17 DéC. 2022 ORAIN ARTEKO BEDERATZIAK Basarritik Lujanbiora, zenbat txapel hainbat buru; aurten hamargarrena? Bertsogintzak berea du jolasa bezala jokoa eta badira antzinagoko bertso joko ospetsuak. Halere, 1935 eta 1936an egin ziren Bertsolari Guduak hartzen dira lehendabiziko txapelketatzat. Basarri izan zen aurreneko txapelduna eta harengandik Maialen Lujanbiorengana mundu bat ez, bederatzi mundu daude. Txapelen barnean begiratu eta deskubritu ditzagun. Uztapide, 1967an. Sendoa Artxiboa (SENDOA ARTXIBOA - Aitor GONZALEZ - Luis JAUREGIALTZO FOKU) Maider Iantzi Euskal Herriko bederatzi bertsolari txapeldun daude historian: Basarri, Txirrita, Uztapide, Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Bihar agian hamargarrena izan daiteke. Bidaia bat proposatzen dizuegu, 1935ean hasi eta gaur egunera buelta, orain arteko bederatzi garaileen txapelak jiratu eta barneko altxorretan arakatuz. 1. Basarri Iñaki Eizmendi Manterola dugu lehendabiziko txapelduna. Errezilen jaio zen 1913an, baina Zarautzen bizi izan zen denbora gehiena, 1999an, 87 urte betetzear zituela, hil zen arte. 21 urterekin izan zen txapeldun, 1935ean. Lehenengo Bertsolari Gudu hartan, 20 bertsolari lehiatu ziren egun bakar batean, noiz eta San Sebastian egunean, Donostiako Poxpolin antzokian. Bertsolari guduek betiko lotu zuten Basarri Uztapiderekin. Gerran frontearen alde banatan ibili eta gero, bertsoak bildu zituen plazaz plaza. Gerraosteko lehen Txapelketa Nagusiko txapela ere errezildarrak eraman zuen 1960an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 48 urterekin. Orduan, herrialdeetako txapelketak jokatu ziren 56 bertsolariren artean, eta hamar iritsi ziren finalera. 1962an, Uztapideren gibeletik bigarren egin zuenean, ez zen bat etorri emaitzarekin eta ez zuen gehiago parte hartu. Abenduaren 30ean jokatu zen final hartan, hauxe izan zuten kartzelako gaia: «Biyar bukatuko dan urte oni bertso bat bota bear diozu». Hona Basarriren lana: «Anai-arrebok, pasatu zaigu, pasatu zaigu urte bete/ zartutzen ari gera guztiok, orrekin daukagu kalte/ gaztetasun nun ziñan? gu´re or izan giñan, ia orain zaude aparte/ ain urte txarra etzera izan ta ondo ezkutatu zaite». Basarri da bertsoa sagardotegi eta taberna girotik jaso izanaren eragile nagusia. Bertsolaritzari buruzko ikuspegi bere-berea zuen, etorri handia, eta hagitz miretsia zen. 2. Txirrita Bertsolaritzaren izarrik handienetakoa da Jose Manuel Lujanbio Retegi “Txirrita”. Ereñotzun jaio zen 1860an eta Altzako Gazteluene baserrian eman zituen azken urteak. Hil zen urte berean, 1936an, izan zen txapeldun, 76 urterekin. Ilbeltzaren 19an egin zen Bigarren Bertsolari Gudua, Donostiako Victoria Eugenian. 30 bertsolarik kantatu zuten bi sailkapen saiotan, eta hamar ailegatu ziren finalera. Txirrita beti zegoen prest kantatzeko. Eskolagabea izan arren, leitzen bazekien eta herritar aunitzen buruan arrotz ziren erreferentziak zituen, erromatarren historiakoak eta foruen galerakoak adibidez. Bat-bateko bertsolari bezala baino ezagunagoa zen bertso-jartzaile gisa. 10 duro kobratzen zituen sortako. 3. Uztapide 1962ko txapelduna izan zen Uztapide. 84 partaide izan zituen txapelketa hark eta hamarrek kantatu zuten Donostiako Astoria antzokiko final handian. «Ama» izan zuten kartzelako gai. Hona haren lehen bertsoa: «Auxen da gai polita orain neregana/ alboko lagunendik etorri zaidana/ bertsoak bota bear emen iru bana/ ortan esango nuke nik naitasun dana/ beste ze esanik ez ta esanikan: ama». Manuel Olaizola Urbieta Zestoako Endoia auzoan sortu zen 1909an. 1952an Oiartzunera ezkondu eta Ergoienen zendu zen 1983an. Bertsolaririk maitatuenetakoa da. Hiru belaunalditara egokitzen asmatu eta guztien errespetua eta ezagutza eskuratu zituen. Behatzaile zorrotza zen, hizkera eta arrazoiketa garbikoa. Etorri handia zuen, eta ahots sakona. 