14 FéV. 2015 Teklatu adimentsuak? Olatz Perez de Viñaspre Garralda EHUko Informatika Fakultateko ikerlaria Azken urteetan telefono adimentsuen erabilera ikaragarri pilo igo da gure artean eta honek gure arteko harremanetan eragina izan du. Telefono mugikorren merkaturatzea jada erreboluzio bat izan zen alorrean, eta SMSek komunikatzeko bide berri bat ireki ziguten. Mezu labur hauek gazteen harremanetan izan zuten arrakasta bereziki, eta SMSek karaktere kopuru maximo finkoa izanik, karaktere gutxi batzuekin mezu ahalik eta zabalenak idazten ziren, hizkuntzen ortografia eta arauak kasu gehienetan erabat alboratuz. Hizkuntzena diot (pluralean), izan ere, hizkuntzen arteko nahasketak laburtzapen oso bitxiak sortu zituen gure gizarte elebidunean. Adibidez, “2” zenbakiaren gaztelaniazko eta euskarazko adierekin ordezkatuz euskarazko hitzen laburdurak idatz litezke: “a2”, “ados” laburtzeko; eta “2ar”, “bihar” hitza sortzeko. Dena dela, hitzen adierazpenean ez ezik, idazteko moduan ere teknika berria ekarri zuten SMSek: telefonoaren zenbakizko teklatu murritzarekin mezu osoak idatzi beharra (hamabi botoi denera). Idazketa teknika honek hatz lodia bakarrik erabiltzeko aukera ematen du, eta trebeenek begiratu gabe idazteko abilezia ere garatu zuten, abiadura handiz idaztea lortuz. Baina 90eko hamarkadan sortu eta zabaldutako joerak smartphone edo telefono adimentsuen ugalketarekin topo egin zuen. Gehien zabaldu diren telefono adimentsuak ukimen pantaila dutenak izan dira (Android eta iPhone gailuak) eta hauetan ez da teklatu fisikorik egoten. Gailu hauek ukimen pantailan QWERTY motako teklatua (gaur egun ordenagailurako gehien zabaldutako teklatu mota) pantailaratu egiten dute lehenetsirik, eta honek ordenagailuko teklatuaren funtzionamendu antzeko dauka. Baino jakina, teklatu hauek hain txikiak izanik, hatz bakarrarekin edota birekin tekla guztiak jo beharrean aurkitzen gara, idazteko denbora areagotuz, eta baita akatsak egiteko aukerak ere. Telefono adimentsu hauek, adimentsuak diren heinean, idazketa akats hauek zuzentzeko aukera eskaintzen dute, eta aukera hau lehenetsirik aktibatuta etortzen da. Baina, nori ez zaio gertatu “naiz” idaztera joan, eta telefonoak “maíz” idatzi diola? Edota “baina” beharrean, “vaina”? Horrelako adibide barregarri bezain deseroso ugari etorriko zaizkizue burura, eta “telefono adimentsuak” baino “telefono zirikatzaileak” izendatu beharko genituzkeela uste duenik ere badago gure artean. Aurreko adibideetan, hizkuntza inkoherentzia baten aurrean gaudela agerikoa da, erabiltzaileak euskaraz idatzi, eta telefonoak gaztelaniako hiztegi baten kontra egiten baitu zuzenketa. Horrela, beharrezkoa ez den zuzenketa bat eginez, okerreko hitza itzultzen du. Hortaz, idazketarako hizkuntza zuzen aukeratuz gero, telefonoak ere zuzenketak zuzen egingo ditu. Baina, telefono guztiek eskaintzen al dute euskarazko zuzentzailerik? Bada, ez. Zuen telefonoak ez badu euskara sarrera hizkuntza gisa gehitzeko aukera ematen, gaur egunean hamaika teklatu-aplikazio daude sarean eskuragarri euskararentzat ere zerbitzua eskaintzen dutena (batzuk dohainik ere). Badira teklatu horien artean biziki interesgarriak direnak, idazketa denborari begira batik bat: arrasto-teklatuak. Teklatu hauen berezitasun nagusia idazketa modua da, hitz bat letra bakoitza ukituz idatzi beharrean, hatza letra batetik bestera arrastaka eramanaz idazten baita, hitz bakoitza idazteko hatza altxatu gabe. Gaur egun merkatuan hainbat arrasto-teklatu aurki daitezke Android gailuentzat zein iPhonentzat, eta zabalduenak Swype, Fleksy edo Swiftkey dira. Teklatu hauek ezaugarri gehienak antzekoak badituzte ere, Swype eta Swiftkey-k bakarrik eskaintzen dute euskararentzat zerbitzua, eta, Swype teklatuaren kasuan, aldibereko bi hizkuntzen konbinaketa ere onartzen du, testu eleanitzen idazketa bermatuz. Ikus dezakezuenez, telefono adimentsu deritzen gailuak, benetan adimentsuak diren aukerak ematen dizkigute gure eguneroko idazketan laguntzeko, norberaren hizkuntz eskakizunei egokituak gainera. Jakin-minari hegan egiten utzi, eta teknologiaren bitxikeria honi aukera bat eman! Ez zarete damutuko! •