23 DéC. 2022 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Estatua demokratizatzeko ezintasuna egiaztatuz Iñaki Altuna Analisietan arrazoia izatea ez da baitezpada albiste ona. Izan ere, urte amaiera iritsi delarik, balantzea egiteko eta, aldi berean, hurrengoari begiratzeko ordua den honetan, hainbestek joera autoritarioak eta antidemokratikoak salatuz azken urteetan plazaratutako iritziak berretsi baino ez dira egiten ari. Espainiako Konstituzio Auzitegian gertatu dena dugu, urrutira gabe, azterketa horiek egiaztatzen duten azken berria. Estatu espainolak bere burua demokratizatzeko berezko duen ezintasuna azaldu zaigu berriro ere begien bistan, klarki. Horixe izan da azken hamarkadako gakoa, ezker abertzaleak estrategia aldatu eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik, alde batetik; M-15 mugimenduak Estatu mailako aldaketarako joera bat irudikatu zuenetik, beste alde batetik, eta Katalunian aldebakarreko autodeterminazio prozesu bat oso urrun eraman zutenetik, azkenik. Horietan denetan, azkenean, Estatuak bere izaera azalarazi du eta agerian utzi du ez dagoela eraldaketa demokratiko bat azken bururaino eramateko prest. Aitzitik, bere nortasun atzerakoiari zein funts gotortuari eusten die. Francoren heriotzaren ostetik diktaduraren erreformaren bidez sortutako erregimen zaharberrituak homologazio demokratikoa bilatu zuen, baina betiere muga mugiezinen barruan. Haustura demokratikoari uko egin zitzaion bezala, erabateko demokratizaziorako bideak itxi egin ohi dituzte. Horretarako, sakoneko eta arnasa luzeko egituretan jokabide hertsienak elikatu dituzte, azken boladan botere judizialean ikusi dugunez. Botere ekonomiko eta mediatikoak lagun, “sakoneko Estatuan” kokatzen dira oro har epaileak, beste estatu egitura batzuekin batera. Koroa eta indar armatuak ere hortxe ditugu; gaur egungo testuinguruan, bereziki informazio zerbitzuak eta Guardia Zibila. Horiek denek protagonismo berezia izan dute azken hamarkadetako gertakari politiko nagusi guztietan. Orain asaldatuta agertu den hainbat ordezkari politikok ontzat eman zuten Euskal Herriko eta Kataluniako auziei egitura errepresiboetatik erantzun izana, estatu arrazoiaren izenean. Horietako askok ez ikusiarena egiten segituko duten arren, bi nazio horien kontrako neurriak ez dira salbuespena, ez dira ezohiko, Estatuaren oinarria baizik. Testuinguru orokor honetan, Espainiako Kongresuan azken urteotan sortutako egoerak bazterrak ederki aztoratu ditu, batez ere aipatutako eremu atzerakoietan. Paradoxikoki, horrek aukerak ere sortu ditu gehiengo berrien bidez zenbait gairi, zailtasunak zailtasun, beste modu batez erantzun ahal izateko, euskal presoen auzian ikusi ahal izan dugunez. Horregatik, hurrengo hauteskunde zikloak berebiziko garrantzia izango du, edo erreakzioa gailendu daitezkeelako -eta horrek atzerapauso handiak ekar ditzake- edo aukera berriak sor daitezkeelako gutxieneko aldaketa politiko batzuk bideratzeko. “Aukera-leihoa” deitu izan zaio horri. Jokalekua mugatua izango da edozein kasutan; aipatu moduan, Estatuaren berezko izaerak hala zedarritzen duelako, baina bai indar erreakzionarioak geldiarazteko bai aurrerapausoak eta hobekuntzak lortzeko ahalegina egin behar da edonola ere, inoiz ahaztu gabe arazoa egiturazkoa dela. Horregatik, jokaleku osoa aldatzeko helburuarekin, garrantzitsua da aldi berean norabide estrategikoa edukitzea, eta horren inguruan indarrak metatzea tai gabe. • Hauteskunde zikloak berebiziko garrantzia izango du, edo erreakzioa gailendu daitekeelako edo aukera berriak sor daitezkeelako aldaketa batzuk bideratzeko