01 NOV. 2014 Ebolaren aurkako borroka, AEBek Kubari ezarritako blokeoa atzean uzteko tresnarik eraginkorrena Jose Angel Oria Ehunka osasun langile joan dira Kubatik Afrikako mendebaldera ebolari aurre egitera. Beste horrenbeste datozen asteetan joango dira. Karibeko herrialde txikiak egin du beste inork egiten ez duena, nazioarteko erakundeek onartu duten moduan. «Potentzia medikoa» deitu dio BBC kate britainiarrak herrialde sozialistari, eta azken 50 urteotan egin duen lanaren emaitzak oso onak direla nabarmendu du, arloko adierazle gehienek esaten baitute uharteko osasun zerbitzua herrialde garatuenetan dutenaren parekoa dela. Ebolari Afrikan bertan aurre egiteko Kubako agintariek hartu zuten erabakiak, uharteko milaka osasun langilek bere egin zutenak, sekulako oihartzuna izan du mundu osoko hedabideetan. Kubatarren ahalegina ia bazter guztietan goraipatu dute, baita AEBetan ere, hau da, Karibeko herrialdearen aurkako blokeo ulertezin eta itogarriari eusten dion potentzian. «Kubak, 11 milioi biztanle inguru besterik ez dituen herrialdeak, 165 osasun langile bidali ditu, eta beste 300 bidaltzea aurreikusi du», esan zuen John Kerry AEBetako Estatu idazkariak. Erabakiaren balio politikoa Kubak ebolaren aurka egin duen urratsak balio politiko handia duela ulertu dute berehala aldekoek zein aurkakoek. Hedabide batzuek urrats hori goraipatzen dute, Kubak azken hamarkadotan osasun arloan egin duen lan guztiaren testuinguruan ipinita. Besteek, aldiz, «erregimenaren propaganda eta negozioa» besterik ez dute ikusten, eta kubatar medikuen eta erizainen lanaren garrantzia gutxiesten saiatu dira. Orrialdeotan makina bat komunikabidek argitaratutako iritziak eta informazioak laburbiltzen saiatu gara. Mexikoko “La Jornada” egunkari ezkertiarrak nabarmendu du Kubak ALBA Amerikarako Bolibartar Alternatibako herrialdeen arteko koordinazioa bultzatu duela ebola eremu haietara iritsi ez dadin eta, esanguratsuagoa dena, Venezuelak, Ekuadorrek, Boliviak, Nikaraguak, Haitik, Grenadak, Saint Vincent eta Grenadinek, Dominikak, Antigua eta Barbudak eta Saint Kitts eta Nevisek, Kubarekin batera, izurritearen sorlekura laguntzera joatea erabaki dutela, prebentzio ekintzarik onena delakoan. Kazetak alderatzen ditu herrialde aberatsenak ALBAkoekin. Lehenengoek baliabide ekonomikoak eskaintzeko ere arazoak dituzte eta ebola beren lurraldeetara iritsi ez dadin neurriak hartzen dituzte, besterik gabe. Bigarrenek arazoa errotik konpontzeko urratsa egin dute. «Alderaketak azken hamarkadotan Latinoamerikan eta Karibeko herrietan izan diren aldaketak hobeto ulertzen laguntzen du. Washingtonen sostengua betidanik izan duten oligarkia suntsikor eta zapaltzaileen mendean egotetik, bertako herritarren osasun beharrei jaramonik ez egitetik, munduko osasun arloan zeregin garrantzitsua betetzera pasa dira ALBAko herrialdeak», Mexikoko egunkariak egin duen irakurketaren arabera. Blokeoari egurra Blokeoari ere egurra ematen diote “La Jornada” hedabidekoek. Gogorarazten dute blokeoaren eraginez zientzia trukeak, tresneria berrien eta botiken erosketak eta beste herrialdeekin egin beharreko merkatariza zaildu egiten direla. «Blokeoak ez du bakarrik Kuba kaltetzen. Baita beste baldintza batzuetan egonez gero uhartean negozioak egiten ariko liratekeen