berriaren asmo nagusiak iragartzean esan zenuten aurreko lantaldeari esker Arte Ederren Fakultateak nazioartean eta jendartean presentzia irabazi duela, eta zuek, ildo beretik jarraituz, areagotu egin nahi duzuela.

Gure asmoa da aurreko zuzendaritza taldeak orain arte egin duenari jarraitzea. Horiek zortzi urtean egon dira; denbora pixka bat eman dute, beraz, eta ahalegin handia egin dute gure fakultateak presentzia izateko bai unibertsitate barruan, bai jendartean. Izan ere, batzuetan unibertsitateari ahaztu egiten zaio arte ederrak hor daudela eta beste edozein jakintza arlo bezalakoak direla, ez direla bakarrik jakintza arlo dekoratibo bat, edo alaia, koloretsua… horrelako zerbait. Hau da, gure fakultatean ikerkuntza egiten da eta irakaskuntza eskaintzen da, eta hori batzuetan ez dago horren argi, gure ikertzeko moduak eta gure irakaskuntza moduak ezberdinak direlako. Orduan, askotan ikerkuntza edo hezkuntza baloratzeko irizpideek ez dituzte kontuan hartzen gure berezitasunak. Asko kostatzen ari zaigu azaltzea, eta nik uste dut aurreko taldeak lan asko egin zuela horretan, bai unibertsitateari, bai unibertsitatetik kanpo dauden beste erakunde batzuei; adibidez, hor daude akreditazio agentziak eta horrelakoak. Gu oso lotuta gaude gaur egun garrantzi handia daukaten beste erakunde batzuekin. Hor baloratu behar da Arte Ederren Fakultatean, edo arte ederretan, ikertzeko modu desberdin batzuk daudela, eta irizpide horiek kontuan izan behar dute hori. Adibidez, eta erraz ulertzeko, gure unibertsitateko curriculumetan garrantzi handia ematen zaie patenteei. Guk patenteekin ez dugu lanik egiten, noski, guk beste kontu batzuk dauzkagu, hala nola erakusketa formatuak eta horrelako gauzak, eta askotan horiek ez dira baloratzen, edo ez dira behar bezala baloratzen. Hori azaltzea ez da erraza, batez ere ikerkuntza akademiko tradizionalari oso lotuta dauden instituzioetan.

Kanpora begira, egia da gure fakultateak presentzia handia izan duela azken urteetan, batez ere itun asko dauzkagulako hainbat erakunderekin; hala ere, asko kostatzen ari zaigu kolaboratzea, adibidez, hiriko beste erakunde batzuekin, arte ederren museoekin... Askotan, hirian bertan, batez ere Bilbon, gauza batzuk antolatzen direnean, aurretik beste unibertsitate batzuk hartzen dira kontuan, eta gu, unibertsitate publiko moduan, pixka bat bigarren mailan gelditzen gara, eta hori harrigarria da unibertsitate publiko bakarra izanda. Horri aurre egitea kostatzen da. Asko dago egiteko; adibidez, hezkuntza munduan Eusko Jaurlaritzaren interlokutore naturalak gu izan beharrean, beste batzuk dira, esate baterako, Gasteizko goi mailako eskola bat, edo horrelako gauzetan eskumenik ez daukatenak. Gu, berriz, ez gaituzte aintzat hartzen. Horrekin lan asko egin behar da.

Zertan da gizartean duzuen presentzia hori?

Momentu honetan harrigarria da, zeren badauzkagu kolaborazio asko praktiketarako, ikerketarako, ikerketa proiektu askotan gaude sartuta… hori ere hala da, baina betiere adi egon behar dugu eusteko, ez bueltatzeko aurreko egoera batzuetara. Hor gaude eta lan egin behar da.

Duela bost urte, “Maite ditut maite” saiakeran zenbait kezka azaldu zenituen, horietako bat jendartearen eta arte ederren arteko distantzia, hain zuzen. Elkarrengandik aldentze hori trantsizio garaian gertatu zela zenioen, eta instituzionalizazioaren ondorio izan zela neurri batean. Alde batetik, zuk diozunez, jende askok arte ederrak bigarren mailako zerbait gisa sumatzen ditu, aisialdi eta edergarri gisa. Baita zerbait elitista gisa ere? Eta, bestetik, artistek ere ez ote dute beren burua ez dakit elitistatzat baina jendartearengandik urrun?

