13 DéC. 2014 Mapa handietan kabitzen ez diren haur txikiek eta herri txikiek kontatutako mundua Munduan kultura asko eta desberdinak daudelako; denak direlako interesgarriak eta zaindu beharrekoak; eta kultura denek dutelako elkarri zer erakutsi eta elkarrekin zer ikasi. MunduKOloreak mapak ideia horiek itsatsi nahiko lituzke haurren logeletako paretetan. Datozen abenduaren 20an eta 21ean salduko da GARArekin batera. Amagoia Mujika Telleria Durangoko Azokan GARAren postuan zer edo zer erosi zutenek oparitan eraman zuten etxera MunduKOloreak mapa, haurrentzako munduko herri eta kulturen mapa (100x70 zentimetrokoa). Durangokoa hitzordu jendetsua izaten da, iskanbilatsua tarteka, eta maiz eskuak faltan izaten dira nahi den guztia eskuratzeko. Hartara, MunduKOloreak mapa GARArekin batera salduko da datozen abenduaren 20an eta 21ean ohiko saltokietan sei eurotan. «Munduak handientzat bakarrik pentsatu zituen eskubideak, baina haur txikiek eta herri txikiek ere altxatuko dituzte beren koloretako esku libreak», dio “Munduko koloreak” abestiak. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek kantatzen dute eta Amets Arzallus bertsolariaren hitz zoragarriak jasotzen ditu aipatu abestiak. Ba hortik asko dauka MunduKOloreak mapak, hain juxtu munduko toki desberdinetako haurrak baititu protagonista. Kontinente bakoitzean bizi diren herri eta kulturen adibide haurrak hartzen ditu, eta neska-mutikoen bikote desberdinen bidez ematen du munduaren berri. Arrazak, janzkerak, ohiturak, paisaiaren inguruko erreferentziak, ondarearekin zerikusia dutenak... modu desberdinean kontatzen du mapak munduko haurren berri. Kultura asko eta desberdinak daudelako; denak direlako interesgarriak eta zaindu beharrekoak; eta kultura denek dutelako elkarri zer erakutsi eta elkarrekin zer ikasi. Maparen helburua da ideia horiek itsastea MunduKOloreak mapa beren logeletako paretan itsasten duten haurren mundu ikuskeran. Guztira 50 bikote daude, asko herri txikietakoak, normalean mapa handietan agertzen ez diren kulturetakoak. Honakoak, Amerikan: inuitak, quebectarrak, siuxak, estatubatuarrak, afroamerikarrak, aztekak, kubatarrak, maiak, yanomamiak, brasildarrak, kitxuak, maputxeak eta gautxoak. Europan; euskaldunak, katalanak, eskoziarrak, tiroldarrak, grekoak, samiak eta errusiarrak. Asian; palestinarrak, kurduak, arabiarrak, persiarrak, kazakhak, paxtuak, mansiak, jakutak, mongoliarrak, tibetarrak, indiarrak, nanaiak, txinatarrak, khmerrak eta japoniarrak. Afrikan, berriz, hauek: berbereak, sahararrak, tuaregak, mandingak, nubiarrak, somaliarrak, bantuak, kongoarrak, masaiak, himbak eta zuluak. Eta, azkenik, Ozeanian, papuarrak, aborigenak, australiarrak eta maoriak. Eider Eibar ilustratzailea Mundua ikusteko modu koloretsu eta atsegin horren atzean Eider Eibar ilustratzailearen begirada eta lapitza daude, bereak baitira ilustrazioak. Oso gustura egindako lana dela esan digu, baina aitortu digu une garratzak ere izan direla tartean. «Ikerketa lana egin behar izan dut toki bakoitzeko haurren ezaugarrien berri jasotzeko; itxura fisikoari, janzkerari eta egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa. Eta une batzuetan lana oso gogorra izan da, munduko zenbait tokitan ia ezinezkoa baita haurren ereduak topatzea. Gerra eta zapalketa topatzen nituen; haur armatuak edo haur hilak topatzen nituen. Toki batzuetan oso zaila izan da haurrak haurren ekintzak egiten topatzea. Barrena mugiarazi dit horrek, tristatu eta amorratu egin naiz askotan. Horregatik, ozen aldarrikatu beharko genuke haurrek haur izateko eskubidea izan behar dutela munduko txoko guztietan», kontatu digu Eibarrek. Eta helburu horixe ere badu MunduKOloreak mapak, hemen eta han haurrek haur izateko duten eskubidearen aldarrikapen koloretsua izan daiteke.