AEBetako konpainiak ere. Eta kalteak dituzte, halaber, beste herrialdeetako enpresek, uharteko erakundeekin batera zerbait eginez gero, Washingtongo Gobernuaren mendeku neurrien biktima izango dira eta». Obama presidenteak berak esan du ebolari aurre egiteko herrialde guztiek bat egin behar dutela. Mexikoko kazeta bat dator iritzi horrekin: «Ebola izurriteari aurre egiteko nazioarteko kooperazioa indartu behar izatea aukera ezin hobea da Barack Obamaren Gobernuak, behingoz, Kubaren aurkako blokeo eta eraso politiken inguruan aldaketa esanguratsu bat egin dezan eta, anakronikoa izateaz gain, inmorala, legez kontrakoa, injustua eta mundu guztiarentzat kaltegarria den blokeoari amaiera eman diezaion». «Ebolaren aurkako kubatar medikuak: heroiak, ez martiriak» izenburupean, cubasi.cu webgunean Milena Reciok Afrikara osasun langileak bidaltzeak Mendebaldeko hedabide handienetan izan duen oihartzuna nabarmendu berri du. «Azpimarratzekoa da “The Washington Post” egunkariko Adam Taylor zutabegileak esandakoa, bere iritziz, 11 milioi biztanle besterik ez dituen uharte txikia gaixotasunak kaltetutako Afrikako eremu horren zerbitzu medikoen hornitzaile erabakigarri bihurtu baita», zioen Reciok. Osasun sistema publikoa Taylorrek eransten zuen Kuba herrialde aberatsa ez den arren, osasun zerbitzuak esportatzeko gauza dela osasun sistema publiko eta unibertsalari eusten diolako, «Errepublikako Konstituzioak jasotzen duen moduan». Reciok beste gai korapilatsu bat ere aipatzen du cubasi.cu webgunean, Kubako Estatuak langile horien lanaren truke jasotzen duen diruari dagokiona: «Kubatar 50.000 mediku inguru ari dira lanean munduko 66 herrialdetan, bertako osasun sistemak indartu nahian, batez ere lehen mailako arretan, kasu askotan bertara iristea oso zaila den komunitateetan. Elkartasun tradizio horrek hamarkada asko ditu dagoeneko, baina orain urte gutxi batzuk arte horrek ez dio irabazi ekonomikorik ekarri herrialdeari. Gaur egun, misio horietako batzuk, gero eta gehiago, gobernuen arteko kontratuen bidez antolatzen dira eta horrek irabaziak ekartzen dizkie Kubako Estatuari zein misio horietan esku hartzen duten osasun langileei». Oso irakurketa ezberdina egin dute Habanako Gobernuaren aurkako hedabideek. Esaterako, CubaNet.org webguneak Daniel Guevara Santiagoko San Luis erietxeko medikuaren adierazpenak jaso ditu. Afrikan gaixotzen diren osasun langileak uhartera berriz ez ekartzeko neurria ulertzekoa dela esan ondoren, kutsatutakoen lagunen eta etxekoen sufrimendua nabarmentzen du, diru kontuekin hasi aurretik: «Gainerako medikuei entzundakoaren arabera, nire erietxekoei 5.000 dolar ordainduko dizkiete hiru hilabetean behin. Tankerako kopurua kobratzen dute Brasilen Mediku Gehiago egitasmoan esku hartzen dutenek, Brasileko Gobernuak Kubakoari mediku bakoitzeko hilean 4.000 dolar ordaintzen dionean». «Kuba diktadura bat da» Tankerako jarrerarekin aztertu du gaia elnuevoherald.com webguneak. Habanako agintarien aurkako hedabide horrek Aileen Maria Marty kubatar jatorriko estatubatuar medikuaren hitzak jaso ditu: «Hau ez da kontu politiko bat, kontu medikoa baizik. Badakigu propaganda egiteko erabiltzen dituela medikuak Kubak baina, aldi berean, mediku horiek sekulako lan humanitarioa egiten dute makina bat herrialdetan». Aileen