18 NOV. 2023 Entrevue Trifonia Melibea Obono Kazetaria, politologoa eta ikertzailea «Afrika beltz osoan pentsatzen da homosexualitatea zurien gauza dela» LGTBI+ aktibista da Ekuatore Ginean, homosexualitatea zurien «birus» bat dela uste duten herrian, jatorri faxista eta etnikoa duten patriarkatuak arnasten diren lurrean. Euskal Herrian egon da. (Argazkiak: Maialen ANDRES | FOKU) Maddi Txintxurreta Patriarkatuak eta LGTBI+fobiak sorburu ugari dituzte Ekuatore Ginean: frankismoa, herrialdea kolonia espainiar ohia denez gero; botere publikoa, egungo erregimenak «estatu homofobia» praktikatzen duelako; botere judiziala, heterosexualak ez diren bizitzak arautu eta zigortzen dituelako, eta etnia tradizionalak, besteak beste. Indarkeria gordinenak egosten dira sorburuotan eta emakumeen, lesbianen, gay-en, transen, bisexualen gorputzetan lur hartzen dute. Ez da erraza homosexualitatea ukatzen den herrialde batean LGTBI+ aktibista izatea. Trifonia Melibea Obono (Afaetom, Evineyong, Ekuatore Ginea, 1982) hala da. Kazetaria, politologoa, irakaslea, UNEDeko Ikasketa Afro-Hispanikoen Zentroko taldeko ikertzailea, eta idazlea da. “Herencia de Bindendee”, “La bastarda”, “La albina del dinero” eta “Yo no quería ser madre” liburuak zituen emanak duela gutxi arte, eta azken argitalpena ekarri zuen besapean azaroko lehenengo asteburuan Euskal Herrira, Hernanira, Hariak zinemaldia kari: “La hija de las Mitangan”. «La hija de las Mitangan» eleberria eman berri duzu. Lucia da liburuko protagonista; konta iezaguzu, zein da bera? Lucia emakume independentista bat da. Ginea, orain 54 urte arte, probintzia espainiarra zen, nolabait esateko. Independentzia lortu genuen eta herrialde bat sortu. Herrialdea eraikitzeko prozesu hori maskulinotzat hartzen da, androzentrikotzat. Emakumeen borroka isildua izan da. Gaur arte, oso gutxi edo ia ezer ez da ezagutzen independentziaren alde borroka egin zuten andreen inguruan. Horregatik, Luciak, protagonistak, emakume hauen bizitzak erakusten ditu; prozesu kolonialean, lehenengo gobernu ginearrean eta gaur egungo gobernuaren lehenengo aldian bizitakoak. Independentzia erdiesteko modu desberdinak adierazten ditu berak, zeren, askotan, androzentrismoa indarkeriaren erabileran zentratzen da soilik. Eta emakumeek lan handia egin zuten independentziaren alde, baina isilduta daude egun. Horregatik, liburuaren helburua da berreskuratzea eta biltzea memoria feminista hori. Gainera, emakumeek independentzia nahi zuten, baina bestelako borrokak ere bazituzten. Sei-zazpi talde etniko daude Ginean eta patriarkalak dira guztiak, nahiz eta batzuetan badiren emakumeen eskubideen konkisten zantzuak. Beraz, independentziaren gaineko beste irakurketa bat eskaintzen digu horrek. Teodoro Obiangena beste erregimenik ez duzu ezagutu Ekuatore Ginean. Nola azalduko zenuke herrialdeak diktadura honekin bizi duen egoera? Emakumeek modu berezian sufritzen dute? Modu berezian sufritzen dute, bai. Gineako diktaduraz hitz egiten denean, diktadura politikoaz hitz egiten da bakarrik. Baina aipatzen ez dena da diktadura politiko horren oinarria diktadura patriarkala dela. Ez balira egongo patriarkatuak legitimatzen dituen indarkeriak, erregimenak ez luke zentzurik izango. Maskulinitate hori da, indarkerien bidez eraikitzen dena eta familietan transmititzen dena, gero botere publikoetara eramaten dena. Familiak jasanberagoak