01 NOV. 2014 Harrera, duintasunaren gailurrera igotzeko makulu den elkarte asistentziala Harresiak gorrotatu egiten ditu presoak. Haiekin ohitu egiten da ondoren, beharrezko bihurtu arte kasik. Kartzela ala deserria dira errepresaliatuaren habitat naturalak eta haiek gabe, noraezean dago. Jendartean duintasunez integratzeko ibilbide neketsuan makulu izan nahi du Harrerak eta horretan dihardu. Ongi etorriaren ostean hasten da «maratoia». Oihana Llorente Arretxea Preso zein iheslariek etxetik banantzen dituen distantzia zeharkatzen duten unea zirraragarria da. Deserria eta herria bat egiten duten une horretan bertan, amesgaiztoa lausotzen delakoan gaude, baina sarri ez da hala izaten. Kartzelatik irten bai, baina kartzelaren ala deserriaren itzaletik ezin ihes egin egoten dira asko denbora luzez. «Orduan hasten da maratoia», dio Santos Berganzak. Oraindik ez dira 365 egun igaro askatasuna berreskuratu zuenetik, baina ez du berehala ahaztuko azken urtea. Sufritzea zer den ondo daki amurriarrak, 24 urte eta erdi igaro ditu eta espetxean, sorterritik milaka kilometrora dispertsatuta. Askatasuna berreskuratu ondorengo urtea, baina, «gogorra» dela dio hunkituta, eta halaxe antzeman ere. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina –Parot doktrina gisa ezagunagoa– baliogabetuta berreskuratu zuen askatasuna Berganzak, baita ondoan duen Joseba Artola “Txakur”ek ere. 52 urte ditu bilbotar honek eta 27 urte eta erdi eman ditu preso: «Pentsa, kalean baino denbora gehiago!». «Kontraste handiko herria» Gogoan iltzatuta dute biek aske geratu ziren unea, bai eta senide eta lagunen lehen besarkadak ere. «Hitzekin nekez azaldu daiteke lehen uneetan sentitzen duzuna... Memento horien intentsitateak gainditzen zaitu», dio Artolak sentimenduei hitzak ipintzeko ariketan. Askatasunaren lehen asteak «hodei» batean igarotzen ditu presoak eta inguruko guztiak bere arreta pizten du. Bilboko itsasadarrak kiratsik ez izateak harritu zuen gehien Artola, barrez aitortu moduan. Hodeia lausotu eta preso ohiak lur hartzen duen bitartean, ordea, nahi baino beherago doa presoaren gogo aldartea. Sorterrira itzultzeak eragiten duen poza handia den arren, inoiz ez da hamarkada luzeetan itxaron duten modukoa. «Kontraste handiko» herria aurkitu du Asun Aranak. Hiru hilabete ez dira igaro ozeanoa zeharkatu, eta Euskal Herria berriz bistaratu zuenetik. Ihesaldia, konfinamendua eta deportazioa, horiek atzean utzi dituen lau hamarkaden katebegiak. Hemeretzigarren urtebetetzea ospatzeko apenas izan zuen aukerarik Asunek. Hezten ikusi zuen Arrasateri gero arte esateko tenorea iritsi zitzaion eta urtebetetzearen biharamunean. Gabonetan etxeko suaren bueltan egongo zela sinestuta egin zuen ihes. Lehen Gabon haien ostean, “hurrengo Gabonetan, bai, hurrengotan seguru”, esaten omen zion bere buruari. 40 urte igaro dira ordutik, eta aurten ospatuko ditu estreinakoz etxe giroan. Konfinamendua eta deportazioa 1974 urtean, Franko hil aurretik, hasi zuen Asunek deserrirako bidaia. Ipar Euskal Herria izan zuen lehen aterpe eta bertan jaso zuen, 1975 urtean, Jesus Mari Markiegi bikotekidearen heriotzaren berri. Konfinamendua ere ezagutu zuen arrasatearrak, Yeuko irlara eraman baitzuten beste hamaika errefuxiatuarekin batera. Abila dirudi Arana oroitzapen tristeak erauzi eta ederrak ernetzeko lanetan, eta konfinamenduko pasarte bakarra partekatu du gurekin; José Miguel Beñarán Ordeñana “Argala”rekin ezkondu zen egunekoa. Konfinamendua amaituta, ezbehar gehiago etorri ziren. 