19 JUIL. 2014 Auzolana Joseba Otondo Auzolana uholdeen kalteak konpontzeko, bestak antolatzeko, herritarrak herriaz, auzoaz arduratzeko. Baina auzolanak batzarra zuen hurbileko ahaide. Eta auzolanak eta batzarrek herri-lurrak edo herri-jabegoak zituzten oinarri material. Auzolanaren balioa ez dut nik gutxietsiko, baina iduri du horrekin aski dugula, oraingo jendarte bidegabe eta indibidualizatu hau jokatzeko horrekin nahikoa dugula. Noski, ekoizpen bitartekoen jabegoari buruzko eztabaida baztertu genuenetik, jabego pribatuari buruzko eta, azken batean sistema kapitalistari buruzko kritika zorrotza ahaztu genuenetik, gelditzen zaiguna jendeen arteko harremanen arloa da. Eta, horretarat mugatuta, eztabaida guztiz eskasa da. Azken urteotan auzolana politikoki balioesteko egin den eginahala emankorra izan da eta, horrek, jendeak hainbat eremutan engaiatu ditu. Sistemak utzikeria nahi zuen tokian herritar aktibatuak daude, sistemari horrek nolabaiteko erreparoa eman diezaioke, momentu jakin batean elkarrekintzan ari diren herritarrek erresistentzia guneak piztu ditzaketelako. Baina, orokorrean, erranen nuke aski eramangarria zaiola, zeren, herri-jabegoaren, komunalaren aldarria erauzi zitzaionetik sistema kapitalistaren muinak, jabego pribatuaren logikak, bere horretan dirau. Eta, zinez, herri-jabegoaren aldarria sinetsirik duen herriak edonor dardarazi dezake, herri-jabegoa ez delako ez pribatua ezta publiko-estatala ere, herriarena baita. Bere burua sortu eta birsortzeko ahalmena duen herria litzateke. Egun hain dirudi utopiko eta lekuz kanpokoa ezen hurbileko erronketatik aldentzeko erabil daitekeen Estatuari eta kapitalari egunerokoaren birsorkuntza erraztuz. Miseria kolektiboki gestionatzen ahal dugu beraiek guztiaren jabetza mantentzen duten bizkitartean. •