Bai, urruntze bikoitza da. Guk ikerketa egiten dugu, beste edozein jakintza arlotan bezala, eta beste alde batetik bada nolabaiteko korronte handi bat, askotan komunikabideek bultzatzen dutena, arrarotasunaren inguruan, salbuespen moduko bat, misteriotsua, berezia eta abar izatea bultzatzen duena. Ni ez nago batere konforme ikuspuntu horrekin, eta gure asmoa beti da normalizatzea. Jendarteko zati bat gara, jendartean integratuta gaude eta jendarteak horrelako zerbait behar duela uste dugu.

Kezka horrekin lotuta, “Maite ditut maite” saioan edo lehengo urtean “Jakin”-ek eskatu zidan artikulu batean agertu nuen kezketako bat zen jendartea baino gehiago jendartearen zati handi batek, tartean botere politikoek edo, artearen industriara jo duela, eta unibertsitatean bertan ere eskatzen zaigula enpresekin lan egitea. Tira, batzuetan enpresekin jakintza lantzea posible da, baina beste batzuetan jakintza jakintzagatik egin behar da; esan nahi dut ez dela instrumentalizatu behar. Hor ni ikusten ari naiz industria kulturalaren ideia, diseinuarekin, edo zinemarekin, horrelako gauzekin. Ez dut esaten industriarekin ezin garela elkartu, jendeak lan egin behar du, ez dago horren dudarik, baina ez du helburua izan behar. Helburua ez da industria, baizik eta jakintza, ikerketa eta sormena, eta gero praktikoa baldin bada, primeran. Baina ez du baldintza izan behar. Momentu honetan unibertsitatea orokorrean horrelako utilitarismo batean sartuta dago, eta jakintza toki izan beharrean, jakintza praktikoaren toki bihurtzen ari da. Eta niretzat kezka da. Askotan arte ederrei buruz orokorrean hitz egin beharrean, diseinuari buruz edo zeozer praktikoa daukanari buruz hitz egiten da, etekin bat ateratzeko pentsatutako zerbaiti buruz.

Beste susmo bat ere agertu zenuen zeure saioan: euskal kulturak kanpoan utzi duela artea, edo arteak euskal kulturatik kanpo ikusten duela bere burua.

Bai, momentu batean, urte batzuetan behintzat egon zen horrelako kezka bat, ikusten genuelako lehen zuk aipatu duzun zerbait, arte munduko jende asko, edo arte mundua oro har, elitizazio prozesu baten ondoren urrundu egin zela euskal kulturatik. Euskal kulturan lankidetza zegoen, musika literaturarekin eta, baina artea beti gelditzen zen kanpoan, eta nik kezka bat neukan. Gaur egun ere ikusten dut pixka bat horrelako zerbait gertatzen dela.

Museoekiko eta artistekiko lankidetza hitzarmenak dituzue. Zure beste kezketako bat euskal artearen lurraldetasunari lotutakoa zen, museoen arteko eta artista sareen arteko harreman falta sumatzen zenuelako, oso nabarmen Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean.

Bai. Momentu honetan guretzat kezka bat da. Unibertsitatetik begiratuz gero ere, Ipar Euskal Herriko unibertsitatearekiko harremana eskasa da, eta Hegoaldeko beste unibertsitateekikoa ere, unibertsitate publikoarekin, NUPekin… ez dago gaizki, baina ez da oso lankidetza estua. Eta kezkagarria da; sare bat osatu beharrean, alderantziz gertatzen ari da. Badaude azken urteetan posible egin diren horrelako ekimen batzuk; adibidez, Uharte zentroak abian jarri zuen berezko titulu bat, eta hor NUP eta EHUk elkarrekin dihardute lanean. Horrelako gauzek zeozertarako balio dute, baina nik uste dut gehiago behar dela. Eta museo sarea zaila baldin bada, guretzat hor sartzea ezinezkoa da, hor zenbait erabaki daude eta guk ez daukagu hor sartzeko ahalmen handirik; orduan, zaila da. Baina bai, pena da ez izatea kolaboratzeko horrelako erraztasunik museoen artean, ezta unibertsitateen artean ere. Gainera, unibertsitateen eta museoen arteko harremanak ere ez dira errazak, ez dago borondate handirik elkarrekin gauzak egiteko, eta askotan bizkarra emanda bizi gara.

Erabaki politikoen joeraren ondorio?