1978 urteko abenduaren 21ean, Argalaren heriotzari aurre egin behar izan zion 23 urte besterik ez zituen Asun Aranak. Deportazioak Aljeriara eraman zuen lehenengo, baina ETAk eta Gobernu espainolak bertan hasitako elkarrizketak etenda, hegazkin batean sarrarazi eta Venezuela izan zuen helmuga. 25 urteko egonaldiak aberri ere bihurtu du Venezuela. «Bizitza zor diogu herrialde horri. Harrera ona egin digute eta lan egiteko aukera izan dugu. Chavezen prozesu eder horren parte izateko aukera izan dugu eta hori, guretzat, oso aberasgarria izan da. Oso urte garrantzitsuak izan dira nire bizitzan, beti presente izango ditudanak», dio mende laurden baten bizipenak laburtu nahian. Venezuelarrek etxean bezala sentiarazi duten arren, Aranak ez du sorterria inoiz ahantzi, ezta guregana itzultzeko itxaropena galdu ere. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak urratsa eman zuenean, mundua zeharkatu, eta guregana itzuli da. Haurdun egin zuen Aljeria eta Venezuelako arteko bidaia. 25 urteko semea altzoan ekarri du orain. Erlojuaren orratzen geldiezintasunaren seinale. Amaren habitik ihes egin eta Venezuelan sustraituko zenaren beldurra oso presente izan du Asunek. Zorionez, baina, aukera iritsi denean ama-semeak elkarrekin eman dute herrira itzultzeko pausua. Ausentziak presente Hegazkinak lur hartu zuela ia hiru hilabete igaro arren, Asun ez da oraindik lurreratu. Poliki ari da denbora luzean gordetako emozio guztiak askatzen. Lazkaon hartu du aterpe eta bertako bidezidorretan topa dezakegu maiz. «Herriak asko aldatu dira, baina gure tontorrek hor jarraitzen dute», dio leihotik ihes egiten dion begiradari eutsi nahian. Santosek eta Josebak bezala, ez du inoiz Arrasaten egin zioten harrera goxoa ahaztuko. Hurbildu ahala txaloen burrunbak eragindako zirrara presente du oraindik: «sekulako korapiloa egin zitzaidan, sentimendu piloa nahastu zitzaidan. Poza, noski, baina baita tristura ere, une hura bizitzeko aukerarik oraindik izan ez duten, edo dagoeneko izango ez duten horiengatik». Ausentziak. Lehen begi kolpean sentitzen omen ditu preso ohiak. Hala gogoratzen du Artolak: «Bilbora iritsi, autotik irten eta bildutako jendetzak hunkitzen zaituen arren, hutsuneak ikusten dituzu lehen». Eurak bezala gatibu daudelako, hamarkada hauetan heriotza aurkitu dutelako, edo bizitzaren errotak aurrera egin eta laguntasunak aldatu dituelako. Hutsune horiek betetzea izaten da errepresaliatu ohiaren lehen egitekoa. Santosek esker oneko hitzak besterik ez ditu urte honetan alboan izan eta asteburuetan harat eta honat eraman duten horientzat: «Haiek dira zulotik atera nautenak. Batzuk ez ninduten ezagutu ere egiten, beste batzuk kartzelan ezagutu naute, gutxi dira espetxealdi aurreko lagunak direnak. Baina haiek gabe ez dakit non nengokeen». Galduta. Halaxe daude preso ohiak atera berritan, burua, kanpoan baino, barruan dutelako. Tximeletak behinola zizarea izan zela ahazten ez duen bezalaxe, presoak preso ohia izan behar du lehenengo, ondoren, nahi duena izatera iristeko. Bizitzen ikasi beharra dagoela uste du Artolak: «Kartzelara sartzea bezala da, baina alderantziz», dio. Bizitzako prozesu horretan laguntza ezinbestekoa da. Artolak, umetxoen antzera, neskalagunaren eskutik hartuta igaro zuen lehen hilabetea, «metroa erabiltzen irakatsi zidan, telefonoan aritzen, kalean ibiltzen...», ekarri