GAUR8 - mila leiho zabalik

«UZTAPIDE TXAPELDUN. GORA XALBADOR»

(KUTXATEKA. MARIN FUNTSA. PACO MARI)

«Uztapide txapeldun-Gora Xalbador» titularrarekin zabaldu zuen astekaria “Zeruko Argia”-k 1967ko ekainaren 18an. Urte horretako ekainaren 11n, igandea, Donostiako Anoeta pilotalekuan izan zen azken Bertsolari Txapelketaren kronika jaso zuen albisteak. Azalean protagonismo gehien zuen argazkia Arturo Delgadorena zen, eta frontoia jendez gainezka ikusten zen, Euskal Herriko bazter guztietatik iritsi ziren 4.000 pertsona inguru. Argazki txikiago batean ageri zen Fernando Aire “Xalbador” Nafarroa Behereko bertsolaria.

Finaleko lehen fasean Garmendiak, Gorrotxategik, Lopategik, Mugartegik, Arozamenak, Madariagak, Mattinek eta Xalbadorrek hartu zuten parte, eta horietatik hiru aukeratu zituzten arratsaldeko saiorako: Lopategi, Xalbador eta Gorrotxategi, aurreko txapelketan txapeldunorde izan zen Lazkao Txikirekin lehiatu zirenak. Azkenean, epaimahaiak Xalbador aukeratu zuen Uztapide aurreko txapeldunarekin lehiatzeko. Xalbadorren aukeraketa polemikoa izan zen, publikoaren zati batek epaimahaiaren erabakiari txistu egin baitzion protesta modura. Epaimahaia Arrue, Bordari, Satrustegi, Lekuona, Zatarain, Zepai eta Amurizak osatu zuten, besteak beste. Azkenean Uztapide izan zen 1967ko txapelduna. Manuel Lekuona euskaltzainburu izandakoak jantzi zion txapela.