Nik uste dut hor erabaki batzuk behintzat politikoak direla, horregatik esaten dut gure zeregina oso mugatua dela, zeren ez bada behintzat beste alde batetik horretarako erraztasunik ematen, zaila izango da aldatzea.

Lantalde berriaren asmo edo erronkei dagokienez, ikasleekiko harremanak ere areagotu nahi omen dituzue.

Egia da aurreko urteetan ikasleekiko komunikazio bideak zabalik egon direla eta horretan asko baloratzen dut aurreko zuzendaritzak egindako lana. Hala ere, oso momentu gogorrak tokatu dira bat-batean pandemiaren garaian. Zaila izan da ikasleekin harremanei, komunikazio bide batzuei eustea, etxean zeudelako edo beste kontu batzuengatik.... Konplexua zen egoera, guretzat ere espazioen kudeaketa, osasun baldintza batzuk bermatzea… hori dena zaila izan da. Aurreko urtean ikusi genuen egoera pixka bat normalizatu egin zela eta aurten zeharo normalizatu da, ez dago aparteko osasun baldintzarik eta ikasleekiko harremana ere uste dugu normalizatzen joango dela. Azken urtean oso aktibo daude, ikasleen kontseilu bat sortu da, oso interlokutore zuzena da eta oso leiala; esan nahi dut beraiek eskatzen dutela komunikazio hori, hau da, lan egiten dutela. Espero dugu beraiekin elkarlanean jarraitzea eta, dudarik gabe, ateak beti zabalik dauzkate, beren proposamenak egin eta kezkak eta abar azal ditzaten.

Eta solas honetan zehar agertu diren kezkak eta gogoetak fakultatean ere badaude? Ikasleekin partekatzen dituzue?

Bai. Ikasleekiko harremanak oso zuzenak dira gure fakultatean, ikasketa praktikoak direlako; orduan, kezkak konpartitzen ditugu, nahiz eta gauza batzuk ez dauden gure esku, hori ere esan behar da. Izan ere, gauza bat da fakultateko zuzendaria izatea eta beste bat errektorea izatea, bi gauza ezberdin dira. Gero, askotariko errealitateak daude, batez ere ekonomikoak, eta eskaera batzuei erantzutea batzuetan guretzat ezinezkoa da, guk ez daukagulako baliabide ekonomikorik; espazioa, adibidez, beti da arazo gure ikasle eta irakasleentzat. Askotan zaila izaten da erantzutea beraien eskakizun oso konkretu batzuei, baina oro har eskakizun zabalei, eurek parte hartu nahi duten horiei dagokienez, nik uste dut hobeto egin dela azken zortzi urteetan eta espero dut berdin jarraituko duela.

Euskara da zure beste kezketako bat. Euskal artearen eta euskararen arteko lotura, edo lotura eskasa, zehazki.

Guri dagokigunez, niretzat behintzat, konturik mingarriena ikerketa da. Euskaraz ez da egiten, ez da bultzatzen, ikasleak gradu bukaerara iristen dira eta euskararen mundua bukatu da. Gero ikerketan hasten badira, mundu hori gaztelaniaz da, bai ikasleak falkultatetik arte praktikara irteten direnean, bai unibertsitatean bertan ikertzen jardun edo jarraitu nahi baldin badute, edo beste edozein erakunde artistikotan. Nire kezkak berdin jarraitzen du: nola indartu euskara ikerketan.

Era berean, kezka orokor bat dago, ez nirea bakarrik, baizik eta gizarte osoarena: erabilera. Horrelako inkesta batzuen arabera, erabilera askoz handiagoa da irakasleen artean ikasleen artean baino, eta hori niretzat harrigarria da, kontuan izanda alderantziz izan behar lukeela, uste izatekoa baita jende gazteak, kopuruz behintzat, gehiago dakiela euskaraz. Eta hori, erabilera nola sustatzen den jakitea zaila da eta beharbada laguntza soziolinguistikoa behar genuke, horrelako zerbait beharko litzateke nire ustez, eta baliteke honezkero zerbait pentsatzen aritzea Unibertsitateko Euskara Errektoreordetzan.

Zuzendaritza taldeko lagunekin harreman ona izango duzu, noski.

Aurreko zuzendaritza taldeko jende asko gelditu da nik zuzentzen dudan talde honetan eta benetan eskertzen dut hori. Berria ni naiz eta ez beraiek. Arantza Lauzirikaren taldearen jarraipena izatea da gure asmoa.