1965 eta 1967an ere irabazle izan zen. Xabier Amuriza, 1982an. Aitor GONZALEZ 4. Xabier Amuriza Bertsolaritza modernoaren figura nabarmena dugu Xabier Amuriza Sarrionandia, aunitzen eredua. 1941ean Etxanon jaioa, 6 urtetxorekin jada jendaurrean kantari aritzen zen. 1980an, Donostiako Balda pilotalekuan egin zen finala, Errege egunez, zortzi bertsolarirekin. Amurizak lehen txapela jantzi zuen, 39 urterekin, eta berarekin bertsolaritza garai berri batean sartu zen. Bere hizkera eta irudien mundu bereziak ekarri zituen, doinu ugari asmatzearekin batera. Bederatzi puntukoan, Euskal Herriari kantatu zion: «Erreka-bazterrean ernetzen da altza/ ark bezela guk ere orriak altza/ Euskalerri gurea da gure maatsa/ naiz-ta askatasunez eztan aberatsa/ au destino latza/ askotan garratza/ gakoa or datza/ aldatzeko martxa/ bera muga lotuak gora esperantza». 1982an ere bera izan zen garaile. Hamarkada horretan, bertso eskolen eragile nagusia izan zen. Trilogia iraultzaile bat idatzi zuen: “Hitzaren kirol nazionala”, “Hiztegi errimatua” eta “Zu ere bertsolari”. Berezkoaren mitoa hautsiz, bertsoa eskuragarri egin zuen. 2016an utzi zion bertsolari jarduerari, baina inondik ere ez sortzeari. 2019an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria irabazi zuen. Sebastian Lizaso txapeldun izan zen 1986an. Aitor GONZALEZ 5. Sebastian Lizaso 1986ko martxoaren 23an, Sebastian Lizaso Iraolaren buruan jarri zuen txapela Manuel Lekuonak. Txapelketak 40 partaide izan zituen. Apustu handia izan zen Belodromoan egitea. Puntuazioa bistan ematen zen lehen aldia (eta azkena) ere izan zen. Horregatik, txapela beretzat zela aurkezleak baino lehen erran zion 28 urteko azpeitiarrari publikoak. «Poza eta sustoa» hartu zituen. Amuriza eta Lopategi ziren faborito. Sebastianek bizkortasuna eta ahots indartsua ditu bereizgarri. Joxe Lizasoren semea eta Beñat Lizasoren aita da, esnearekin bezala bertsoekin hazia. Urtean 200 plaza egitera iritsia da, sarri Andoni Egañarekin bikotean. Bertsoekin adineko jendearen gaitasuna sustatzeko Adin Adin proiektua ere sortu zuen. 6. Jon Lopategi Jon Lopategi Lauzirikari Basarrik jantzi zion txapela 1989an. 40 bertsolaritatik zortzi heldu ziren Belodromora. Kartzelan, honakoa zuten gaia: «Bizitza guztia itsasoan eman duzu: gaur egun ohetik mugitu ezinez zaude. Leihotik sartzen zaizu itsasoaren olatu hotsa». Hona Beltzaren bigarren bertsoa: «Lehenago beti arrantzan gogoz egun ta gau/ hortan zaindu nituen zenbait euskal arau/ eta zaletasunak oraindik badirau/ baina errealitatez gizaxo honek barau/ orain aditutzean olatuen hots hau (bis)/ burutik oinetara dardaran jartzen nau». Lopategi Muxikan jaio zen 1934an eta bertan hil zen 2019an. Filosofia ikasi zuen, eta 50 urteak beteta, Irakasletzan lizentziatu zen. 90eko urteetan puntara iritsi ziren bertsolari bizkaitar gehienak bere eskutik heldu ziren. Gerra ondotik, bera izan zen lehen bertsolari eskolatua. Diktaduraren amaieran eta ilusio aro berri baten hastapenetan, bikote ospetsua osatu zuen Azpillagarekin, eta bertsolaritzari mezu sozial eta politikoa emateko ausardia eta argitasuna izan zuten. Ondo rioz, behin baino gehiagotan hartu zuten preso. Jon Lopategi Andoni Egañari txapela janzten 1993an. Aitor GONZALEZ 7. Andoni Egaña Lau garaikurren jabe, txapeldunen txapelduna da Andoni Egaña Makazaga, 1961ean sortutako