balira, sentiberagoak, enpatikoagoak, hobeto heziko balituzte seme eta alabak... herrialdeak hobeto antolatuta egongo lirateke. Ekuatore Gineak independentzia erdietsi zuenean, Francisco Macias izan zen lehen gobernuburua, Obiang da egungo agintaria, 40 urte baino gehiago daramatza boterean. Nabaritzen da bi aldien arteko aldaketarik? Nik ez dut alde handirik ikusten Maciasen eta Obiangen aldien artean. Jarraitutasun bat dagoela ikusten dut. Bereziki patriarkalak diren erregimen militarrak dira, eta emakumeak mota anitzetako diktaduren eraginpean daude. Estatuaren diktadura militarra eta patriarkatuaren diktadura. Frankismotik herentzian jaso zuen herrialdeak «Alfer eta gaizkileen legea». 1980an, egungo presidentea boterera jaso zuen estatu kolpearen ondotik, Kontseilu Militar Gorenak dekretu bat argitaratu zuen, zeinaren arabera indarrean sartu ziren Espainian 1968a baino lehen zeuden legeak. Beraz, ez da soilik “Alfer eta gaizkileen legea”, baizik araudi osoa. Honek erakusten du gure erregimena faxista dela, juridikoki behintzat, frankista dela. Zertan eragiten die horrek LGTBIQ+ kolektiboko herritarrei? Hemen [frankismo garaian] eragiten zien bezala. Eta emakumeei ere bai, hemen bezala. Desberdintasun bakarra da han ez dugula soilik jatorri faxista duen patriarkatua, jatorri etnikoa duena ere badaukagu. Elkarbizitzan daude. Espainia iritsi zenean, topatu zituen gizatalde antolatuak, eta gizatalde horiek patriarkalak ziren. Hori mantendu egin zen. Elizak, erlijioak, zer paper du horretan guztian? Nazionalkatolizismoa da. Eta eliza etnikoak ere patriarkalak dira. 2016an sortu zenuten «Somos parte del mundo» taldea. Nolakoa izan zen sorrera? “Somos parte del mundo” ez zuten sortu ginearrek. Luis Melgar diplomatiko espainiarrak sortu zuen. Elkartearen sorreraz ari garenean, ez gara esaten ari lehenago ez zela ezer existitzen. Auzo, familia, herri desberdinetan, baziren LGTBIQ+ pertsonak antolatuta. Existitzen ziren. Baina noiz antolatzen da lehenengoz Ekuatore Ginean jarduera bat, botere publikoen inplikazioarekin, LGTBIQ+ auzia lantzen duena? 2016an. Zergatik diogu 2016an sortu zela? Zeren LGTBIQ+ auzia estatu auzia da, bizitza delako jokoan dagoena, LGTBIQ+en eskubideak giza eskubideak direlako. Eta ezin dira erdietsi botere publikoen inplikaziorik gabe. Hala izan da mundu osoan, eta Ginea ez da salbuespena izango. Ideia bat egiteko: nolakoa da LGTBQ+ pertsona baten bizitza Ekuatore Ginean? Bazterrekoa. Maila juridikoan, hiru dira LGTBIQ+ pertsonen bizitzak arautzen dituzten markoak. “Alfer eta gaizkileen legea”, Justizia Militarreko Kodea eta Ordena Publikoko legea. Tradizio etnikoetan, “espetxe” homofoboak aurki ditzakegu. Hala, LGTBIQ+ pertsona batek ez dauka inongo espaziorik. Ez daukagu garatzeko espaziorik, familietan “espetxeratuta” bizi gara, eta espazio publikoetara egiten dugunean, eskoletan, elizetan, kultur zentroetan... lege publikoekin zerikusia duten espetxeak aurkitzen ditugu. Eta, bai, Espainiak “Alfer eta gaizkileen legea” ekarri zuen, baina 54 urte izan ditugu indargabetzeko! Gehiago esango dut, Ginean lege aurreproiektu bat tramitatzen ari dira, “Prostituzioaren eta Homosexualen Eskubideen Lege Proiektu Arautzailea”, eta hau are gogorragoa da. Horregatik, ez dakit Espainiaren gain jarri behar den honen guztiaren ardura. Trans-en egoera zein da? Egiaz, Ginean, trans-ak