07 FéV. 2015 Selfikrazia Ander Izagirre - @anderiza Kazetaria Ez dut gustuko gailurretan bozkarioz zoratzea. Ba al zenekien ez dagoela Edmund Hillary 1953an lehenengo aldiz Everesteko tontorrera igo zeneko argazkirik?», Nives Meroi alpinista italiarraren hitzak dira, Erri de Lucak idatzi zuen «Sulla traccia di Nives» liburukoak. «Hillaryk kamera bat zeraman eta tontorrean Tenzing Norgay sherpari argazkia atera zion, inguruko mendien irudiak hartu zituen, baina ez zion Tenzingi eskatu argazki bat atera ziezaion. Ez al da deigarria? Niretzat, atera ez zuten argazki hura da argazkietan ederrena, egindako lanari lehentasuna ematen diona, eta ez lanaren egileari. Metro eta laurogeita hamabi zentimetro neurtzen zituen zeelanda berritar hezurtsu hark ez zuen bere buruaren argazkirik nahi izan, Everesteko tontorrera iritsitako lehenengo gizakiak bihurtu zirenean. Hori, niretzat, irakaspen handia da». Himalaiara joaten ziren lehenengo espedizioek asteak behar zituzten berriak bidaltzeko: menditik jaitsi, oinarrizko kanpalekuan testuak idatzi eta mezulariei ematen zizkieten, haraneraino korrika joan eta telegrafoz bidal zitzaten. Himalaiara joateko eta Himalaiatik itzultzeko, hilabeteak pasatzen zituzten barkuz, trenez, oinez, denbora soberan zuten pentsatzeko. Eta bide haietatik mendiko literaturaren maisulanak etorri ziren, mantso, luze. Egungo espedizioek berehalako mezuak bidal ditzakete eta askotan emozio eztandak besterik ez dira. Gogoeta mantsoak landu gabe, nahikoa da oihua. Esperientzia bat osorik bizitzeko eta sakon dastatzeko gai al gara orain, erakusteko eta zabaltzeko premiagatik esperientzia hori eten gabe? Manifestazio jendetsua antolatu zuen aurreko larunbatean Podemos alderdiak Madrilen. Pablo Iglesiasek arrazoi berezi bat azaldu zuen deialdia zabaltzeko: «Ez dugu ezeren kontra protesta egin nahi, ez diegu ezer eskatuko, denbora agortzen ari zaiela eta herri honek Gobernu duin bat merezi duela esango diegu bakarrik. Urtarrilaren 31ko martxa argazki historiko bat izango da, seme-alabei, bilobei erakusteko modukoa. Zatozte manifestaziora eta etorkizunean ‘ni han izan nintzen’ esan ahalko duzue». Lekuetara joan, han egon zinela kontatzeko. Azkarra da Pablo Iglesias, gure garaiko joeraz jabetzeko: argazkia ez da honezkero gertakaria memorian gordetzeko modua, argazkia bera da gertakari. Alferrik da inon egotea, argazkirik ez badago. Alferrikakoa da ekitaldi bat, atze-oihal bezala ez badu balio, jendeak bere buruaren argazkiak atera ditzan. Roberto Valencia kazetari gasteiztarrak, duela urte askotatik El Salvadorren lan egiten duenak, hauxe aipatu zidan gai honen harira: «El Salvadorreko 1992ko bake itunaren argazki historikoaz testu bat idatzi nuen, eta berrargitaratzen dugun bakoitzean, komentario mordo bat uzten dituzte ‘ni egun hartan han nengoen’ esateko». Esango nuke 1992tik aurrera egoak aurrera egin duela nabarmen. Lehen planoraino. Orain, argazki historikoa guk geuk hartutakoa dela sinetsi nahi dugu. Ekitaldi historikoa atze-oihala da gure egoa aurrean jartzeko. Agian kontua puzten ari naiz. Baina ez gehiegi. Grazia egiten dit hainbat jendek Facebooken irudi berezi, deigarri, interesgarriak jartzeko duen moduak: «Begira, ostruka bat ikusi dugu parkean!». Eta argazkian tipoa bera agertzen da, lehenengo planoan, kamerari begira, irribarre eginez, eta atzean, iskin batean, ostruka. Egoa ebaki bagenio, ez zen txoririk izango. • www.anderiza.com