zarauztarra. Belodromoa mukuru, Lopategik jantzi zion lehena 1993an. Lau edizio irabazi zituen jarraian, azkena 2005ean. Amurizaren eraginetik abiatuta, bertsolaritzari maila gorena eman dio. Erabat sorkuntzari emana, plazaz plaza erritmo harrigarrian ibiltzeaz gain, bertsolaritza eta ahozkotasunari buruzko ekarpen interesgarriak egin ditu. 1986an txapelketetan hasi zenetik 2009an agurtu zen arte, finalista izan zen beti. “Bertsolari” aldizkariak bere izena eman dio 90eko hamarkadako aparraldian bertsolaritza irauli eta bizimodu egin zuen belaunaldiari. Belaunaldi horretako kideek Egañaren sufritzeko gaitasuna ez sinestekoa dela nabarmendu izan dute. 1993an, lehen txapela buruan, hala kantatu zuen 32 urteko zarauztarrak agurra: «Zuek horrela ikusi eta neroni jartzen naiz alai;/ batasun honek beharko luke euskaldungoaren dohai./ Ni lehengoa naiz buru gaineko uztai edota, ez uztai./ Inor ez zegoen lasai, urduritasuna etsai,/ denak irristadaren zai./ Goizean goizik Lazkao Txiki aipatu dute, nolanahi.../ Zuen txaloak beretzat dira, nere txapela ere bai (bis)». Joxe Agirre Maialen Lujanbiori txapela janzten 2009an. Luis JAUREGIALTZO | FOKU 8. Maialen Lujanbio 2009ko eta 2017ko txapeldunak, Maialen Lujanbio Zugastik, bertso franko utzi dizkigu iltzatuta. 33 urte zituela, 14.500 lagunek irakiten jarritako BECen, Joxe Agirrek lehen txapela jantzi zionean bota zuen agurra adibidez: «Gogoratzen naiz lehengo amonen zapi gaineko gobaraz/ gogoratzen naiz lehengo amonaz gaurko amaz ta alabaz/ Joxei ta zuei mila zorion miresmenaren zirraraz/ ta amaituko dut txapel zati bat zuek guztiontzat lagaz/ gure bidea ez da erreza bete legez juizioz trabaz/ Euskal Herriko lau ertzetara itzuliko gara gabaz/ eta hemen bildu dan indarraz, grinaz eta poz taupadaz/ herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz». 1976an jaiotako hernaniarra, gaurko txapelduna, letren bueltan bizi da. 15 urterekin ekin zien plazei eta 30 urteko ibilbidean ikaragarri garatu da. Txapela eskuratu aitzin plazetako txapeldun jotzen zuen aunitzek. Bertso bakoitzari autore sinadura zigilatzea maite du. 2017ko txapelketan hori lortu zuen, adibidez Irungo bertso gogoangarri haietan: «Gizona eta andrea nauzu, ez andrea ez gizona/ nire inon ez egon nahia ote da zure ezinegona». 1997tik beti izan da finalista eta beti emakume bakarra. Hori ere aldatu da azkenean. Amets Arzallus, 2013ko txapelduna. Luis JAUREGIALTZO | FOKU 9. Amets Arzallus 2013an, 30 urte zituela, Amets Arzallus Antiak jantzi zuen txapela Joanito Dorronsororen eskutik, Barakaldon. Presente izan du beti lorpen pertsonala baino gehiago, denen bideko zerbait dela txapela, eta hala sentitu zuen. 1983an Hendaian sortua, Jexux Arzallusen semea da eta etxean bertso giroa izan du txikitatik, Maddalen arrebak bezala. Nagusiki bertsolaritzan aritzen da, tarteka idazten ere bai. Ibrahima Balderekin idatzitako “Miñan” liburua mugarri izan da bere bizitzan. 2009an txapeldunorde izan zen eta 2005etik final guztietan aritu da. Memoria duenetik jarraitu du txapelketa, etxekoentzat bizitzeko «modu polit bat» da, GAUR8ri agertu izan dionez. Futbolean ere ibilia, erakargarria zaio eta «ganbara garbitzen» laguntzen dio, gero plazan zer pentsatua sortzen duten aleak uzteko. 1935 eta 1936ko bertsolari gudu haiek betiko lotu zuten Basarri Uztapiderekin. Gerran frontearen alde banatan ibili eta gero, bertsoak bildu zituen berriro plazaz plaza Lau garaikurren jabe, txapeldunen txapelduna da Andoni Egaña. Belodromoa mukuru, Lopategik jantzi zion lehena 1993an. Lau edizio irabazi zituen jarraian, azkena 2005ean