28 JUIN 2014 Marwane Azergui, Batxilergoa euskaraz atera duen lehen ikasle marokoarra «Izan nahi dut» esaldiak definitzen du Marwane Azergui gaztea. Marokon jaio eta han ekin zien ikasketei. Orain Alegia eta Tolosa artean egiten du bizitza, eta bertako Orixe institutuan Batxilergoa gainditu berri du euskaraz. Ederki ospatu du familia, lagun eta herrikidez inguratuta, Tolosaldean lorpen hori eskuratzen lehena izan baita. Maider Iantzi Gaileta kaxak eta freskagarriak prest daude Tolosako kultur etxeko bazter batean, Kike Amonarriz aurkezle eta herritarrak erran bezala, gaur ospakizun eguna baita, ospakizun publiko batena, Marwane Azergui ikasle marokoarrak Batxilergoa gainditu duelako euskaraz. Agian lehenengo begiratuan ez zaio gauza handia irudituko norbaiti, agian ez du sekula honetan pentsatu. Baina Tolosaldean lorpen hau egin duen lehendabiziko marokoarra da 18 urteko gaztea. Joseba Ibarra Lakuako Hezkuntza eta Immigrazio programako arduradunak baieztatu duenez, eskatzen zaien esfortzua izugarria da eta hurbiletik bizi arte ezin da ulertu ere egin. Jatorkin etorkinen aldeko elkarteak antolatutako mahai-inguru eta bestan, Marwaneren beraren, familiaren eta herritarren poz malkoekin, ikasle etorkinen errealitatera pixka bat gerturatu da GAUR8. «Euskaraz, euskaraz!» Amaieratik hasiko dugu jaiaren kontaketa, orduan egin baitu hitz protagonistak berak. «Eskerrik asko» izan dira bere lau hitzetatik hiru. Bereziki gurasoei zuzendu zaie, hunkituta, «beti izan dut euren babesa eta eurei esker nago hemen. Espero dut laguntzen segitzea», erranez. Eta irakasleei eta Orixe-Tolosa institutuko zuzendariari ere bai, «hasieratik konfiantza emateagatik eta euskara erakusteagatik». Hainbat hizkuntzaren jabe izanik, hitzaldia nola hasi erabaki behar izan du Marwanik, eta, altuan pentsatuz, «gaztelaniaz hasiko naiz eta gero euskaraz» bota du. «Euskaraz, euskaraz!» animatu dute senide eta lagunek. Eta hala egin du, primeran gainera. Marwani ordenagailu eramangarri bat opari eman diote, eta Saad Malec Jatorkin elkarteko ordezkariak eskolako arrakastan motibazioak eta familien inplikazioak zerikusi handia dutela nabarmendu du. «Horrela bakarrik hel daiteke berdintasunera», defendatu du. Eta Malec beraren gogoetekin hasierara itzuliko gara. «Salam alekum» batekin agurtu ditu Kike Amonarrizek Tolosako kultur etxean bildutako lagunak –etorkin familiak umeekin, hauekin lan egiten duten langileak, eta herritar arruntak– eta arratsaldeko lehenbiziko txalo beroak aditu dira. Hasieratik sumatu dugu jendea txalo jotzeko gogoz etorri dela. «Marwanek badu meritua, horregatik gaude hemen, ohituta gaudelako etorkinak berri txarrekin lotzera», adierazi du aurkezleak, ekitaldiaren izaera azalduz. Arrakastarako gakoak Xabier Tolosa Orixe-Tolosa institutuko zuzendariak mutikoaren ezaugarri bat nabarmendu du: «izan nahi dut» erraten du gazteak. Eta nahi hori gauzatu dadin, bere gurasoak eta familia inplikatu egin dira, bileretara etorriz, galdetuz, aktiboki parte hartuz. Arrakastarako lehenbiziko baldintza bete dute horrela: motibazioarena. Bigarrena, Tolosaren arabera, hizkuntza menderatzea da, eta, hirugarrena, ikasteko ohiturak hartzea. «Ezin dugu gauza bat lortu ez bagara konstante edo sistematiko. Kasu guztietan. Arrakastaren oinarria eguneroko ikasketa da», baieztatu du. Eta detaile bat gaineratu du: zoriontsu izatea, bizitzaz gozatzea, irri egitea, kirola egitea... Non dago porrota? Institutuko zuzendariaren iritziz, sarri «biktimismoan». Hori ikusi duela kontatu du: «‘Etorkina naizenez ezin dut egin, ez didate laguntzen...’ esaten dute batzuek, eta ez da horrela. Hemen dugu froga. Ideia hori burutik kentzeko eskatuko nuke». Urrats hori egiten laguntzeko daude zubi gelak. Latinoamerikarren kasua aipatu du eta aunitzetan gaztelania jakiteak zailtasunak dakartzala ohartarazi du, «badirudielako euskara ez dela garrantzitsua», eta euskara ikasteko beharra nabarmendu du. Bertze faktore bat ohiturak dira. Adibidez, kultura batzuetan 16 urte betetzen dituztenean neskek ez dutela ikasten segitu behar pentsatzen dute. Kasu batzuetan esfortzu handiz, lanarekin uztartuz, ateratzen dituzte aurrera ikasketak. Tolosaren ustez, borondatea eta laguntza behar dira, eta gorenera ailegatzeko tematzea. Gorena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza izanen da batzuentzat, bertzeentzat Batxilergoa edo karrera bat. Euskaltegirik merkeena Hizkuntza menderatzea aipatu dugu eta, horrekin lotuta, honako oharra egin du etorkin batek Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian izandako esperientziak alderatuz:«Katalunian debalde da katalana ikastea; hemen, aldiz, euskara da hizkuntzarik garestiena. Horrek ez du laguntzen». Iñaki Azaldegi Tolosako Udaleko euskara teknikariak erantzun du herri honetan dagoela, desberdintasun handiarekin, «Euskal Herriko euskaltegirik merkeena», bertako bizilagunentzat behinik behin. Horrekin batera, neska-mutiko etorkinei euskara ikasten laguntzeko helburuarekin, Udalak Laskurain ikastolak langile bat kontratatzea sustatu du herriko hiru ikastetxeetan aritzeko, Laskurainen, Orixen eta Hirukiden. Nerea Egileor da langile hori eta ikasleei ikasketak euskaraz egin ahal izateko behar duten mailara ailegatzen laguntzen die. Jende helduagoa euskalduntzeko, Banaiz Bagara elkartea babesten du Udalak. Indar guztiarekin egin diote txalo euskara teknikariari ere, eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza eta Immigrazio programako arduraduna, Joseba Ibarra, igo da kultur etxeko oholtza txikira. «Hoy es un día luminoso», adieraziz egin dio keinu, gaztelaniaz, Marwaneren aitari. Eta bere hitzaldia josteari ekin dio kulturarteko hezkuntzaren inguruan. “Kultur aniztasuna” eta “kulturartekotasuna” kontzeptuak ezberdindu ditu eta “arteko” hitzaz ahanzten garela ohartarazi du. Hitz horrek partekatzea erran nahi du. «Etorkizuna elkarrekin eraikitzea tokatuko zaigu; hori da kulturartekotasuna». Baina, orokorrean, Ibarraren arabera, “gutaz” eta “euretaz” solas egitera ohituta gaude. Honela dio Mafaldak ere bineta batean: «Ze zorte txarra, justu guri tokatu zaigu atzerritarrez betetako mundua!». Bertze esaldi bat bota du Hezkuntza eta Immigrazio programako arduradunak: «Mundua etxera etorri zaigu». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 18 urtetik beherako neska-mutilen matrikulazioan, 2001ean etorkinak ez ziren 3.000ra iristen. 2007ra arte igotzen eta igotzen joan zen kopurua, eta geroztik ere gora doa, neurri txikiagoan bada ere. Baina migrazio mugimenduak ez dira alde bakarrekoak, norabide guztietan doaz. Bertako gazteak ere kanpora doaz. Hala izan da beti. Etxekoak kanpora doaz eta kanpokoak etxera datoz. Ibarrak baieztatu duenez, «geldiezina da hori, gustatu ala ez». Eta ondorio bat dakar: pentsatzeko eta bizitzeko era desberdineko jendea. Azaldu duenez, globalizazioa ez dira soilik Internet eta kostu baxuko hegaldiak, gero eta lagun gehiago ditugu jatorri ezberdinekoak eta hori ikasgeletan ere gertatzen da. Aunitz bertan jaioak dira, baina beren gurasoak bertze herri batetik etorri ziren egun batean. Gazte hauetako batek «zer dakizu nitaz?» galdetuko baligu... Ibarra irakasle izana da duela gutxi arte eta garbi dio: «Ez dakigu ia deus». Bere ustez, irakasleek jarrera batzuk berrikusi behar dituzte eta beren buruari galdetu behar diote nola konektatu ikasle hauekin. Ikusten ez dugun iceberga Batzuetan, icebergaren punta balitz bezala, ikusten dugun gauza bakarra da hondoak ez dakiela euskaraz, baina azpian ikusten ez dugun gauza ugari dago: ez daki euskaraz, baina amazigera hitz egiten du, arabiarra ere bai, bere familia faltan ematen du... Lakuako Hezkuntza eta Immigrazio programaren arduradunaren arabera, elkar ezagutzeko eta integratzeko bidea eskola inklusiboa («ez dute, inondik inora, aparteko eskola batean hasi behar»), ikasgeletan aktiboki parte hartzea eta lorpenak eskuratzea dira. Ikasketak autopista batekin konparatu ditu irakasle izandakoak. Ikasle batzuk kurtso erdian ailegatzen dira; batzuk 10 urterekin, bertzeak 8 urterekin... Ahal dutenean etortzen dira eta autopistako sarbideetan gertatzen den bezala, jada abiadura batekin sartu beharra dute. Zubi gela da azelerazio erreia, bertan hartzen dute