du gogora. Harrera denen eskura eta ondoan Denek, baina, ez dute beharrezkoa den laguntza hori eskura. Harrera Elkarteak hutsune hori betetzeko bokazioz abiatu zuen bere bidea orain bi urte. Hasieran maldak besterik ez dituen ibilbide neketsuan makulu izan nahi du Harrerak. Fernando Etxegarai arlo admistratibo-juridikoaz arduratzen da eta berak eman digu Harreraren berri: «Orain arte, preso ohiek ingurukoen laguntza izan dute soilik. Horrek guztiak, ekonomikoki hobeto daudenak, lagun talde zabalagoa dutenak, edo bizi diren zonaldea abertzaleagoa denean, integratzeko baldintzak hobetzea ekarri du», bota du hausnarketa moduan. Loteria horren injustiziaz jakitun, nagusiki izaera praktikoa duen elkartea osatu, eta laguntza eskaintzeari ekin zioten. Espetxetik ala erbestetik itzultzean, jendartean egokitzeko eta haien bizitza berria duintasunez eraikitzeko ahalik eta laguntza handiena eskaintzea da Harreraren egitekoa. Zehazki, lau alorretan egiten du lan: juridiko-administratiboa, osasungintza, lana eta asistentzia ekonomikoa. Presoak, askatasuna berreskuratuta, administrazioaren sarean sartu behar izaten dute. Izan ere, nortasun agiria berritzeko, sorospen laguntzaren bat eskatzeko edo Lanbiden ala INEMen izena emateko premia dute gehienek. Ez da samurra izapide horiek betetzea eta burokraziaren amaraunean preso gelditzen direnak ez dira gutxi. Egoera hori ekiditeko, Harrerak aholkularitza eta laguntza zerbitzua eskaintzen die behar dutenei. «Administrazioan nola mugitu behar duten erakusten diegu eta, nork lagundu ez badute, haiekin goaz bulegoetara», dio Etxegaraik. «Izapide hauek egitea ez da kartzelako instantziak betetzea», dio, umorez, Artolak. Aholkularitza eta laguntza Gida baimena ere bada preso ohiek eskuratu beharreko dokumentazioa. Preso hartu ala erbesteratu aurretik atera zutenek hura berritzea besterik ez dute. Horretarako aukera izan ez zutenek, errazagoa dute orain, Harrerak eskura jartzen dien autoeskola sareari esker. Gastu horri aurre egiteko gai ez diren errepresaliatuei gainera, Harrerak berak ordaintzen dizkie klase zein azterketa tasak ere. Estatu espainolak Caracasen duen kontsulatuan eskuratu zuen Aranak pasaporte espainola. Harekin egin zuen Venezuela eta Euskal Herria arteko bidaia. Orain, baina, Harrerarako kideak lagun hartuta polizia espainolaren komisaldegira joan eta nortasun agiri espainola eskuratu du. Esker oneko hitzak besterik ez ditu bidaide izan zuen horrentzat, onartzen duenez errepresaliatu politikoentzat «trago txarra» da komisaldegira joatea. Deserrian egondako errepresaliatuak atzerrian lan egin eta kotizatutakoa nola homologatu aztertzen ari dira orain. Erretiro garaia askori hurbiltzen ari zaien honetan, bereziki kezkatzen dituen kontua da. Asunek, urtebete besterik ez du Estatu espainolean kotizatua eta egun 58 urte ditu. Oraindik ez du lanik aurkitu, baina lortuta ere, ez du kotizaziopeko erretiro pentsioa kobratzeko beharrezkoak diren hamabost urteko kotizazioa lortzeko astirik ere. «Gaztetan halako gauzek ez ninduten apenas kezkatzen, orain, baina, geroari errespetua diot», aitortu digu. Errepresaliatu gehienek antzeko izapideak egin behar dituzten arren, badira hainbat egoera partikular ere. Aranaren semeak, adibidez, gaur gaurkoz ez du nazionalitate espainolik eta beraz, ezta osasun eskubidea bermatuta ere. Era berean, Venezuelan egindako ikasketak homologatu beharrean aurkitzen da. Lan horretan dabil