GAUR8 - mila leiho zabalik

Gutxiengo erotikoak


Gutxiengo» hitz estatistiko bat da, zerbaiten azpimultzo txikia adierazten du. Izatez gutxiengo izateak ez du balio konkretu bat, informazio deskribatzailea besterik ez da. Baina, askotan, jendartean ez dugu deskribatzeko erabili, epaitzeko baizik. Soziologiak dioenez, kategoria honetan dauden (sartu ditugun) pertsonek desabantaila nabaria bizi dute talde handiarekin alderatuz. Dominazioarekin egiten dute topo eta beraien existentzia arrisku bilakatzen da. Esan beharra dago «gutxiengo» eta «zapaldu» ere sinonimotzat jo direla eta, askotan, ez dira gauza bera (aberatsak jendartearen gutxiengo dira eta zapaltzaileak).

Jakin badakigu erotikak izan duela (oraindik hortxe goaz) kutsu ilun eta arriskutsu bat. Gure jendartean, ezkonduen arteko (eta haurrak izateko helbururik gabeko) koitotik kanpo geratzen zen praktika oro kondenatua izan da terminologia abaniko aberats baten bitartez; bekatu izatetik, gaixo izatera, immoralak, perbertituak, inbertituak, fetitxistak, parafiliakoak… Hitz goxo eta jator desberdinak, berdintsua esateko. Moralaren eta zientziaren arteko elkarlana ezinbestekoa izan da multzokatze eta epaiketa hau egiteko garaian; bekatutik patologiara egin dugu bidea, sotana beltzetatik zurietara.

Ezin ahaztu talde hauek zenbatetan lotu diren indarkeriarekin. Dirudienez, oinak oso gustuko dituenak delituak egiteko aukera askoz ere gehiago ditu. Kuriosoa harremana. Esaten dudan hau askotan ikus dezakegu hilketa pelikula eta telesailetan, askotan hiltzaileak badu ezaugarri erotiko bitxiren bat, fetitxeren bat. Ezin du tipo koitozentrista arrunta izan, noski. Harreman eta lotura hauek ez dira kasualitatez egiten. Helburua oso argia da; modu onak eta bakarrak daude erotika bizitzeko eta beste guztia, ulertzen ez dena, ez dago ondo.

Hobeto edo okerrago iruditu, erotikan aniztasuna da nagusi; bai desiretan, identitateak ulertzeko moduetan, izendatzean, gustuko ditugun praktiketan, harreman ereduetan… eta aniztasun hori beti egon da eta egongo da. Gure sinismenek ere badute kutsu hau, moralen usaina. Oraindik ere gustu eta praktika batzuk gaizki iruditzen zaizkigu, indarkeriarekin nahasten ditugu, gaixotasunekin… Adi egon behar gara moralaren tranpetan ez erortzeko, publikoa aldatuz doa baina beti dago zeinen aurka jo. Terminologia aldatuz doa baina esanahiak ez. Ondo geratzen da jendearen aurrean hitz egokiak erabiltzea, baina esan nahi duguna aldatzen ez bada, ez du ezertarako balio. Zergatik deitzen diogu filia gauza batzuei eta ez besteei? Edo fetitxe?

Deskribatzera pasatzea da proposamena. Deskribatzea ulertzera pasatzeko eta ez dominazioak indartzeko. Ulertzeak ezagutzara garamatza, edo alderantziz? Ez dakit, seguruenik biak batera. Eta bukatzeko, sekretu bat kontatuko dizuet. Denak gara gutxiengo, nahiz eta gure berezitasuna deskubritzera ez ausartu eta mugak jarri. Bai, irakurri duzun bezala, zu ere perbertitu bat zara. •