ikasleek behar duten indarra, irakasle espezializatu baten bultzadarekin. Bi erreirekin, azkarrago Familia batzuk gaztelaniaz mintzatzen dira eta irakasleei komunikatzeko eta balorazio bat egiteko aukera ematen die horrek, baina, Ibarrak ziurtatzen duenez, integratzeko eta kideekin erlazionatzeko beharrezkoa da euskara ikastea. Bi erreiko bidea da eta bi erreitan batean baino azkarrago zirkulatzen da. Beste ikasle batzuk bizpahiru hizkuntzarekin etortzen dira baina horien artean ez daude ez euskara ez gaztelania. Hizkuntza berri batean barneratzeko, zubi geletan egokitutako material pila bat dago, hiztegi bisualak adibidez. Baina, Ibarrak dioenez, ikasi ikasi, elkarrekintzan ikasten da. Garrantzitsua da hizkuntza edukien bidez ikastea ere, hau da, edukiak izatea hizkuntza ekartzen dutenak. Laguntza guztiekin ere, izugarrizko esfortzua egin behar dute ikasle etorkinek, hizkuntza gaitasun batez jabetzea eta, aldi berean, curriculum oso bat barneratzea lortu behar dutelako: Natura, Gorputz Hezkuntza, Plastika, Musika, Matematika, Gizarte, Lehen Hizkuntza, Bigarren Hizkuntza... Zenbaitetan hizkuntza ikasten laguntzeko irakasle bat egoten da, baina gainontzeko irakasleek ere badute zer erranik. Hau ezin da egin ikaslea pixka bat “engantxatu” gabe. Gainera, oraindik gehiago konplikatzen da dena Batxilergora sartzean. «Murgiltze eredua edo igerian ikastea edo itotzea da... edo, bestela, Marwanek bezala, estiloarekin igeri egitea!». Baina mutiko hau bezalakoak gutxi dira. Hezkuntza adituak dio urteekin «asko ikasi» arren, badela «zerbait ongi egiten ari ez garena». Kanadako adibidea jarri du eta jakinarazi du bertan bospasei urtera hasten direla ikasle etorkinak bertakoen hizkuntza ezagutzara hurbiltzen. Urte horietan ikaragarria da goititzen duten malda: «Gehien ikasten dutenak dira, zalantzarik gabe. Horregatik, batzuetan injustuak izaten dira eskatutako mailara iristen ez direnen kontrako kritikak. Ezin ditugu ikasle guztiak berdin neurtu». Basoan tximu eta elefante bati azterketa egitean lehen froga gisa zuhaitz batera igotzea eskatzea bezala dela agertu du. Tximuak bikain aterako du eta, elefanteak, eskas. Hala, etorkinek, orokorrean, nota txarragoak ateratzen dituzte. Aldea, hala ere, gero eta txikiagoa da. «Horren meritua irakasle askorena eta gizartearena da, eta, bereziki, ikasle etorkinena beraiena». Dakarten oinarria indartu «Etorkizunean, zer?», galdetu du, hitzaldia bukatzeko, Joseba Ibarrak. Murgiltze linguistikoa bilatzen jarraitzea proposatu du, ongi antolatua, eta hizkuntza edukien bidez irakasten segitzea, testu egokituez eta bestelako tresnez gain. Familiekin komunikazioa eta elkarlana sustatzea ere ona dela deritzo; etorkinek dakarten oinarria indartzea, dakitena eta ikasten dutena lotuz; eta elkarrekintza sustatzea, taldeka lan eginez edo bikoteka irakurriz. Hitzaldiaren ondotik iritsi da galderen eta komentarioen txanda eta gogotsu parte hartu du jendeak, mikroa eskuz esku pasatuz. Botatako ideien artean, etorkinekin lan egiten duen langile batenak. Honek jakinarazi du gaur egun 92 jatorri ezberdinetako lagunak bizi direla Tolosaldean, eta jende gehiago ailegatzen ari dela. Alderdi akademikoaz gain, emozionala eta aisialdiarena kontuan hartu behar direla defendatu du, ikaslearen egoera pertsonalari erreparatuz eta euskara, eskolarekin bakarrik ez, zoriontsu izatearekin eta bizitzaz gozatzearekin ere lotuz. Marwaneren gurasoak eta familia inplikatu egin dira, bileretara etorriz, galdetuz, aktiboki parte hartuz. Arrakastarako lehenbiziko baldintza bete dute horrela: motibazioarena«Etorkizuna elkarrekin eraikitzea tokatuko zaigu; hori da kulturartekotasuna», dio Joseba Ibarra hezkuntza adituak. Baina, bere esanetan, «gutaz» eta «euretaz» hitz egitera ohituta gaude Batzuk kurtso erdian ailegatzen dira; 10 urterekin, 8 urterekin... Ahal dutenean etortzen dira, eta, autopistako sarbideetan bezala, jada abiadura batekin sartu beharra dute«Murgiltze eredua edo igerian ikastea edo itotzea da... edo, bestela, Marwanek bezala, estiloarekin igeri egitea!», dio Ibarrak. Baina mutiko hau bezalakoak gutxi dira