27 DéC. 2014 Sua eta ura, belaunetik behera Pasai Trintxerpen urte hasiera bortitza izan zuten, suak berrogei familiatik gora beren etxeetatik bota baitzituen. Gero, urtarrila itsasoari begira hasi eta bukatu genuen, denboraleak txikizioa ekarri baitzuen. Esaerak dioen bezala: sua eta ura, belaunetik behera. Amagoia Mujika Urtea goizegi hasi zen Pasai Trintxerpen. 2013a agurtzeko denborarik gabe, 2014 berria gainera erori zitzaien Euskadi etorbideko 5., 7., 9., 11. eta 13. atarietako bizilagunei. Norbaitek urte berriaren hasiera ospatzeko jaurtitako bengala bat eraikinaren teilatura iritsi eta sute ikaragarri bat piztu zen. Berrogei familiak baino gehiagok arrapaladan utzi behar izan zuten etxea, urte zaharraren ospakizun bete-betean. Eta horrela hasi zitzaien 2014. urtea, kiskalita. Egun batzuen buruan, bizilagunetako batzuek beren etxera bueltatzeko modua izan zuten, baina beste asko beste etxebizitza batzuetara bideratu zituzten, kalteak larriak ziren kasuetan suak irentsi baitzuen guztia: altzariak, paretak, oroitzapenak eta bizitza txatalak. Kasik sutea itzali orduko martxan zen SOS Pasaia Trintxerpe plataforma, kaltetutakoei laguntza, babesa, aholkularitza eta unean-unean behar zuten guztia emateko. Elkartasuna sugarretatik libratu zen, eta askotariko ekintzak antolatu ditu plataforma horrek urtean barna. Etxeko epelean zegoena bat-batean etxerik eta epelik gabe ikusteak norberaren baitan burrunba baitakar. Sua eta ura, belaunetik behera «Sua eta ura, belaunetik behera», dio esaerak, jakintsu. Urtea sute ikaragarri batekin hasi eta egun batzuetara urak sortu zuen egonezina. Urtarrila hasi eta buka, itsasoari begira egin genuen, itsas enbata ikaragarriak Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldea gogor jo baitzuen. Bizpahiru astetan, Kantauri itsasoa haserre eta bortitz agertu zen. Euskal kostan eragindako txikizioak 17 milioi eurokoak izan ziren. Hori alde gaziena. Beste aldean, inoiz ikusi gabeko irudi zoragarrien ilara, natura zeinen basatia eta askea den gogorarazten dutenak. Denboralea apartekoa zen edo ez eztabaida bolo-bolo zabaldu zen taberna, igogailu eta komunikabideetako hizketaldietan. Baina fenomenoaren ezaugarriek ez zuten interes berezirik eragin itsasoaren erritmo eta indarrak neurtzen dituzten ikerlarien artean. Euskal Herriko kostaldeko hainbat eremu astindu zituen denborale sorta hainbat fenomenoren «kointzidentzia» baino ez zen izan. Azti-Tecnaliako ikerlariek aditzera eman zutenez, urte hasierako fenomenoa ez zen apartekoa izan urte sasoi horretarako. Olatuek haizea ere alde izan zuten eta horren ondorioz, Kantauriko kostara beste batzuetan baino zuzenago eta indar handiagorekin sartu ziren. Bestetik, denboraleak urteko itsasgora bizienarekin bat egin zuen eta horregatik izan zuen halako eragina. Adituen arabera, beraz, kointzidentzia izan zen, «olatuen altuera handiak itsasgora hain altuarekin bat egiteko aukerak ez baitira handiak». Eguraldiarekin lotutako edozein fenomeno azken urteetan horrenbestetan aipatu den klima aldaketarekin lotzeko joera dago. Azti-Tecnaliak dioenez, ikerketa askok adierazi dute etorkizunera begira denboraleak ugaritzeko aukera izan badela. «Klima aldaketak denborale kopurua eta intentsitatea igoko dituela esan da, baina aldaketa hori epe luzera gertatuko da, gertatzekotan». Itsasoaren mailak gora egingo balu –horixe jaso zuen Azti-Tecnaliak egindako ikerketa batek–, halako itsas denboraleen ondorioak are eta larriagoak izango lirateke. Aipatutako eszenatoki horiek, ordea, aurrera begirako aurreikuspenak baino ez dira. Urtarril-otsaileko denboraleak ekaitz ziklo baten ondorio izan zirela azaldu zuten Azti-Tecnaliako adituek, eta aurretik izan zirela pareko zikloak. 2007, 2008 eta 2009. urteetan, bereziki, denborale mordoa pilatu zen, aurtengoak baino bortitzagoak. Horregatik, herritarrek azkenaldikoak bezalako denboraleak ez dituztela inoiz ikusi esaten dutela aipatzean, umorez zehaztapen hau egiten dute adituek: «Batzuetan, memoria ez da oso fidagarria izaten eguraldi kontuei dagokienez. Duela gutxi gertatutako fenomenoak gogoratzeko eta harritu gintuzten beste batzuk baino gogorragoak izan zirela sinetsi eta esateko joera dugu». Memoria baino hobe, hemeroteka 2008. eta 2009. urteetako hainbat datu aipatu zituzten, zehazki, 2008ko martxoaren 11koak eta 2009ko urtarrilaren 24an gertatu zen “Klaus” izeneko ziklogenesiari dagozkionak. Azken denborale horretan, esaterako, Matxitxakon kokatutako kanpoko buian, 21,5 metroko altuera maximoa zuten olatuak erregistratu ziren, baina kostaldean izan zuen eragina ez zen 2008koa adinakoa izan, besteak beste, marearen ibilbidea, hau da, itsasgora eta itsasbeheraren arteko aldea, baxuagoa izan zelako: «2008koa da txikizioei dagokienez gertuen daukagun erreferentzia, nahiz eta azken hauetan izan direnak baino apalagoak izan ziren», zehaztu zuten adituek. Hemerotekei erreparatuta, itsas denboraleak aintzat hartuta, 1930, 1965 eta 1978 dira erreferentzia gisa hartzen diren beste hiru urteak. Garai haietako datu zehatzik ez dago –datuak orain hogeita bost urte hasi ziren jasotzen eta orain dela hamar urte zehaztasun eta jarraitutasun handiagoarekin–, baina 1965eko kroniken arabera, olatuak Groseko auzoan barrena zabaldu ziren eta etxeetako atari eta denda ugari urez gainezka utzi zituzten. Aurten itsas bazterrean eragin dituen kalteei dagokienez, adituek aipatu dute halako denboraleak jasateko «hobeto prestatu» gintezkeela. «Jada badakigu gisa honetako denboraleetan olatuek zein leku jotzen dituzten gogorren; horietan olatuak hartzeko prestatuta ez dauden kaleko altzariak, barandak edota dekorazio elementuak jartzeko joera izaten da», nabarmendu dute. Itsasoari ateak jartzeko aukerarik gabe, herritarren segurtasuna bermatzeko modurik egokiena aipatutako elementuak baztertzea da: «Gero eta gehiagotan kentzen dira elementu horiek, modu eraginkorrean, baina oraindik ere haiek eragiten dituzte kalte gehienak». Aurrera begira, gisa horretako fenomenoek sortzen dituzten kalteak saihesteko plangintza zehatzen beharra nabarmendu zen itsasoa baretu orduko. Ikasiko ote genuen zer edo zer?