orain semea, amak goxotasunez erakutsitako euskara euskaltegian hobetzen duen bitartean. Osasuna, zaindu beharreko kontua Urte luzeetako espetxealdiaren ostean, osasuna bada zaindu beharreko kontua. Harreraren lehen gomendioa norberaren medikuarengana jotzea da, bertan egiten baitzaie lehen azterketa medikoa. Odol eta gernu analisia egin eta arazo zehatzen bat aurkituz gero, espezialistarenagana bideratzen dute medikuek eurek. Odontologia eta oftalmologia dira, baina, osasun publikoak lantzen ez dituen alorrak. Preso ohiek ikusmenean begi bistako arazoak dituzte. «Nik pareta ikusten nuen lehen, baina orain pareta ez dudanez, ez dut deus ikusten», dio Santosek barrez, betaurrekoak kentzen dituen bitartean. Urteetan zehar zeruertza lau metro koadrokoa izateak, espetxeko itsumena eragiten die presoei. Ikusmen azterketa sakona egin eta beharrezkoak diren neurriak hartzen laguntzeko oftalmologo sarea osatu du Harrerak, eta bertara bideratzen dituzte laguntza eskatzen duten guztiak. Espetxeko elikadura eskasak, gose grebek eragiten duten deskaltzifikazioa eta urteetako jarraipen ezak arazo larriak eragiten ditu presoen ahoetan ere. Urte luzeetan ikusi dituzten dentista urriek gainera, ez dituzte enpasteak gehiegi atsegin eta apenas haginik gabe ateratzen dira preso asko kalera. Odontologia zerbitzuak ez dira merkeak eta, askotan, espetxetik atera berri diren horientzat eskuraezinak dira. Harrerak, behar horretaz jakitun, odontologo sarea ere osatu eta errepresaliatu ohien zerbitzura ipini du. Laguntza psikologikoa Arlo psikologikoko zerbitzua ere eskaintzen du Harrerak. Behar baino gutxiago erabilia, ziur aski. «Barruan laguntzarik eskatu ez badut, nola eskatuko dut orain? Oso, oso, oso gaizki egon behar duzu horretarako», dio Santosek. Baietz dio buruarekin Etxegaraik, eta argi du laguntza eskatzea ez dela kolektibo honen ezaugarrietako bat. «Preso ohiak topatzen dituen arazotxoak egokitze faseari egozten dizkio gehienetan. Batzuetan, ordea, bada zerbait gehiago atzean», dio. Hasieran harresiak gorrotatu egiten ditu presoak. Ondoren, haiekin ohitu egiten da, harresi eta murruak beharrezko izan arte kasik. Presoaren habitat naturala, finean, espetxea da. Bertan bizirauten ikasi dute; kalea, ordea, oso bestelakoa da, ezezaguna, arrotza... «Hainbeste gauza dira hain denbora gutxian, nik negar asko egin dut kalean. Jende pilaketek, altuerek eta espazio irekiek ikaratu egiten zaituzte, abiadura ez duzu kontrolatzen eta batzuetan semaforo bat zeharkatzeko gai ez gara... Kartzelan ez duzu sistemaren aurrean amore eman nahi eta borrokan zaude etengabe. Han dena agintzen dizute, patiora, ziegara, zuk ez duzu deus erabakitzen. Eta kalean, aldiz, inork ez dizu ezertxo ere esaten eta horrek, maila batean, izorratu egiten dizu», dio arabarrak burumakur. Askatasuna berreskuratu zuenetik ez du gau bakar bat ere osorik lo egin. «Espetxean lo seko ematen nituen gauak, baina, orain buruari eragin eta ezinean nabil», aitortu du. Bikotearekin ala seme-alabekin duten harremana da preso ohi askoren kezka iturria, harremanak birsortzea ez baita lan samurra. Santosek bi seme ditu. Lehenak 29 urte ditu eta dagoeneko ez da etxean bizi. Gazteenak 13 ditu eta galdutako denbora berreskuratzen ari dira orain. «Lau urterekin utzi nuen helduena, ez dit inoiz deus leporatu, baina... Txikia eta ni egin gara, kostatu zaigu, baina lortu dugu», dio gazi-gozo. Kartzelan, minez Barruan utzi