GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Irakurri gertuago


Kostata, baina banabil semeek euskaraz irakurtzeko gaitasuna eta nolabaiteko ohitura har dezaten lanketa egiten. Jakina, lanketa ez da oraindik lorpena, prozesua baizik. Ez da, bada, nire helburua irakurtzea haientzat gozamena bihurtzea (ondo legoke, baina ez da beharrezkoa); bai, ordea, betidanik hain gertu eta gaur egun era berean hain urrun daukagun praktika hori, korronteak horrantz bultzatzen ez duela jakinean, ezjakintasun edo alferkeriagatik haiek besterik gabe ez alboratzearena, hain zuzen ere.

Ez dira alfabetatu gabeko umeak, baina badut susmoa eta beldurra, adi ez bagabiltza behintzat, laster gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatuko direnarena. Eta ez nago gaztelaniaren kontra; hizkuntzak ikasteak, erabiltzeak eta batzeak dituen onurez erabat konbentzituta nago. Baina euskara gure hizkuntza da -momentuz behintzat-, Euskal Herrian bizi gara eta guk egiten ez badugu (irakurri, idatzi, entzun, hitz egin…), laster jango dute inguruko beste hizkuntza handiek. Begi bistan dago, eta gurasook hobe dugu horretan fokua jartzea eta gure esku dagoenean behintzat ahalegintzea, bai, sutsuki gainera.

Berez, gainera, borroka askoren emaitza delarik, euskara da haien oinarrizko ikasketak egiteko bitartekoa eta tresna; eta horretan, hizkuntzan, ahul badaude, ezingo dute ikaste erritmoa ondo jarraitu eta ezingo dituzte funtsezkoak diren ezagutzetako batzuk ondo finkatu. Izan ere, konturatu zarete aspaldi honetan euskararen gotorleku bakarrenetarikoa, kanpoan dituzten bestelako hizkuntz estimulu askotarikoen aurrean, eskola bera dela? Tamalez ez daude halako beste babesgune askoz gehiago, nahiz eta gutxi batzuk badiren. Eta nire ustez etxean ere euskararentzako halako beste gotorleku bat sortzea edo eustea ezinbestekoa da.

Ezin dugu, honetan ere, hizkuntzaren aferan, ardura guztia irakasleen bizkarrean utzi. Izan ere, badago tendentzia handia azken urteotan gure umeei hazkuntzan (ez espresuki hezkuntzan) on egiten dieten balioak, diziplina, tutelatzeko eta bestelakoak eskolen esku uzteko. Zer dela-eta? Errazena delako, guraso izatearen letra txikia irakurri nahi ez dugulako, guraso ez ginen garaian bezala bizitzen jarraitu nahi dugulako… eta horretarako ordaintzen diegulako, esan dezake agian baten batek.

Baina ezin dugu ahaztu gu garela haien gurasoak, eta guri dagokigula seme-alaben garapenean eta ongizatean beharko dituzten mugak jartzea, aholkuak ematea eta jarraipena egitea. Bai, lana dakar, deserosoa ere izan daiteke eta, egia da denbora gutxi daukagula ezertarako, baina ama edo aita izatea guk erabaki genuen eta hori betiko ordaina da. Haiei zor diegu merezitako gutxieneko dedikazio hori, mundu konplexu honetara ekarri izanagatik bada ere. Eman diezazkiegun erremintak, ahalik eta gehien. Zaildu diezaiegun pixka bat oraina, eta era berean erraztu bizimodua, bai oraingoa eta bai gerokoa. Gozamena uztartuz, esfortzuaren eta ahaleginaren benetako garrantzia edo kostua erakutsiz, nahi duten bitartean behintzat eta haiek aukeratutako tamainan bidelagun izanik.

Irakur iezaiezue ohean ere; nagusiagoak izanda ere izugarri gustatzen zaie. Baliatu halako momentuak hizkuntzaren alderdi positiboak azaleratuz haiek zure konpainian egoteko. Mundua ulertzeko hizkuntza bat oparitu nahi diegu, egunerokoari eta geroari lotzeko lokarri bat, azken finean. Eta horixe bera gara gu geu eta gure hizkuntza. •