22 OCT. 2022 Min kronikoaren inguruan burutik kendu behar diren bost ideia aletu ditu aditu talde batek Mediku kontsulta ugariren atzean dago. Bizitza eta munduari begiratzeko modua alda dezake min kroniko batek. Hala ere, zenbait uste faltsu eratu dira gai honen inguruan. UOCeko adituek bost identifikatu eta zenbait argibide eman dituzte: mina ez da asmatzen eta faktore psikologikoek pisu handia dute. GAUR8 Bizkarreko mina, lepoko mina, burukoa, sorbaldakoa... Mina ohiko esperientzia bat da, gorputzeko edozein tokitan ager daitekeena. Estatu espainolean, mediku kontsulten %40 eta 80 artean minarekin lotuta daude, eta biztanleriaren %17 min kronikoarekin bizi dela kalkulatzen da, Estatuko Osasun Zuzendarien Elkarteak emandako datuen arabera. Gutxienez hiru hilabetez agertzen denean hartzen da min kronikotzat. Ikuspegi ezberdinetatik begiratuta, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko aditu talde batek min kronikoaren inguruan dauden uste faltsuak aletu ditu. Garunak jokatzen duen papera ekarri dute gogora lehenik eta behin, minaren esperientzia horretan nola eragiten duen azaltzeko. Ruben Nieto min iraunkorrean aditua den psikologoak eta UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Ikasketetako irakasleak azaldu duenez, «mina esperientzia subjektibo bat da, garunak hainbat faktoreren elkarreraginetik eratzen duena, eta horien artean psikologikoek rol oso garrantzitsua dute». Horregatik, maiz uste izaten da min kroniko edo iraunkorra ez dela erreala. Lehen uste faltsua: kausa fisikorik aurkitzen ez bada, pertsona mina asmatzen ari da. Batzuetan, identifika daitekeen kausarik ez aurkitzeak mina asmatua dela pentsaraz diezaguke. Ruben Nieto eta Mayte Serrat psikologoek, “Dolor y psicología: ¿por qué es necesario la persona especialista en dolor?” liburuaren egileek, azaldu dutenez, «mina ez da borondatez asmatzen edo sortzen. Mina beti da erreala, eta pertsonak iritzia eman edo pentsa dezakeena alde batera utzita sortzen da». Tradizioz, mina «eredu biomediko baten arabera ulertu izan da, ehunen kaltearekin lotuta, eta zenbat eta kalte handiagoa (zenbat eta nozizepzio handiagoa) orduan eta min handiagoa sentitzen dela interpretatu izan da. Neurozientziari esker, badakigu hori ez dela horrela», argitu du Serratek. Gorputz adar fantasmaren adibidea jarri du, pertsona batek jada ez duen gorputzeko zati batean mina hautematen duenean gertatzen dena, alegia. «Gorputz fisikorik gabe mina izan dezake, eta zati fisiko hori balu bezain erreala da. Kontuan izan behar da nozizepzioa ez dela beharrezkoa mina sortzeko», gaineratu du psikologo eta fisioterapeutak. Mina fisikoa edo psikologikoa da Adituek zehaztu duten beste uste faltsuetako bat da minak izaera fisikoa edo psikologikoa daukala. Azaldu dutenez, mina garunaren iritzi bat da, eta ez dauka zuzeneko loturarik jasan daitekeen kalte fisikoarekin; garunak egiten duen interpretazioarekin baizik, lesio potentzial edo erreal baten aurrean, zenbaterainoko mehatxua edo arriskua ekar diezaiokeen neurtzean. Ruben Nietoren esanetan, ez dauka zentzurik minaren izaera polarizatzeak –fisikoa edo psikologikoa–, «minaren esperientzia bakarra eta pertsona bakoitzarentzat modu bakarrean eraikia den heinean, faktore anitzen elkarreraginetik abiatuta. Eta faktore psikologikoek minaren esperientzian pisu handia izan dezaketen arren, horrek ez du esan nahi mina soilik psikologikotzat har daitekeenik». Minaren esperientzia modulatzen duten faktore psikologiko horien artean gogo aldartea dago, eragina izan baitezake min hori esperimentatzeko moduan. «Triste sentitzen bagara, adibidez, gauzak modu negatiboan ikusteko joera izango dugu, eta gugan eragin handiagoa izango du minak. Zentzu horretan, ‘pentsamendu katastrofikoak’ ager daitezke, hau da, uste izatea egoera hori (mina) aldarazterik ez dugula, gure pentsamenduen zati handi bat hartzea eta izugarritzat jotzea, benetan dena baino askoz okerragotzat. Pentsaera horrek lesionatzeko beldurra edo mina areagotu dezaketen jarduerak egiteko beldurra eragin dezake, eta azkenean okerrago sentiaraz gaitzakeen gurpil zoro bat sortzen da», dio UOCeko irakasleak. Era berean, estresak mina areagotu egin dezake eta minak estresa sor dezake. Minaren neurozientzia Pairamen kroniko horien inguruan sarri uste da mina gutxitzen laguntzeko ezin dela ezer egin, eta ez da egia. Nietok eta Serratek horren azalpena eman dute. Gorputzeko atalen bat arriskuan dagoenean mina izatea, normala ez ezik, desiragarria ere bada. Baina biziraupen eta babes funtzio hori betetzen ez duenean, bere zeregina betetzeari uzten dio. Kasu horietan, funtsezkoa da mina sentitzen duen pertsonaren