Maria Martyren arabera, Kubak gaitza uhartera ez iristea nahi du «eta, diktadura bat denez, muturreko neurriak hartzeko moduan dago. Gaiari ikuspuntu mediko soil batetik erreparatuz gero, neurri horiek zentzudunak dira, baina ikuspuntu humano batetik begiratuta ezin da gauza bera esan». Bestalde, hedabide berean idatzi dute «baieztatu gabeko informazioen arabera» Kubako medikuek soldata altua izango dutela eta, gainera, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) kontratatutako aseguruak izango dituztela eta, zerbait gertatuz gero, onuraduna Kubako Estatua izango litzatekeela. OMErekin lan asko egin duen Martyk zuzentzen die «berria» webgunekoei, bere kasuan onuradun bakarra bere familia zela argituz. Cubainformacion TV hedabideak ere aipatu du Kubak bere medikuen lanaren truke jasotzen duten dirua. «Kubako medikuak 66 herrialdetan ari dira lanean, baina horietako 26k baino ez dituzte ordaintzen zerbitzu horiek, eta beste kasu guztietan, herrialde pobreenetan, Habanak bere gain hartzen ditu gastu guztiak. Bestalde, atzerrira horrenbeste mediku bidalita ere, bere lurralde propioan sendagile gehien dituzten herrialdeen sailkapenean lehen postuan jarraitzen du uharteak». Kubak bidalitako osasun langileen gaitasunari buruzko eztabaida ere sortu da. “The Wall Street Journal” AEBetako egunkariak idatzi du Sierra Leonara joan aurretik Kuban bertan egindako prestakuntza ikastaroan oso kezkatuta zebilela OMEk bidalitako aditua, kubatarrak elkar ukitzen ikusten baitzituen eten gabe, bostekoa ematen eta sentimenduak kontaktu fisikoen bitartez adierazten, ebola kontaktuen bidez kutsatzen dela kontuan hartu gabe. Prestakuntza eta gaitasuna Kubako Martinoticias hedabideak Pedro Kouri Medikuntza Tropikaleko Institutuko zuzendari Jorge Perez Avilaarekin hitz egin du gaia aztertzeko. Perezek dio osasun langileek prestakuntza egokia jaso dutela, OMEko eta MGM (Mugarik Gabeko Medikuak) erakundeko adituen eta uharteko medikuen laguntzarekin. Ebolaren aurkako jantzi bereziak nola jarri eta nola erantzi irakatsi zaie langileei, horri buruzko bideoak eskainita. Gainera, Afrikara iristean, beste hamabost eguneko ikastaro bat egiten dute. Floridako elnuevoherald.com webgunearen arabera, CNN AEBetako telebista katea izan da mediku horien entrenamendua egiten den lekua bisitatzeko aukera izan duen nazioarteko hedabide bakarra, eta hori bera ere esanguratsua da. Osmany Rodriguez erizaina Habanako institutu batean eskainitako prestakuntza ikastaroan zegoen CNNkoak bertaratu zirenean. «Beldurra izatea ez da arazoa, gaixotasun honen aurka gehiago babestera eramango gaitu eta. Egunero egin beharko ditugun lan horietan erabat seguru gaudela pentsatzea arrikutsuagoa da beldurtuta egotea baino», adierazi zion Venezuelan eta Zimbabwen ere lanean aritutakoa den Rodriguezek Patrick Oppmann CNN kateko kazetariari. AEBetako telebista horrek Jose Luis Di Fabio Osasunaren Panamerikar Erakundeko adituaren hitzak ere jaso ditu: «Kubak eskaini duen jarraibideak Afrikako mendebaldera lanera joateko beldurra kentzen laguntzea espero dugu. Jendeak horrenbesteko beldurrik ez balu, agian, Afrikako herritarrei laguntza emateko erronka errazago onartuko luke». «Fidel Castrok, arrazoi osoa» “The New York Times” egunkariak bat egin du Fidel Castro