homosexualtzat hartzen dira. Indarkeria gehien jasotzen duten pertsonak dira. Pertsona transgenero baten bizi itxaropena 25 eta 30 urte artekoa da. Nolakoa izan da egoeraren garapena azken urteetan? Hobetu al da? Egoerak okerrera egin du ikusgarri egin garen neurrian. Bueno, ez dakit esaten okerrera egin duen edo lehen ere hain gaizki zegoena orain ikusi egiten den. Bi aukeretako bat: okerrera egin du ikusgarritasuna lortu dugulako eta botere publikoak lehen baino gogorrago jokatzen ari direlako, edo ez du okerrera egin, denak berdin segitzen du, baina lehen ikusezina zena orain ikusi egiten da. Ez nuke jakingo esaten zein den erantzun zuzena. Herritarren jarrera edo pentsaera, oro har, zein da? Jende gaztearen gehiengoak gurekin bat egiten du, mundu modernoarekin konektatuta dago. Asko aldatu da, orain toleranteagoak dira dibertsitatearekin. Baina jende heldua ez. Behin baino gehiagotan esan izan duzu Ekuatore Ginean ukatu egiten dela homosexualitatea, zurien gauza delakoan. Bai. Ginean, Tanzanian, Senegalen, Kamerunen, Gabonen... Afrika beltz osoan. Pentsatzen da zurien gauza dela. Kontinente afrikarrean erabiltzen den aitzakia da, botere publikoek ez dutenean arazo bat konpondu nahi. Baina guk ikerketak egin ditugu. Orain dela urte batzuk dokumental bat egin genuen, eta etnia guztietan zeuden LGTBIQ+ komunitateko kideak. Esaten da “ez, hori ez da hemengoa, zuriek ekarri dute, birus bat da”. Baina guk izen-abizenak jaso genituen. Nola esango dute homosexualitatea zuriengandik datorrela izen-abizenak baditugu? Honekin, bilatzen genuen LGTBIQ+ auzia tokikotzat hartzea, argi uztea botere publikoen eginbeharra dela homofobiari konponbidea ematea. Estatuko homofobiaz hitz egiten duzue. Noski. ILGAk (Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexen Nazioarteko Elkartea, ingelesezko sigletan) Estatuko homofobiaz hitz egiten duenean, egiaz, bi gauza ari da esaten: bat, Estatua dela herritarren giza eskubideak babestu behar dituen lehenengo aktorea; eta bi, babes juridikoa ere Estatuaren eskumena dela. Horregatik, talde etniko batek, edo familia batek, seme edo alabari tratu txarrak ematen badizkio homosexuala delako, Estatuak esku hartu behar du, bizitza horrek inporta duelako. ILGA ari da esaten, aldi berean, “nazioarteko zuzenbidea existitzen da, zu nazioarteko hitzarmenen parte zara, beraz, zuri dagokizu hau konpontzea”. Zer zailtasun dituzue Ekuatore Ginean LGTBIQ+ aktibistek? Bizirik irauteko zailtasunak ditugu. Hori da kezka nagusia. Aipatu duzu belaunaldi gazteak toleranteagoak direla, hor kokatzen duzu aldaketarako esperantza? Bai, eta uste dut “Somos parte del mundo”-ren lorpena dela hori, zeren, modu batera ala bestera, erdietsi dugu, gutxienez, gaiaz hitz egin dadin. Jendeak, orain, eztabaidatu dezake, bat egin dezake auzi honekin. Gazteak irekiagoak dira, beraz, bai, badugu esperantza beraiekin. Badituzue aliantzak herrialdetik kanpo? Bai, batez ere dibertsitate sexual-afektiboa normalizatu duten herrialde afrikarretan, baina Espainian eta Estatu Batuetan ere bai. «1980an indarrean sartu ziren Espainian 1968a baino lehen zeuden legeak. Honek erakusten du gure erregimena faxista dela, juridikoki behintzat, frankista dela» «Jende gaztearen gehiengoak gurekin bat egiten du, mundu modernoarekin konektatuta dago. Asko aldatu da, orain toleranteagoak dira dibertsitatearekin. Baina jende heldua ez»