dituzten euskal preso politikoak ere oso presente izan ohi ditu askatu berriak, eta euren senideak ikusi hutsarekin lur jota gelditzen dira maiz. «Hau ez da bukatu, eta manifestaldietan senideen ilara ikusteak bihotza urratzen dit», dio Santosek hunkituta. Artolaren psikologo onenak barruan utzi dituen kideak izan dira: «Haiei esker biziraun dut barruan. Burua zapalduta eduki genezake, baina pattal xamar ikusten bazintuzten, leihora aterarazi eta goizeko laurak arte edukitzen ninduten barrezka. Zoragarriak dira!». Psikologikoki gaizki ez, baina, apur bat min hartuta badaudela onartu dute biek aho txikiarekin. Ez da gutxiagorako, bi hamarkada luze isolamendua eta jipoia eguneroko ogi diren muturreko egoera batean bizi ostean, ondorioak izatea arrunta da. «Egon zaitezte gutxienez eguneko hogei ordu zuen logelan sartuta. Ez egon 24 urte, astebete nahikoa izango da ohartzeko zer den hori», dio Santosek adibide gisa. Marilo Gorostiagak ere ondo daki zer den hori. 19 urte eman ditu preso eta kartzelako pareten artean jaso zuen bularreko minbizia zuenaren berri lazgarria. Emakumezko euskal preso bakarra zen Logroñoko espetxean eta, hala, bakar-bakarrik, irentsi eta aurre egin behar izan zion gaixotasunari. Bi ebakuntza gainditu ostean, 2008 urtean espetxealdi arinduan ezarri eta etxean igaro ditu kartzelaldiko azken bost urteak. Baikorra da oso Gorostiaga eta berak azaldu bezala, «minbiziagatik hilko ez zela erabaki, eta ziur zegoen horrela izango zela. Pentsa,–azaldu digu algarari ezin eutsita– nire abokatuak zigorra suspenditu eta osatzean bueltatzeko eskatu nahi zuen. Eta nire buruhauste handiena itzuli beharra zen!». 2013ko urrian berreskuratu zuen erabateko askatasuna eta «poliki-poliki aklimatatu» denez, ez zaio bereziki gogorra egin. «Logroñon nengoela ETB ere ikusten nuen, erradioterapia saioak jaso ahal izateko Iruñeako espetxera eraman ninduten, eta hortik etxeko espetxealdi arindura. Goizetan zein arratsaldetan hiru ordu eman nitzakeen kalean eta etsigarria bazen ere, egokitzen lagundu dit», dio azalpen gisara. Iruindarra ez da melodramen zalea eta soilik minbizia gainditu zuela jakinda isuri zituen negar malkoak. Lagunekin terapia saio ederrak eginak ditu ere, baina, Harrerak eskainitako psikologo zerbitzua behin jaso eta emaitzarekin harriturik dago oraindik. «Ez nuen uste korapilorik nuenik, baina, psikologikoak galdera gako batzuk egin eta sekulako lasaituarekin atera nintzen. Zer edo zer banuen hor», dio pentsakor. Gutxi dira baina Marilo moduan laguntza eskatzen dutenak. «Egia esan, eskatzea da bizitzan gehien izorratzen didana. Kartzelan noski egiten duzula, dena eskatzen duzu, lana eman eta izorratzeagatik, baina kalean, ez», dio Santosek. Lan mundua Errepresaliatu ohiak lan munduan integratzea da Harreraren beste egiteko bat. Lana bizi ahal izateko beharrezkoa izateaz gainera, duintasuna berreskuratzeko bidea dela uste du Harrerak. Joseba Artolak ekainean lortu zuen lana, Harreraren laguntzaz, eta goizeko seiretan «zoriontsu» esnatzen dela dio. Begiak blaitzen zaizkio lehen soldata eraman zuen unea akordatzean eta une horretantxe familiarentzako «zama» izateari utzi ziola uste du. «27 urtetan dispertsioak dakarren gastuari aurre egin behar izan diote eta orain, 52 urterekin, dirua etxean eskatzea oso gogorra da», aitortzen du Artolak. Etxegaraik badaki zer den hori eta, preso ohi guztiei diru-laguntza dezenteak emateko aukera balego ere, ez dela inolaz ere kasua, laneratzeak bere biziko garrantzia duela deritzo. 