Kubako presidente ohiarekin eta hori ere ebolaren aurkako borrokak eragindako efektu harrigarrien artean kokatu behar da. «“Granma” Kubako Gobernuaren egunkarian argitara eman duen zutabe batean, Fidel Castrok dio AEBek eta Kubak albo batera utzi behar dituztela beren arteko liskarrak, tarte baterako besterik ez bada ere, mundu osoa mehatxatzen duen fenomenoari aurre egiteko. Arrazoi osoa dauka», irakur zitekeen New Yorkeko egunkariko editorial batean. «Kuba uharte pobre bat da eta isolatu samarra dago. Ebola kezkatzeko moduko abiaduran hedatzen ari den Afrikako herrialdeetatik 7.000 kilometrora dago. Hala ere, izurritearen erdira ehunka mediku eta erizain bidaltzeko konpromisoaren eraginez, birusaren hedapena gerarazteko lanean ari diren herrialdeen artean bera izan daiteke azkenean zeregin garrantzitsuena izango duena. Kubak egin duen ekarpen ikaragarria, zalantzarik gabe, munduan duen estatusa hobetzeko ahaleginen artean ipini behar da. Hala ere, txalotu eta imitatu egin behar da bere ahalegina», dio New Yorkeko kazetako editorialgileak. Ebolaren aurkako borrokan ehunka osasun langile kutsatu direla gogorarazi ondoren, «Afrikako mendebaldeko medikuek nazioarteko laguntza behar» dutela nabarmentzen du. Normalizazioaren onurak «Tamalez, ebolaren aurkako borrokan baliabide finantzario gehien jarri duen Washingtonek ez du harreman diplomatikorik Habanarekin. Tamalgarria da, Kubak egin beharko duelako borroka horretako lanik erabakigarriena. Kasu honetan, etsaitasunak heriotza eragin dezake, bi hiriburuek ez baitute beren ahaleginak koordinatuko dituen tresna egokirik. Obamaren administrazioak ulertu behar du Kubarekiko harremanak normaltzeak kalte baino onura gehiago eragiten dituela». “The New York Times” egunkariak adibide baten bidez azaltzen ditu estatubatuarren eta kubatarren arteko balizko kooperazioaren onurak. Gogora dakar aseguru konpainia gehienek oso garbi esan dutela ebolak kutsatutako pazienteak beren herrialdeetara eramateko prest ez daudela, eta modu seguruan eramateko propio prestatutako hegazkinak behar direla. Editorial egilearen iritziz, zentzuzkoa eta «erruki kontua» da Pentagonoak laguntzea kubatarrei: osasun langileren bat kutsatuz gero, Liberiako hiriburu Monrovian eraikitako erietxeko zerbitzuak eta gaixoen ebakuaziorako hegazkinak eskainita. «Atzerrira horrenbeste mediku bidalita ere, bere lurralde propioan sendagile gehien dituzten herrialdeen sailkapenean lehen postuan jarraitzen du uharteak», Cubainformacion TV hedabideak esan duenez. «Kubak, 11 milioi biztanle inguru besterik ez dituen herrialdeak, 165 osasun langile bidali ditu, eta beste 300 bidaltzea aurreikusi du», esan zuen John Kerry AEBetako Estatu idazkariak. Habanaren arabera, Kubak 461 osasun langile bidaliko ditu Sierra Leonara, Gineara eta Liberiara. Kubak atzerrira osasun langile asko bidaltzen baditu ere, uhartean bertan eskaintzen duen zerbitzua munduko onenetakoa da: haurren heriotza tasa AEBetakoa baino txikiagoa da, eta bizi itxaropena (79,4 urtekoa) Latinoamerikako altuena da, Europako herrialde askotakoa baino hobea. Kubako 50.000 mediku inguru ari dira lanean munduko 66 herrialdetan, bertako osasun sistemak indartu nahian, batez ere lehen mailako arretan, kasu askotan bertara iristea oso zaila den komunitateetan.