02 DéC. 2023 «Gustatuko litzaidake finalean noiz edo noiz irribarre erdi bihurria edo pikardia ateratzea» Amagoia Mujika Gorriti, 1987. Hamabigarrenez kantatuko du Nafarroako finalean, eta dagoeneko bostetan izan da txapeldun. Nola sentitu zara aurten txapelketan? Txapelketan eta azken hilabeteetan plazan ongi sentitu naiz. Azken Nafarroakorako eta Euskal Herrikorako egindako lana pixkanaka ateratzen joan da eta aldarte nahiko egokian aritu naiz bertsotan, nahiko aske eta nahiko alai. Finalera sartzea zama bat kentzea da. Baina seguru berriak hartuko dituzula... Ez dakit karga deituko niokeen, baina final on bat egitearen ardura badaukat. Norberaren aldarteak bihurtzen du aukera bat karga arinagoa edo astunagoa. Duela bi urte motxila nahiko kargatuta igo nintzen oholtzara eta zama hori ezin libratu ibili nintzen. Oraingoan ea ez den karga bihurtzen daukadan ilusioa. Final on bat egin nahi dut eta gaur egun naizenaren zatitxo bat erakusteko ilusioa daukat. Bost txapela dituzu. Seigarrenaren bila? Niretzat zenbakiek beti izan dute garrantzia bizitzan, gustatzen zaizkit, nahiko superstiziosoa naiz gauza horietan. Baina finalari dagokionez ez diot inongo garrantzirik ematen bigarren edo zazpigarren txapela izan daitekeen. Gehiago daukat final on bat egitearen ilusioa, bertsotan ongi egin nahi nuke, eta plaza hori azken urteetan egindako lanaren isla bat bihurtzea. Euskal Herriko finalaren atarian geratu zinen. Horrek norainoko marka uzten du? Horrelako gauza batek betiko markatzen du pertsona bat, eta bi puntu eta erdiko gorabehera horrek ni ere markatu nau, ez dakit zein zentzutan, baina arrasto hori hor dago, ez baita gauza bera final batean kantatu edo ez. Finalean kantatu izan banu badakit oso desberdina izango litzatekeela hurrengo hilabeteetako nire bizimodua. Baina, aldi berean, denborarekin, aukera bezala ikusi dut gertatutakoa, are gehiago, nahiko onartuta daukat gertatu behar zuena gertatu zela eta nire bizitzaren patua den zirriborro horretan finalik ez zegoela. Geroztik, kostatu zitzaidan emozionalki horri buelta ematea, baina azken hilabeteetan bat egin dut pixka bat garai hartan neukan aldartearekin eta bertsotan egiteko moduarekin. Asko aipatzen duzu aldartea. 2006an kantatu zenuen lehen aldiz finalean. Pentsa zenbat urte, gertaera eta aldarte. Azken Euskal Herrikoan berriz ikusi genuen Julio irribarretsu bat. 2021eko Nafarroakoak nahiko ilun harrapatu ninduen. Finala nahiko tristea izan zen niretzat, eta ez naiz ari emaitzaz; oholtzan nahiko zurrun, pisu harrapatu ninduen egun hark. Aldiz, Euskal Herrikoan, nahiz eta urduri egon, oholtzan nahiko aldarte gozoan eta pozik sentitu nintzen. Bertsotan hasi berri hartan neukan pikardia eta irribarre erdi bihurri horrekin kantatzea lortu nuen Euskal Herrikoan. Gustatuko litzaidake finalean noiz edo noiz irribarre erdi hori ateratzeko modua izatea, nahiz eta badakidan ez dela erraza. Konfiantza horrekin noa. Zortzikote polita osatu da. Niri pertsonalki ilusio berezia egiten didan zortzikotea. Beste bat izango balitz ere hala izango zen, baina osatu den zortzikote honek badu zerbait berezia. Saats eta Sarai egoteak poz handia ematen dit, bi aurpegi berri horiek zerbait oso berezia emango diote zortzikoteari. Aura gozoa sortu da eta jendeak ikusmina dauka. Superstiziosoa zarela esan duzu. Finalaren aurretik kontatu daitekeen maniaren bat? Bada, azken urteetan bereziki saiatu naiz horretan, neuzkan maniak edo beti egiten nituen erritualtxo horiek ez egiten. Konturatu naiz ez didatela mesederik egiten. Finalari begira? Inprobisatzea gustatzen zait gauza askotan; zer jan, zein ordutan egin hau edo bestea... nahiko inprobisatu zalea naiz, horrek segurtasuna ematen didalako. Pentsatzen dut final bezperan ondo lo egitea izango dela erronketako bat. Bai, eta ni ez naiz bereziki ondo lo egiten duena final bezperetan. Baina, tira, konfiantza ere badaukat, gutxi lo eginda joan eta ondo atera diren finalak izan direlako. Oholtzako aldartea beti da misterio bat, beti ez da zuzenki proportzionala loari, lasaitasunari eta horrelako faktoreei. Finalaurrekoetan puntu gehien bildu dituen bertsolaria zara. Ez dakit hori garrantzitsua ote den... Badirudi beti hobea dela puntu gehien izanda pasatzea, badirudi horrek mesede egin dezakeela finalari begira, baina ez da inondik inora horrela. Duela bi urte ere puntu gehien nituen finalaurrekoetan, eta finalean hirugarren geratu nintzen. Garrantzitsuagoa da finalera zer nolako aldartearekin iritsi zaren eta lanak nola egin dituzun. Puntuek baino gehiago lasaitzen nau bertsotan nahi nukeen bidetik inguru samar ibiltzeak, eta baita aldartez ere.