2012 urtean hasi zuen ibilbidea Harrerak oso egoera ekonomiko traketsean, baina hala eta guztiz ere, urratsak eman dituzte. Iaztik hona 62 lanpostu lortu dituzte eta bi norabidetan ahelgintzen dira: lan merkatuko postuak lortzen eta ideia berriekin auto-enplegu dinamikak sustatzen. Harrerak bere lan poltsa propioa du eta eskaera bat jasotzen duen bakoitzean zailtasun gehien dituen errepresaliatu ohiarekin gogoratzen ahalegintzen dira. «Beti, baina, ezin da, merkatuak eskatzen dituen baldintzak betetzera behartzen gaituzte eta», dio Etxegaraik. Edozein lanpostu mota ongietorria dela nabarmendu nahi izan du. «Guk ez diogu ezeri ezetzik esaten, eskailerak garbitzeko ere prest gaude», dio Artolak. Lanik gabeko egunak luze egiten dira. «Espetxean esnatu, gosaldu, patioan korrika egin eta dutxatzerako bazkaldu behar nuen, –ekarri du gogora bilbotarrak–. Kalean baina, eguna askoz motelago doa. Artxandara joaten nintzen maiz, baina harekin aspertu eta Durangora joatea otu zitzaidan, Anboto ingurura. Horretarako, baina, trenerako dirua etxean eskatu behar nuen». Astiak buruari eragitea dakarrela uste du Berganzak eta «hori, beti ona ez dela», gaineratu du. Lan mundua ere zeharo aldatuta aurkitu dute eta dagoeneko «betiko peoia» ez omen da existitzen. «Denerako behar dituzu espezializazioak eta tituluak», dio kexu Artolak. Prestakuntzari ere arreta jarri dio Harrerak. Hala, Lanbidek edozein ikastaro edo lan eskaintza egiten duenean haien berri emateaz gainera, irakasle lanetan jarri dira. Izan ere, ordenagailuekin aritzeko bi ikastaro antolatu ditu Harrerak berak. Curriculum vitae-ak egitekoa bat eta wifiari buruzkoa bestea. Osasun zerbitzuetara bideratzen duten diruaz gainera, badute behar gorrian dauden errepresaliatu ohiei laguntzeko diru poltsa bat. Urte batez, 500 euroko diru laguntza ematen diete bestelako sarrerarik ez duten horiei. 2014ko balantzea egin berri dute eta aurten 23 preso ohiek eskatu dute laguntza hori. Egokitzeko gaitasuna Etxegaraik bere larruan sufritu ditu espetxealdi luzearen ondorioak, baina, Harrera ez da preso ohien elkarte bat. Eskaini nahi duten zerbitzua ahalik eta txukunen eskaintzeko, espetxeko ziegan lor ez daitekeen prestakuntza behar dute gainera. Harrera, beraz, errepresaliatuak duintasunez integratzearen alde lan egin nahi duten ororena da. Egun, Andoni Iturriotzek betetzen du elkarteko zuzendari funtzioa, eta Sebas Barinagarrementeriak diruzainarena. Ainhoa Erkizia idazkaria da eta Jon Ugarte, aldiz, koordinatzailea. Fernando Etxegarai eta Juan Karlos Ioldi arlo administratibo-juridikoaz eta lanaz arduratzen dira, hurrenez hurren. Preso ohiek eta, orain, iheslari ohiek dituzten beharrak bideratu ditu Harrerak, eta bi urte hauetan, zailtasun handiak aurkitu arren, balantze oso positiboa egiten du. Euren laguntza jaso duten errepresaliatuen esker oneko hitzak entzutea besterik ez dago, Harreraren beharra eta funtzioa ulertzeko. «Guretzako izugarria da atera eta hor daudela jakitea», aitortu du Artolak. Bizitzan zailena erabakiak hartzea dela diote askok. Aranak, ordea, ez du hala uste, eta Euskal Herrira ekarri duen hegazkinera igotzea hartu duen erabakirik ederrena dela sinestuta dago. Hamarkada luzeak erabaki gabeko herrialde eta aterpeetan igaro ostean, pozez zoratzen dago sorterrian. «Guk zer edo zer badaukagu, egokitzeko gaitasuna da. Kanpoan