lana. «Minak ez du esan nahi, nahitaez, ehunetan kalterik dagoenik, baina garunak ikasi du zenbait sentsazio eta pertzepzio minarekin lotzen. Garunari harreman horiek birkontzeptualizatzen irakastea da kontua, berriro heztea. Eta birkontzeptualizazio hori minaren neurozientzian heztearen bidez egin daiteke, asoziazioak zer mekanismoren bidez gertatzen diren azalduz eta hainbat teknika eta ariketa landuz», azpimarratu du Mayte Serratek. Era horretan, burmuinak interpretatzen badu benetako kaltea izanda ere ez dela beharrezkoa aparteko ezer egitea, ez du minik sortuko. Horren adibide gisa jarri du gure gorputzean ubeldu bat aurkitu baina kolpea non edo noiz hartu dugun gogoratzen ez dugunekoa. «Minaren esperientzia ikaskuntza prozesu baten parte dela ulertuta, desikasi egin daiteke, heziketa egokia jasotzeko eta burmuinak asoziazio kontzeptu berriak eraikitzeko, gure biziraupenerako beharrezkoa den min funtzionala sor dezan eta bere zeregina betetzen ez duen min iraunkorra, aldiz, ezabatu dezan». Emakumeen kontua da Fibromialgia bezalako gaixotasun batzuk batez ere emakumeekin lotzen dira, eta errealitate horrek min kronikoa edo iraunkorra emakumeek bakarrik pairatzen duten esperientzia dela uste izatea ekar dezake. Hala ere, Nietoren eta Serraten arabera, gizonezkoetan fibromialgia bezalako gaixotasunen infradiagnostiko arazo bat dago, «agian gaixotasunak izaera femeninoa duelako usteak eragindako estigma sozialengatik eta gizonek minaren aurrean duten sendotasunaren estereotipoagatik. Premiazkoa eta beharrezkoa da genero ikuspegia eremu guztietan aplikatzea, eta minaren testuingurua ez da salbuespena». Inguruak ezin du ezer egin Min kronikoari dagokionez, sarritan uste izaten da egoera bizi duen pertsonaren ingurukoek ezin dutela laguntzeko ezer egin. Psikologoen iritziz, ingurukoek, beren portaeraren bidez, eragina izan dezakete minaren modulazioan inplikatuta dauden faktoreetan, eta horregatik, paper garrantzitsua jokatzen dute. «Adibidez, mina duenak bere arazoa adierazten duenean inguruko norbaitek haren zeregin guztiak egiten baditu, eta beti egiten baditu, ziurrenik, nahita izan gabe ere, zera eragingo du, mina duen pertsonak jarduerak berriro egiten hasi nahi duenean zailtasun gehiago izatea. Saihestea ez da estrategia ona, konfrontazioa beharrezkoa da», azaldu dute Nietok eta Serratek. Horregatik, garrantzitsua da hurbilekoak tratamenduetan inplikatzea, mina duenak behar duen laguntzarekin aurre egin ahal izan diezaion egoerari. Mezuak eta oharrak ere garrantzi handikoak dira, eta, horretarako, beharrezkoa da minaren kronifikazioaren funtzionamendua eta hor esku hartzen duten faktoreak ondo ulertzea. KEZKAK, MINAREN ERAGILE BERRIAK... IZURRITEAREKIN OKERRERA EGIN DU %70EK Covid-19aren pandemiak ondorio nabarmenak eragin ditu min kronikoa pairatzen duten pertsonengan. UOCeko Osasunaren Zientzien eHelath Lab-en ikerlan baten arabera, aztertutako lagunen %70en egoera okertu egin da. Minaren intentsitatea, gertaeren maiztasuna eta eguneroko bizitzan minak duen interferentzia okertzen ikusi dute. Emaitzek erakusten dute okerrera egite horrekin lotuta egon daitezkeela laneko segurtasunik eza, etorkizunaren aurreko kezka, etxe berean elkarrekin bizi diren pertsonen kopurua, birusaren eraginez gertukoren bat hil izana edo kutsatzeko beldurra. Bestalde, minaren eragile berriak agertu dira. Lehen estresa eta eguraldi aldaketak ohikoenak baziren, konfinamendu garaian, etorkizunarekiko kezka, loaren arazoak, segurtasunik eza, pentsamendu negatiboak, tristura, bakardadea, sedentarismoa eta kutsatzeko beldurra aipatzen zituzten gaixoek. Pandemiak, bestalde, minari aurre egiteko moduak ere aldatu ditu. Alarma ezarri zenetik gaixoen erdiak baino gehiagok atsedena erabili dute, eta antzeko portzentaje batek medikazioaren kontsumoa handitu du. Formula biak kaltegarriak izan daitezke, Ruben Nieto ikertzailearen ustez. Alde positiboan, nabarmendu du %48,2k mina kentzeko tresna gisa hartu dutela luzatze ariketak egitea. Mina desagertzea zaila dela baina horri aurre egitea eta berarekin bizitzea posiblea dela gaineratu du. Bide horretan, esku hartze biopsikosozialen baliagarritasuna nabarmendu du, eta informazio eta komunikazio teknologiak tratamenduak errazteko eta jende gehiagorengana heltzeko tresna eraginkorrak izan daitezkeela ohartarazi du. Garunak ikasi egiten du zenbait sentsazio minarekin lotzen. Adituen esanetan, «garunari harreman horiek birkontzeptualizatzen irakastea da kontua, berriro heztea» Genero ikuspegia arlo guztietan txertatzea eta gaixoaren ingurukoak tratamenduan inplikatzea dira espezialistek aipatzen dituzten beste gakoetako bi