27 SEPT. 2014 «Ustezkokeriak» Maria Gonzalez de Gorosarri Historian lehenengoz, indarkeria sexista jendaurrean salatzeko mugimendua zabaldu da. Ondorioz, hedabideak ere gaitzespen hori ikusgarri egiten hasi dira, baina albisteei jendartearen jite matxista darie. Hasteko, “ustezkokeriak” ohikoak izaten dira. Salaketa bera zalantzan ipintzen duen “ustezko erasoa” esamoldea erabiltzen dute barra-barra, erasoa gauza ziurra izan arren. Erasorik ez balego, albisterik ere ez zegokeen. Hortaz, “ustezko” berbaren erabilera egokia “ustezko erasotzailea” aipatzeko litzateke, epaitu arte, atxilotua erruduna ez delako. Erasoa zalantzan ipintzen duen “ustezkokeriak”, baina, emakumeek ipinitako salaketa faltsuen gezurra elikatzen du. Espainiako Epai Boterearen Kontseilu Nagusiak jakitera eman duenez, 2012an Espainian ipinitako sexu-erasoen salaketen %0’0038 faltsuak izan ziren. Esan gabe doa, horixe delitua dela eta, beraz, Estatuak berak prozesua abiatu ohi duela. Aldiz, salatzen ez ditugun sexu-erasoak zenbatezinak dira. Salaketa faltsuen gezurraren harira, adibidez, aseguru-etxearen kalte-ordaina jasotzeko, salatu eta gertatu ez diren lapurretak, suteak eta abar %10 izaten dira. Hala ere, hedabideek ez dute “ustezko lapurretez” eta “ustezko suteez” hitz egiten. “Ustezkokeriek” sexu-erasoa salatu duten emakumeen sinesgarritasuna zalantzan ipintzen dute: –«Ehunka herritarrek pasa den asteburuan Zarautz eta Getaria artean jazo zen ustezko eraso sexista baten aurka protesta egin dute» (GARA, 2013/03/25). –«Beasainek elkarretaratzea egin du ustezko erasoa salatzeko: Adingabeko batek egin zuen salaketa eta ustezko erasotzailea, 39 urteko gizona, ostiralean bertan atxilotu zuen Ertzaintzak» (Berria, 2014/02/18). –«Investigan una segunda denuncia por presunta agresión sexual en la Semana Grande de Donostia» (Deia, 2014/08/21). Erasotzaileen eskubidea delako, gainerako lege-hausteetan bezala, izen-abizenik ez emateko legezko agindua dago. Epaitu bitartean, gainera, atxilotua “ustezko erasotzailea” izango da. Arazoa sortzen da erasotzaile batek jendarteari arriskua dakarkionean. Horrelakoetan, hedabideek erasotzailea argazkiekin identifikatzen dute: –Dela atxilotu dutelako: «Detenido cerca de Salamanca el presunto asesino del hostelero de Rekalde: A la izquierda, Rufino P.A., presunto asesino de Iván Gómez» (El Correo, 2014/02/19). –Dela Ertzaintza bere bila dabilelako: «La Ertzaintza busca a este hombre como asaltador a una joyería en el centro de Bilbao» (El Correo, 2014/02/03). Behin epaiketan erruduntzat jo eta gero, izen-abizenak ematea eta argazkia plazaratzea ohikoa izaten da... sexu-erasoei buruzko albisteetan kenduta. Erasotzaileak identifikatzea ezinbestekoa da, nortzuk diren jakin dezagun, gure burua defendatu ahal izateko. Jendartearen erdiari mehatxu egiten dioten erasotzaileen argazkirik ez dugu hedabideetan ikusten, hedabideek ez dutelako epaien berririk ematen. Salaketaren uneko albisteak epaiari buruzkoak baino sarriagotan plazaratzen dituzte. Erasotzailea ezaguna denean, ordea, epaiketa bera ere albiste bihurtzen dute, Oscar Pistorius kirolaria, esaterako. Horren antzera, Paul Abasolo Amantegi futbol jokalariak eragindako sexu-erasoengatik bere karrera kaltetuta ikusi zuen. Hiru urteko espetxealdia jaso zuela azaldu zuten hedabideek, bere izena aipatu barik eta argazkirik gabe: –«Condenan a un futbolista a tres años de prisión por tres delitos de abusos: P.A. jugador durangués del Real Unión. (…) El jugador, de 26 años y uno de los futbolistas más reconocidos del Real Unión de Irún» (El Correo, 2010/07/06). Indarkeria sexistak emakume guztiak ditu jomugan. Horregatik, jendartearen erdia mehatxupean bizitzea borrokatzen ez duen kazetaritzak ez dio inori ekarpenik egiten. Datuek egiaztatzen duten emakumeen sinesgarritasuna errespetatzea ezinbestekoa da. Erasotzen gaituzten gizon matxistak identifikatzea, gainera, gure burua defendatzeko baliabiderik eraginkorrena da, bizirik jarraitu guran tematu ei garelako. •