ala espetxean egokitu bagara, nola ez gara bada gure sorterrira egokituko?», dio itxaropentsu. ERREALITATEAK IZOZTUTAKO ERRETIRO PLANAk 2012an ekin zion bideari Harrerak, preso ohien uneko egoerarekin eta etorkizunarekin kezkatuta. Unean uneko beharretan laguntzeaz gainera, errepresaliatuen erretiroan lagungarri izan nahi zuen diru poltsa osatzeko asmoa zuen. Kotizaziopeko erretiro pentsioa eskuratzeko, gaur egungo egoeraren arabera, 15 urteko lanaldia kotizatu behar da. Hamarkada luzeak ihesean ala espetxean igaro dituztenek, edo kotizatu gabe lanean aritu direnek, ez dituzte urte horiek kotizatuta eta haientzat 325 euroko erretiro pentsioa aurreikusten du legeak. Baldintza bakarra, 16 urtetatik hasi eta 65era arte, zortzi urtez Estatu espainolean erroldatua egotea da. Iheslari guztiek betetzen ez duten baldintza, alegia. Erretiro pentsioa hobetzeko asmoa zegoen Harreraren sorreran. 2014ko urtarrilaren lehenean, baina, Gobernu espainolak pikutara bota zituen Harreraren aurreikuspenak, preso ohiei legez jasotzea dagokien 426 euroko laguntza ukatu ostean. Espetxetik irten eta baliabiderik ez duten pertsonak gizarteratzeko neurri gisa jasotzen zuten diru laguntza hori 18 hilabetez. Hura ukatuta, baina, premia larrian daude errepresaliatu asko. «Gauzak etortzen diren moduan hartu behar dira, eta, orain horrek du urgentzia– dio Etxegaraik–. Behar duenari hilero 500 euroko diru laguntza ematen diogu». 23 preso dira diru-laguntza jasotzea eskatu dutenak, baina, Etxegaraik egindako kalkuluen arabera, diru laguntza ukatu dioten guztiek eskatu izan balute, 300.000 eurotik gora beharko lituzkete. Gaur-gaurkoz, bi finantzabide ditu Harrerak: bazkideak eta autofinantzaketa. Urtero 60 euroko kuota ordaintzen duten 2.017 bazkide ditu, eta, sanferminetan alokatzen duten tabernarekin zein urtean zehar saltzen duten material eta boletoekin beste 45.000 bat euro lortzen ditu. Orotara, beraz, urteko 170.000 euroko aurrekontua du. Errepresaliatu ohien egungo eta, bereziki, erretiro garaiako bizi baldintzak hobetzeko ezinbestekoa dute diru gehiago eskuratzea, eta euren ahaleginak horretara bideratuko dituzte. Galduta egoten dira preso ohiak atera berritan. Tximeletak behinola zizarea izan zela ahazten ez duen bezalaxe, presoak preso ohia izan behar du, ondoren, nahi duena izateko Hasieran harresiak gorrotatu egiten dituzu. Ondoren, haiekin ohitu egiten zara, harresi eta murruak beharrezko izan arte kasik. Presoaren habitat naturala, finean, espetxea da «Orain arte, preso ohiek ingurukoen laguntza zuten bakarrik. Ekonomikoki hobeto, lagun talde zabalagoa edo bizi diren zonaldearen araberako integratzeko baldintzak zituzten» Lehen asteak «hodei» batean igaro ohi ditu preso ohiak. Hodeia lausotu eta preso ohiak lur hartzen duen bitartean, ordea, nahi baino beherago doa presoaren gogo aldartea Harrera elkartea diruz laguntzeko: Euskadiko Kutxa: 3035 0092 51 0920053599Caja Rural: 3008 0203 88 2564558613Kutxa: 2095 5006 31 1074884684Lanpostuak eskaintzeko:karlosioldi@gmail.com edo 64764 29 54 telefonoa Euskal Memoriak ezkutatuko biktimak argitara ekartzeko egindako lanaren arabera, 1960tik 2010era, 7.000 euskal herritar baino gehiago espetxeratu dituzte eta 2.500dik gora dira errefuxiatutako pertsonak. Harreraren datuen arabera, 400 izan dira lau urteren buruan. 2010-2012an, 137 preso askatu zituzten. Hurrengo bi urteetan, 141. Eta etxera itzuli diren iheslariak ehun bat dira.